5.4. Enpresen tamainari eta kanpo irekitzeari lotutako egiturazko baldintzatzaileak

Bai EAEk eta bai erreferentziazko eskualdeek manufakturako enpresen batezbesteko tamaina handiagoa dute eta salmenta gehiago egiten dituzte eskualdean bertan

Garapenaren analisiek egiturazko beste bi baldintzatzaile garrantzitsu ere aztertu ohi dituzte: enpresen tamaina eta irekitze maila. Enpresen tamainari dagokionez, 18 taulatik ondoriozta daiteke bai EB-28an eta bai erreferentziazko eskualdeetan manufakturako enpresaren tamaina zerbitzuetako enpresaren tamainaren halako hiru dela. Bi kasuetan, handiagoa da erreferentziazko eskualdeetako enpresen tamaina. EAEk eta erreferentziako eskualdeen taldeak manufakturako enpresen tamaina handiagoa dute, EBko batezbestekoarekin alderatuta. Baina zerbitzu enpresetan, biak daude EBko batezbestekoaren azpitik.

Irekitze tasari dagokionez, datu horiek eskualde guztietan alderatu ahal izateko PBL Netherlands Environmental Assessment Agency agentziak Europako eskualdeen arteko merkataritzarako egin zituen zenbatespenak erabili ditugu, JRC RIS3 plataformak argitaratuak1. Bai EAEk eta bai erreferentziazko eskualdeek ekoizten dutenaren proportzio handiagoa saltzen dute eskualde bereko barne merkatuan eta, horrenbestez, proportzio txikiagoa herrialdearen gainerako eskualdeetan, EBko gainerako herrialdeetan eta munduko gainerako herrialdeetan. Zehazki, atzerriko salmentak, batez beste, guztizkoaren % 18 dira EB-28an; % 14, erreferentziazko eskualdeetan; eta % 12, EAEn. Kasu guztietan, kanpoko salmenta horien helburu nagusiak Europar Batasuneko herrialdeak dira, EBz kanpoko herrialdeekin alderatuta. Baina Europar Batasunaren nagusitasuna txikixeagoa da EAEko eta erreferentziazko eskualdeetako kanpo merkataritzan.

18 Taula. Enpresen tamainaren eta kanpoko irekitzearen adierazleak, egiturazko baldintzen erakusle.
18 taula Enpresen tamainaren eta kanpoko irekitzearen adierazleak, egiturazko baldintzen erakusle.
Iturria: Eurostat eta JRC-EU trade. Geuk egina.
  1. Joint Research Centre. Ikus http://s3platform.jrc.ec.europa.eu/s3-trade-tool. Zenbatespen horiek eskuragarri dauden berrienak dira eta, egiturazko izaera izanik, ziur aski ez ziren asko aldatuko.