1. Sarrera

Lurralde lehiakortasunaren analisia garrantzitsua da gizarte eta ekonomia garapenari lagunduko dioten politika egokienak identifikatu eta abian jartzeko. Merkatu globaletan enpresak, eta ez lurraldeak, lehiatzen diren arren, enpresa horien kokaleku diren herrialdeek, eskualdeek eta hiri edo udalerriek enpresei beren lehiatzeko gaitasunean eragiten duten elementuetako asko ematen dizkiete. Hain zuzen ere, enpresen eta ingurunearen arteko elkarreraginak sortzen du berrikuntza, aberastasuna eta, azken batean, ongizatea. Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunaren analisi honen helburua da ulertzea zerk baldintzatzen duen bertan kokatuta dauden enpresen lehiatzeko eraginkortasuna, horrela, ekonomia eta gizarte balioa sortzeko. Lehiakortasuna, hortaz, ez da helburua, baizik eta herritarren ongizatea lortzeko bitarteko bat, bai eta Nazio Batuek erabakitako eta Eusko Jaurlaritzak bere egindako Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko palanka gako bat ere.

Lehiakortasunaren diagnostikorako esparruak gizarte eta ekonomia elementuak hartzen ditu kontuan

Gizarte eta ekonomia elementu esanguratsuenen bateratze hori 1 Irudian jasotzen da. Hain zuzen ere, lehiakortasunari buruzko diagnostiko hau esparru horren arabera egituratu dugu. Esparrua Orkestrak garatu zuen, European Cluster Observatory proiektuaren barruan. Eta Orkestrak Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunari buruz 2011z geroztik egin dituen Txostenetan erabili da. Era berean, beste lurralde batzuetako lehiakortasuna aztertzeko ere egokitu da. Irudian ikus daitekeen bezala, esparrua lau mailatan antolatzen da, eta maila horietan kokatzen dira lurraldearen lehiakortasuna baldintzatzen duten faktoreak.

1 Irudia. Eskualdeko lehiakortasun esparrua.
Ilustración 1 Marco de competitividad regional
Iturria: Geuk egina.

Maila gorenean azken helburuakjasotzen dira, herritarren ongizateari dagokionez, lortu nahi diren emaitza adierazleak. Horien artean daude adierazle ekonomikoak, esate baterako, biztanleko errenta, baina baita beste elementu zabalago batzuk ere, gizarte kohesioarekin lotutakoak.

Ondoren, bitarteko emaitzen adierazleak azaltzen dira. Ez dira eskualdeak lortu nahi dituen azken xedeak, baina garrantzitsuak dira azken emaitza horiek lortzeko. Enpleguari, produktibitateari, berrikuntzari eta kanpo merkataritzari lotutako adierazleak daude horien artean.

Lehiakortasunaren baldintzatzaileetan izan dezakete eraginik argiena politikek

Hirugarren mailan lehiakortasunaren baldintzatzaileak daude, hau da, goragoko bi mailetako emaitzetan eragina duten elementuak. Maila honek garrantzi berezia du, elementu horiengan izan baitezakete eraginik argiena politikek. Baldintzatzaileak hiru kategoriatan biltzen dira: enpresen portaeraren ingurukoak; lurraldearen espezializazioaren eta klusterren ingurukoak; eta enpresa ingurunearen kalitatearen ingurukoak. Azken kategoria horretan jasotzen dira Porterren diamantearen (1990) ardatzetako hiruri lotutako alderdiak: lurraldeko ekoizpen ‘faktoreen’ kalitatea, lurraldean dagoen ‘eskaria’ eta enpresen ‘estrategia eta aurkakotasuneko testuingurua’.

Azkenik, esparruaren oinean, oinarriek lurraldeko hainbat ezaugarri biltzen dituzte, lehiakortasunean eragina dutenak, baina, epe ertainera behinik behin, emantzat hartu behar ditugunak (lurraldearen kokapena, natur baliabideak, eskualdearen tamaina, erakundeak...).

Diagnostikoak erakutsiko du zein den adierazle bakoitzaren balioa, Europan eskualde mailan datuak eskuragarri dauden azken urterako. Gainera, aurreko urtearekin alderatuta izan duen bilakaera ere azalduko dugu, adierazleak bilakaera positiboa edo negatiboa duen jakin ahal izateko. Nolanahi ere, adierazleen bilakaera joera globalen ondorio izan daiteke. Horregatik, garrantzitsua da analisi alderatu bat egitea. Aurreko txostenetan egin genuen bezala, Euskal Autonomia Erkidegoaren kokapen erlatiboa alderatu dugu, beste lurralde batzuekin: Europar Batasuneko 218 eskualdeen multzoa (EB-28); Espainiako 19 autonomia eta hiri autonomoak; eta EAEk eta antzeko egiturazko ezaugarriak dituzten erreferentziazko 30 eskualdeek osatutako taldea.

Eskualdeak dira alderapenerako elementu nagusia, herrialdeak baino unitate egokiagoak direla uste baita. Baina desabantaila bat dute: Europan, behintzat, datuak beranduago eguneratzen dira. Arrazoi horregatik, EAErako datu berriagorik baldin badago, erantsi egin ditugu EAEren bilakaera Europako batezbestekoarekin, Espainiarekin eta Alemaniarekin (herrialde aurreratuenetako bat) alderatzeko grafikoetan.

EAE antzeko egiturazko ezaugarriak dituzten erreferentziazko 30 eskualderekin alderatzen da

EAErako erreferentziazko 30 eskualdeak 1 mapan erakutsi ditugu, EAEtik bereizten dituen distantziaren arabera ordenatuta. Aurreko txostenekiko desberdintasunen bat dago, eskualde horiek identifikatzeko metodologia eguneratu dugulako. Eskualde horiek identifikatzeko, esparru analitikoaren oinarrian eta espezializazioko osagaietan dauden elementuak hartu ditugu. Elementu horiek ez dira ez txarrak eta ez onak per se, baina bitarteko emaitzak eta azken emaitzak baldintzatzen dituzte, eta epe luzera aldatzeko zailak dira, berezko ezaugarriak edo prozesu historiko luzeen emaitza direlako. Horrenbestez, besteengandik ikasi nahi badugu, zentzua du antzeko ezaugarriak dituzten eskualdeekin alderatzeak. Izan ere, enpresa portaera edo ingurune egoki bat garatzeko ahalegin berberek emaitza oso desberdinak izango lituzkete oso eskualde desberdinetan. EAEk egiturazko elementu horietan dituen ezaugarriak Txosten honen 5. atalean aurkezten dira.

1 Mapa. EAEren antzeko egiturazko ezaugarriak dituzten erreferentziazko eskualdeak.
1 mapa EAEren antzeko egiturazko ezaugarriak dituzten erreferentziazko eskualdeak
Iturria: Geuk egina.
  1. Erlazio horien inguruko azterketa berrienen bilduma bat ikus daiteke hurrengo lanean: Huggins, R. eta Thompson, P. (ed.) (2017): Handbook of Regions and Competitiveness: Contemporary Theories and Perspectives on Economic Development. Cheltenham, UK: Edward Elgar.

  2. Ikus: Eusko Jaurlaritza (2018). Euskadi Basque Country 2030 Agenda.

  3. Porter, M. E. (1990) The Competitive Advantage of Nations London: The Macmillan Press.

  4. Metodologiari buruzko xehetasunak jakiteko, ikus Txostenarekin batera egin dugun txosten teknikoa.