Laburpen Exekutiboa

Lurralde lehiakortasunaren analisia garrantzitsua da gizarte eta ekonomia garapenari lagunduko dioten politika egokienak identifikatu eta abian jartzeko. Hain zuzen ere, enpresen eta ingurunearen arteko elkarreraginak sortzen du berrikuntza, aberastasuna eta, azken batean, ongizatea. Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunaren analisi honen helburua da ulertzea zerk baldintzatzen duen bertan kokatuta dauden enpresen lehiatzeko eraginkortasuna, horrela, ekonomia eta gizarte balioa sortzeko. Lehiakortasuna, hortaz, ez da helburua, baizik eta herritarren ongizatea lortzeko bitarteko bat, bai eta Nazio Batuek erabakitako Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko palanka gako bat ere.

Txosten honetan jasotzen dugun analisia Orkestrak bere garaian garatu zuen lehiakortasunaren esparruaren inguruan egituratu dugu. Hain zuzen ere, esparru hori ari gara erabiltzen Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko Txostenetan, 2011z geroztik. Esparruak, etengabe bilakatzen ari denak, lau maila zehazten ditu: (i) lurralde lehiakortasunaren azken emaitzak, pertsonen ongizateari lotutako helburu orokorrak jasotzen dituztenak; (ii) bitarteko emaitzen adierazleak, emaitza horiek lortzeko garrantzitsuak direnak; (iii) lehiakortasunaren baldintzatzaileak, enpresen portaerari, lurralde espezializazioari eta enpresa ingurunearen kalitateari lotutakoak; eta (iv) oinarriak edo lurraldearen ezaugarriak, emanak datozenak.

Txostenak 4 maila horietako 50 adierazle baino gehiago aztertzen ditu, eskuragarri dauden daturik berrienak erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoa Europako beste eskualde eta herrialde batzuekin alderatzeko, besteak beste, antzeko egiturazko ezaugarriak dituzten erreferentziako 30 eskualdeen multzoarekin. Txostenarekin batera, onlineko plataforma bat sortu dugu, erabiltzaileek beren grafikoak sor ditzaten, nahi dituzten aldiak eta alderapenak aukeratuta.

Txosten honen azterketatik ateratzen dugun irudi orokorra da Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak hobetzen jarraitzen duela, esparru ugaritan, Europako beste eskualde batzuekin alderatuta. Gainera, herritarrentzat emaitzak lortzen ditu, ekonomia eta gizarte ongizatearen ikuspegitik. Gizarte arloko emaitzen bilakaera positiboak iradokitzen digu susperraldia nahiko inklusiboa izaten ari dela, nahiz eta enpleguan eta langabezian ikusitako emaitza apalek adierazten diguten zenbaki handi horien atzean askotariko errealitateak ezkutatzen direla. Ondorioak ateratzerakoan kontu handiz ibiltzea komeni da, azken urteetan aztertu ditugun adierazleak, Europan, behintzat, zikloa aldekoa denean lortu baitira. Ziur aski, “atze haize" hori ahultzeak eragin handia izango du Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomian, bere espezializazio esparruengatik eta, Europako beste eskualde batzuekin alderatuta, zorpetze maila handiagoa duelako, kanpoko zorrarekiko mendekotasun handiagoa eta ekonomiaren irekitze tasa handiak. Oro har, etorkizunari begira, ziurtasun eza handia da hainbat esparrutan: demografia, ingurumena, baliabideak, gizarte kohesioa, lan harremanetako eredu berriak eta faktore geopolitikoak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren kokapen erlatiboak okerrera egin du hainbat adierazletan eta modu kezkagarrian, gainera, erreferentziazko eskualdeen taldearekin alderatuta. Horrek agerian uzten du esparru horiek etengabe monitorizatu, aztertu eta haietan esku hartu behar dugula. Garrantzitsua da “ahultasunei” begiratzea eta haiek gainditzeko lan egitea. Horietako batzuk ezagunak ditugu eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txikietan ikusten dira gehien.

Orokorrean, berrikuntza, produktibitatea, nazioartekotzea eta espezializazioko arlo gakoetako inbertsio estrategikoak hobetzen jarraitzea eskatzen du horrek.