5.1. Geografiari eta demografiari lotutako egiturazko baldintzatzaileak
Geografia eta demografia baldintzei dagokienez, EAEk antz handiagoa du EB-28rekin erreferentziazko eskualdeekin baino
15 taulak egiturazko baldintzen barruan, geografiari, demografiari eta hezkuntzari lotutako adierazleen analisi alderatua erakusten digu. Erreferentziazko eskualdeen ezaugarrietako bat da EB-28ko batezbestekoak baino biztanleria handiagoa dutela eta zahartze adierazlea, berriz, txikixeagoa. Gainera, urbanizatuagoak daude eta irisgarriagoak dira. Batezbestekoaren gainetik daude natur baliabideen eskuragarritasun eta ustiapenari begiratuta ere. Literaturari jarraituz, Nekazaritza eta arrantza, Erauzketak eta Energia eta ura sektoreetako biztanleko Balio Erantsi Gordina batuz egin dugu hurbilketa hori. Azkenik, bigarren hezkuntzako edo goragoko titulu bat lortu ez duen biztanleriaren ehunekoa Europako batezbestekotik hurbil dago. EAEk antz handiagoa du EB-28arekin erreferentziazko eskualdeekin baino. Izan ere, eskualde horiekiko desberdintasun nabarmenak ditu hainbat adierazletan: biztanleria txikiagoa da, zaharragoa, irisgarritasuna ere txikiagoa da, natur baliabide gutxiago ditu eta prestakuntza maila txikiko biztanleriaren ehunekoa txikiagoa da. Erreferentziazko eskualdeekin bat dator urbanizazioan, bietan handia baita. Gainera, EAEn eskualde horietan baino handiagoa da. Nolanahi ere, aldeak txikiak dira eta berdindu egiten dira, eskualde horiekiko hurbilago baitago beste multzo batzuetako adierazleetan. Adierazle horiek, zalantzarik gabe, askoz ere garrantzitsuagoak dira lehiakortasunean duten eragina ikusteko orduan.
