4.2.1. Espezializazio zientifikoa
Orain dela gutxi arte, ez zen nazioarteko datu baserik sarbide askeko edo erdi askeko argitalpenen inguruan. Horregatik, Ikerbasquek EAEko argitalpenen inguruan eskaintzen dituen xehetasun handiko datuek ez zuten aukerarik ematen Europako gainerako eskualde edo herrialdeekiko espezializazioa aztertzeko. Analisi hori aurrera eramateko, Orkestrak eskualdeetako unibertsitate argitalpenen datu base bat sortu du, Leideneko Unibertsitateko Centre for Science and Technology Studies (CWTS) zentroak argitalpenen inguruan eskaintzen dituen datuetatik abiatuta.
Datu base horrek bere mugak ditu (WoS-Web of Sciences erakundeak indexatutako “core publications” argitalpenak soilik hartzen ditu kontuan eta, gainera, webgune horretara afiliatutako unibertsitate eta erakundeek webgunean 2013-2016 aldian 100 argitalpen indexatu baino gehiago izan badituzte), baina, nolanahi ere, EAEko argitalpenen ehuneko handi bat jasotzen du eta, hortaz, lurraldearen profil zientifikoaren adierazgarri izan daiteke.
Oraindik beste lurraldeetakoa baino txikiagoa bada ere, EAEko mila biztanleko argitalpenen kopuruak bilakaera oso ona izan du azken urteetan
Espezializazioa aztertzen hasi aurretik, 9 taulan argitalpenen kopuruaren bilakaera ikus dezakegu. Hala, EAEn mila biztanleko argitalpenen kopurua (1,7) oraindik ere Espainiakoa, Alemaniakoa eta EB-28koa baino txikiagoa bada ere, bilakaera oso positiboa izan da, azken aldian, bereziki.
EAEko ekoizpen zientifikoa oso espezializatuta dago Zientzia fisikoetan eta ingeniaritzan; eta oso azpiespezializatuta, ordea, Biomedikuntzan eta osasunean
Espezializazioari dagokionez, 10 taulako balioek erakusten digute EAEko ekoizpen zientifikoa oso espezializatuta dagoela Zientzia fisikoetan eta ingeniaritzan; eta oso azpiespezializatuta, ordea, Biomedikuntzan eta osasunean. Beste herrialdeekin alderatuta, EAEk nolabaiteko espezializazioa badu Matematika eta informatikan, eta, txikiagoa, Gizarte zientzietan. EAEn espezializazio zientifikoaren profila leuntzen joan da, baina, hala eta guztiz ere, beste lurraldeetakoa baino askoz ere nabarmenagoa da, ziur aski, tamainaren aldeen eraginez.
-
EAEko sailkapenean eragina du ez direla kontuan hartzen ez unibertsitateaz kanpoko eragileek egiten dituzten argitalpenak eta ez unibertsitate pribatuek egiten dituztenak, biak kopuru garrantzitsuak. Erakunde horiek hainbat eremutan espezializatzen direnez, horrek eragina du, halaber, espezializazio zientifikoan.