Hitzaurrea

Etengabe eguneratutako analisiak eskura edukitzeko beharrak eraman gaitu Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko Txostena prestatzerakoan –eta, espero dugu, erabiltzerakoan– aldaketa esanguratsu bat egitera. Hala, hemendik aurrera, Txostena urtero argitaratuko dugu, bi urtean behin egin beharrean.

Jarraian aurkezten dugun diagnostikoa azterketa labur eta trinko bat da; lehiakortasunari eta ongizateari lotutako adierazle nagusien bilakaera erakusten du, gainerako lurraldeekin alderatuta. Lan honen lagungarri, onlineko plataforma bat sortu dugu, txostenaren adierazleak denbora errealean kontsultatzeko aukera ematen duena, datu berrienak edukitzeko. Tresna probatzera eta, zuen komentarioen bidez, hobetzen laguntzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Etorkizun hurbilean, Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunaren egoerari buruzko argazki honekin batera, lurraldearen etorkizuneko lehiakortasuna ziurtatzeko kritikotzat hartzen den alderdiren bat sakon aztertuko dugu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2018ko Txostena egin dugun garaian, ekonomia eta gizarte aldagaiek bilakaera ona izan dutela nabarmendu behar dugu. Itxuraz, badirudi Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak gainditu duela 2010az geroztik Orkestrako analisietan hainbestetan aipatu dugun atzeraldi sakona. Institutuaren xedeetako bat da gure lehiakortasunaren baldintzatzaileak aztertzen jarraitzea, batez ere kontuan hartuta gizartearen zati garrantzitsu batek oraindik zailtasunak dituela eguneroko bizitzan.

Lehiakortasuna epe luzera iraunkorra izatea nahi bada, portaera eta baldintzak hobetzen jarraitu behar dugu, hazkundeari, enpleguari eta ongizateari dagokionez, emaitza onak bermatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoak hobera egin du txosten honetan aztertzen ditugun lehiakortasunaren baldintzatzaileetako askotan. Hala ere, ez gara parametro horietan hobera egin duen lurralde bakarra. Beste lurralde batzuek ere emaitzak hobetu egin dituzte eta, arrazoi horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren kokapen erlatiboak okerrera egin du, jarraian aurkeztuko ditugun adierazleetako batzuetan.

Erantsi dezagun, gainera, ekonomiaren aurreikuspen globalak epe laburrera onak badira ere, ziurtasun eza oso handia dela epe ertain eta luzera begiratzen badugu. Herrialde batzuk etengabe hartzen ari diren erabakiek ziurtasun eza eta aldakortasuna eragiten dute eta, ziklo ekonomikoaren balizko moteltze edo aldaketarekin batera, hazkunde ekonomikoa gerarazi eta kolokan jar dezakete.

Ildo beretik, eta Orkestraren hamargarren urteurrenean prestatu genuen Manifestuan jasotzen zen bezala, erronka handiak ditugu aurrean garai hauetan, besteak beste, demografiari, ingurumenari, baliabideei eta gizarte kohesioari lotutakoak. Gainera, aldaketa geopolitikoek, esate baterako, Brexitak edo nazioarteko merkataritza zalantzan jartzeak, aldaketa handiak eragin ditzakete merkatuan eta eragiketa ekonomikoetan, oro har.

Egoera horretan, Lehiakortasunari buruzko 2018ko Txostenak gure indar guneak eta ahultasunak zein diren eta gure lehiatzeko ahalmena nolakoa den hobeto ulertzeko tresna bat izan nahi du. Lan honek lagunduko digu joera berriei eta sor daitezkeen mehatxuei aurrea hartzen eta erreakzionatzen, Euskal Autonomia Erkidegoan, Manifestuan adierazi genuenaren haritik, pertsona guztien ongizatea bermatzeko ditugun erronkei erantzunez.

Orkestran egiten dugun lana ezinezkoa izango litzateke erakundea osatzen duten pertsona guztien ahalegin eta inplikaziorik gabe eta zeregin horretan, modu batera edo bestera, laguntzen dutenen ekarpenik gabe. Eta, noski, gure babesleen laguntza ezin eskertuzkorik gabe. Arrazoi horregatik, bidezkoa da gure babesle diren enpresa eta erakundeen laguntza eskertzea, baita gizartearen babesa ere, haren zerbitzura egiten baitugu lan.

Lan honek gugan jarri duten konfiantzari erantzutea espero dugu.

Ignacio Mª Echeberria
Presidentea
Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua
Deustu Fundazioa