3.3. Berrikuntza

EAEk berrikuntza "inputetan" (I+Gko gastuan, esate baterako) portaera ona badu ere, lortzen duen "outputa" (patenteak) ez da hain ona

Berrikuntzaren emaitzak neurtzen dituzten adierazleei dagokienez, output teknologikoa neurtzeko ohikoena mila biztanleko patenteen kopurua izan ohi da, nahiz eta bere mugak dituen (esate baterako, patente guztiak ez dira ikuspegi komertzialetik ustiatzen edo ez dira benetako berrikuntza bihurtzen). 1 taulan ikus daitekeen bezala, adierazle horretan EAE oso toki onean dago Espainiako autonomia erkidegoekin alderatzen denean, baina tarteko lekuan geratzen da Europako eskualdeen multzoarekin alderatuta, eta erreferentziazko eskualdeen sailkapeneko azken tokietan dago. Bilakaeraren grafikoan ikus daiteke biztanleko patenteen kopurua oso urrun dagoela Alemaniaren baliotik, baina baita EB-28ko batezbestekoaren eta erreferentziazko eskualdeetako balioetatik ere. Hori horrela da, nahiz eta, 5 grafikoan ikusten den bezala, I+Gko gastua (BPGren ehunekoa neurtua) 2012-2015 aldian Europako eskualdeetako batezbestekoaren gainetik egon. Hau da, EAEk berrikuntza inputetan (I+Gko gastuan, esate baterako) portaera ona badu ere, lortzen duen outputa (patenteak) ez da hain ona. Ildo horretatik, grafikoan ikus daitekeen bezala, input (I+Gko gastua) unitate bakoitzeko outputa EB-28ko batezbestekoaren eta erreferentziazko eskualdeetako batezbestekoaren azpitik geratzen da. Are gehiago, Espainiako eskualdeen batezbestekoaren azpitik ere geratzen da (izan ere, hauek baino urrunago dago I+Gko gastuaren eta patenteen arteko doikuntza zuzenetik).

5 Grafikoa. PCT patenteak milioi bat biztanleko eta I+Gko gastua (BPGren %) (2012-15eko batezbestekoa)
5 grafikoa PCT patenteak milioi bat biztanleko eta I+Gko gastua (BPGren %) (2012-15eko batezbestekoa)
Iturria: Eurostat eta OECD REGPAT. Geuk egina.
Oharra: Zuzen urdinek, marra txikiz osatutakoek, EBko eskualde guztien batez besteko balioak jasotzen dituzte. 11 eskualdek dute milioi bat biztanleko zientzia eta teknologiako 300 patente baino gehiago eta/edo I+Gn BPGren % 4 baino gastu handiagoa.

Teknologikoak ez diren berrikuntzak (Europa mailako diseinuak) jasotzen dituen adierazlearen emaitzak ez dira onak, baina, aitzitik, egoera ona da marka erregistratuen eskabideetan eta produktu berrien salmentetan

Berrikuntzaren outputa marka erregistratuen eta EBko diseinuen eskabideei lotutako adierazleen bidez ere neurtu daiteke, teknologikoak ez diren berrikuntzak islatzeko, nolabait. EAE nahiko toki onean dago marka erregistratuen eskabideen adierazlean, bai Europako eskualdeen multzoarekin alderatzen dugunean eta bai erreferentziazko eskualdeekin alderatzen dugunean (nahiz eta bi sailkapenetan atzera egin duen azken urtean). Adierazle horretan, EB-28ko batezbestekoaren gainetik dago, baina Alemaniako balioaren eta Espainiako batezbestekoaren azpitik. Diseinuei dagokienez, EAEren egoera ez da hain ona, eta nahiz eta azken urtean hobetu, balioa oraindik ere aztertzen ari garen gainerako lurraldeetakoaren oso azpitik dago.

Berrikuntzaren emaitzak neurtzeko beste elementu bat enpresarentzat edo merkatuarentzat berriak diren produktuek salmentetan hartzen duten ehunekoa da, aukera ematen baitu aztertzeko zein neurritan bihurtzen den berrikuntza salmenta handiago. Aurreko adierazleen azterketa osatzen du, haietan eragina izan baitezakete jabetza intelektualaren babesari dagokion araudiak edo ohiko jardunbideek. Salmenten adierazle horri lotutako datuak Regional Innovation Scoreboard txostenaren azken bi edizioetatik atera ditugu. Datu normalizatuak besterik ez ditu eskaintzen eta aurreko datuek baino atzerapen handiagoa dute, 2014ko Community Innovation Survey txostenean (2017ko RISean) eta 2012koan, aurreko urteko edizioan, oinarritzen baitira. Hala eta guztiz ere, emaitza onak erakusten dituzte: EAEk toki oso ona hartzen du hiru sailkapenetan, eta bi urte lehenagoko tokia hobetzen du, gainera. Kontuan hartu behar da, hala ere, salmentetan ez direla soilik hartzen guztiz berriak diren produktuak; hala, teknologiak enpresetan hedatzea ere islatu dezake.

  1. Patent Cooperation Treaty