2. Azken emaitzak
EAE oso egoera onean dago biztanleko BPGri begiratuta
La 1 taulak EAEren kokapena laburbiltzen du, azken emaitzen adierazleetan, alegia, gizartearen ongizateari lotutako helburuak neurtzen dituzten haietan. Ohikoa denez, EAE oso ongi kokatuta dago biztanleko BPGren adierazlean (azken datu eskuragarria 2016koa da), eta, aurreko urtearekin alderatuta, hobera egin du bai adierazle horren balioak eta bai aurreko urtearekiko sailkapeneko tokiak.
Baina biztanleko BPGren hazkundea ez da etxeetako biztanleko errenta erabilgarrian islatzen
BPGk lurralde batean sortutako produktua neurtzen du, baina produktu horrek ez du beti herritarren ongizatea areagotzen, hainbat arrazoi direla eta: produktu hori sortzen bertakoak ez diren ekoizpen faktoreek har dezakete parte (langileak zein kapitala) eta faktore horiek sortutako errentaren zati bat bereganatzen dute (esate baterako, Kantabrian bizi eta Bizkaian lan egiten duten pertsonak); elkartasun arrazoiak edo bestelako arrazoiak direla medio, errenten transferentzia prozesuak bideratu daitezke beste lurralde batzuetara (beste autonomia erkidego batzuetara edo garatzeko bidean dauden herrialdeetara); edo Administrazioa eta enpresak errentaren zati batekin gera daitezke, zorpetzea gutxitzeko. Horregatik, ELGE eta Eurostatek uste dute etxeetako biztanleko errenta erabilgarria adierazle egokiagoa dela herritarren ongizate mailaren bilakaera neurtzeko. Errenta erabilgarria aztertzen denean, EAEk nabarmen egiten du okerrera, bereziki erreferentziazko eskualdeekin alderatuta. Nolanahi ere, estatistikek ez digute nahikoa informazio ematen arestian aipatu ditugun faktore esplikatzaileetatik eragin handiena zeinek duen identifikatzeko. Gainera, Alemanian, EB-28an eta erreferentziazko eskualdeetan ez bezala, EAEn biztanleko BPGren maila handitzen joan da azken urteetan, baina hazkunde horrek ez du etxeetako biztanleko errenta erabilgarria handitu (ikus 1 grafikoa). Horren arrazoia izan daiteke errenta erabilgarriari buruzko azken datuak 2015ekoak direla eta EAEn eta Espainian ekonomiaren susperraldia EBko gainerako herrialdeetan baino geroago iritsi dela.


Azken urteetako bilakaera positiboa izan bada ere, EAE oraindik atzeko tokietan dago, iraupen luzeko langabeziaren sailkapenetan
Iraupen luzeko langabezia mailan, EAEk Espainiak baino askoz ere emaitza hobeak ditu eta bilakaera positiboa erakusten du, termino absolutuetan, azken urteetan (2016an % 6,5 izatetik 2017an % 5,5 izatera jaitsi da). Baina, hala eta guztiz ere, oraindik egoera txarra da, Europarekin alderatuta. 1 grafikoan ikus daitekeen bezala, krisiaren hasierako hazkunde handiak ekarri du egoera hori. Termino absolutuetan 2015az geroztik egoerak hobera egin badu ere, oraindik ere tasa hori EB-28ko batezbestekoaren, erreferentziazko eskualdeen eta, batez ere, Alemaniako tasaren gainetik dago, nabarmen.
Bestalde, bai balio absolutuetan eta bai balio erlatiboetan, ikasten ez duten eta lanean ari ez direnen tasa (ezaugarri hori duten 15 urtetik 24 urte arteko gazteen ehunekoa, azken emaitzen adierazletzat hartzen dena, gazteek nahi ez duten okupazio eza erakuts dezakeelako) eta pobrezia arriskua oso positiboak dira. Ikasten eta lanik egiten ez duten gazteen ehunekoari dagokionez, balioek azken urteetan behera egin dute eta gaur egun Alemaniaren antzekoak dira. Balio horiek erakusten digute gazteek ikasten jarraitzen dutela lan egin nahi ez badute edo lanik aurkitzen ez badute. Bestalde, pobrezia arriskuaren adierazlearen bilakaera positiboak erakusten digu, errenta erabilgarriari buruz esan duguna esanda ere, baliabideak transferitzen direla herritarren talde kaltetuenengana. Horrela, EAE goi-goian dago Europako eskualdeen artean, pobrezia tasa txikienen sailkapenean. Badirudi horrek esan nahi duela sarrerak modu uniformeagoan banatuta daudela eta desberdintasuna txikiagoa dela, 2 taulako adierazleek berresten diguten bezala. Datu horietan ikus daiteke EAEk balio hobeak dituela Gini koefizientean (desberdintasuna neurtzen du 0tik 100era arteko eskalan, 0 erabateko berdintasuna eta 100 desberdintasunik handiena izanik), S80/S20 indizean (errentaren banaketan biztanleko errenta baliokiderik handiena duten pertsonen % 20aren eta errentarik txikian duten pertsonen % 20aren arteko erlazioa neurtzen duena), eta biztanleriaren % 10 pobreenak guztizko sarreretatik jasotzen duen ehunekoan.

EAEk beste lurralde batzuek baino pobrezia arrisku eta desberdintasun tasa txikiagoak ditu, eta bizitzarekiko gogobetetze tasaren hautemate handiagoa
Azkenik, ongizate maila subjektiboari dagokionez, European Social Survey lanaz baliatuz zenbatetsitako bizitzarekiko gogobetetze tasaren balioek adierazten digute azken emaitzen adierazle objektiboetan ikusten diren hobekuntzak bizitza kalitatearen hobekuntza subjektibo moduan ere hautematen direla. Horrela, esate baterako, 2 grafikoan ikusten da bizitzarekiko gogobetetze mailak alderantzizko korrelazioa duela iraupen luzeko langabezia mailarekin, are gehiago erreferentziazko eskualdeetan, Europako eskualdeen multzoan baino. EAEri dagokionez, gogobetetze mailak iraupen luzeko langabezia mailari legozkiokeenak baino handiagoak dira.

Oro har, EAEko azken emaitzek nabarmen egin dute hobera
Ondoriozta dezakegu, horrenbestez, azken emaitzetan hobekuntza esanguratsuak izan direla. Gizarte esparruko adierazleek erakusten dute talde kaltetuenen beharrei erantzuten zaiela, pobrezia eta desberdintasun tasak beste lurraldeetan baino txikiagoak direlako. Gainera, bizitzarekiko gogobetetze tasetan, hautematea oso positiboa da. Errenta erabilgarriari begiratuta, emaitzak beste eskualdeetan baino okerragoak badira ere, ziur aski balio horiek hobetu egingo ziren azken urteetan eta aldagai horren jarraipena egitea merezi du, biztanleko BPGa baino neurri egokiagoa delako etxeen ongizatea neurtzeko. Zalantzarik handienak iraupen luzeko langabeziaren adierazleak sortzen ditu. Izan ere, nahiz eta azken urteetan murriztea lortu, EAE oraindik ere oso atzean dago Europako sailkapenetan, bereziki erreferentziazko eskualdeekin alderatzen garenean.
-
Ikus ELGEren How’s life? 2017: Measuring Well-being argitalpena edo Eurostateko estatistika eranskina SDG 10 – Reduced inequalities (statistical annex)