4.2. Espezializazioa
EAE egoera onean dago teknologia handiko eta ertain-handiko manufakturetako enpleguan Jakintzan intentsiboak diren zerbitzuetako enpleguan, egoera ez da hain ona
8 taulako espezializazio adierazle alderatuek bi jarduera multzo hartu dituzte ardatz, bereziki esanguratsuak direlakoan: teknologia handiko eta ertain-handiko manufakturak eta jakintzan intentsiboak diren zerbitzuak. Teknologia handiko eta ertain-handiko manufakturetan, EAEk Europako, Espainiako eta erreferentziazko eskualdeen multzoko ehuneko handienetako bat du enpleguari begiratuz gero, nahiz eta azken urteko bilakaera negatiboak hainbat postu atzera egitea ekarri. Bilakaeraren grafikoek erakusten digute teknologia handiko eta ertain-handiko manufakturako enplegu mailak azken urteetan Alemaniakoen parean daudela eta Europako eta erreferentziazko eskualdeetako batezbestekoen gainetik. Baina jakintzan intentsiboak diren zerbitzuetan, egoera ez da hain ona. Adierazle hori gorantz joan zen 2012. urtera arte eta, orduz geroztik, behera egin du. Soilik azken urtean heldu dio berriro goranzko bideari. Espainiako batezbestekoaren gainetik baldin badago ere, Alemaniako, Europako eta erreferentziazko eskualdeetako batezbestekoen azpitik egoten jarraitzen du.
Espezializazioaren analisi alderatu horren osagarri, jarraian hiru espezializazio moten analisi zehatza aurkezten dugu. Hala, espezializazio zientifikoaz (argitalpenez baliatuz neurtzen den horretaz), teknologikoaz (patenteen analisiaz baliatuz neurtuaz) eta merkataritza eta ekonomia espezializazioaz (esportazioetan oinarrituta neurtzen den horretaz) hitz egingo dugu. Azterketa horrek aukera emango digu lurraldearen espezializazio arloak zein diren ikusteko eta, horrela, 5 atalean aurkezten den egiturazko baldintzen deskribapena osatzeko. Hain zuzen ere, espezializazio arloak xehetasun handiagoz ezagutzeak lagunduko digu espezializazio adimenduneko estrategiak bideratzeko indar guneak aurkitzen eta indartu beharko liratekeen gabeziak antzematen. Analisi horiek xehetasun handiagoz garatzen dira txosten honekin batera prestatu dugun txosten teknikoan.

