4.2.3. Espezializazio ekonomikoa

Jarraian, EAEren espezializazio ekonomikoa aztertuko dugu, kanpo merkataritzako datuez baliatuz. Datuak 19 jarduera adarretan banatu dira. Adar horiek, ondoren, hainbat irizpide erabiliz multzokatu dira: teknologia maila, ondasunen norako ekonomikoa, hazkunde maila, eta ezaugarri tekniko-ekonomikoak.

EAE lau adarretan dago espezializatuta, nagusiki: Motor ibilgailuak, Metalurgia eta metalezko produktuak, Makineria eta ekipoa, eta Petrolioa fintzea

12 taulan erakusten den bezala, EAEko esportazioak oso kontzentratuta daude, lau adarretan: Motor ibilgailuak (% 26), Metalurgia eta metalezko produktuak (% 23), Makineria eta ekipoa (% 15) eta Petrolioa fintzea (% 8). Lau adar horietako espezializazio indizeak ere handiak dira. Horrek dakartzan arriskuak handiak dira, hiru lehenengo adar horien arteko lotura handia baita: neurri handi batean, balio kate bereko parte dira. Eta laugarrenean, izugarrizko eragina dute energia prezioen hegazkortasunak eta petrolioa kanpotik eskuratzeak. Edonola ere, komeni da azpimarratzea 2008. eta 2017. urteen artea esportazioen kontzentrazio maila nabarmen gutxitu dela, nagusiki Metalurgia eta metalezko produktuen esportazioek pisua galdu dutelako. Gainera, aurrerago ikusiko dugun bezala, kontzentrazio horren larritasuna txikiagoa da esportazioetan pisu handiena duten lau sektore horietan EAEk lehiatzeko abantailaren indize oso positiboak dituelako.

12 Taula. Esportazioen espezializazioaren analisia.
12 taula Esportazioen espezializazioaren analisia.
Iturria: Eurostat, Nazio Batuak, Comtrade basea eta Tributuen Zuzendaritza Nagusia. Geuk egina.

EAEk batez ere maila teknologiko eta eskariaren hazkunde ertaineko produktuak esportatzen ditu, bitarteko ondasunak eta kontsumo iraunkorrekoak, eta eskala ekonomietan intentsiboak diren adarretakoak. Aitzitik, oso urriak dira maila teknologiko eta eskariaren hazkunde handiko esportazioak eta zientzian eta teknologian intentsiboak diren adarretakoak. Maila teknologiko handiko manufakturako hiru adar nagusien artean, EAEren ahultasunik handienak Farmazian aurkituko ditugu, eta, ondoren, Elektronika eta informatikan. Aeronautikan dugu ahultasun gutxien, ikuspegi erlatibotik. Bestalde, oso txikia da EAEko kontsumo ondasunen esportazioen ehunekoa. Horrek ziklo ekonomikoarekiko sentiberago bihurtzen du.

EAEn azpiespezializazioa erakusten duten adarren artean, batzuek zuzeneko lotura dute EAEko RIS3an zehaztutako lehentasun estrategiko eta aukera eremuekin

Espezializazioari dagokionez, aipatutako lau adarrez gainera, espezializazio positiboak dituzte Metalezkoa ez den industriak eta Zura, papera eta arte grafikoek. Eta azpiadarretara joanez gero, Trenbide materialak. Era berean, azpimarratzekoa da EAEn azpiespezializazioa erakusten duten adarren artean, batzuek zuzeneko lotura dutela EAEko RIS3an zehaztutako lehentasun estrategiko eta aukera eremuekin: Farmazia (Biozientzien eta osasunaren estrategia), Informatikako eta elektronikako produktuak eta Material eta ekipo elektrikoa (fabrikazio aurreratuko estrategia-4.0 Industria) eta Elikagaiak (izen bereko aukera eremua).

Espezializazioko jarduera multzo horiek dira, gainera, esportazioetan indar handiena dutenak. Agerikoa da, halaber, zientzia eta teknologian intentsiboak diren jardueretan eta teknologia maila eta eskariaren hazkunde handiko jardueretan dugun azpiespezializazio oso handia (jarduera horietan, hain zuzen ere, aukera gehiago irekitzen ari dira eta ez du hainbesteko eraginik gorabidean doazen herrialdeen lehiak), eta kontsumo ondasunetako produktuen adarretan dugun azpiespezializazioa (horrek, adierazi berri dugun bezala, euskal ekonomia ziklo ekonomikoaren aurrean sentiberago bihurtzen du).

Merkataritza saldo erlatiboak aztertuta, berresten da EAEko lau sektore esportatzaileenek eta % 100etik gorako espezializazio indizea dutenek merkataritza saldo erlatibo positibo handiak dituztela. Hori indar gune handi bat da, lehiakortasunaren ikuspuntutik.

Merkataritza saldo erlatiboaren analisiak espezializazio indizearen analisiari eransten dio EAEk espezializazio esanguratsurik erakusten ez duen adar batzuetan (edo azpiespezializazioa duten adar batzuetan) saldo positiboak garrantzitsuak direla: Material eta ekipo elektrikoen kasua da (oso garrantzitsua 4.0 Industriarako), baita Kautxu eta plastikoena ere. Antzekoa gertatzen da jardueren multzokatzeen ikuspegitik ere: espezializazio indizeen analisiek erakusten zizkiguten indar guneak berresteaz gainera, saldo positibo argia dute ekipo ondasunen adarrek eta desberdintzean intentsiboak direnek (erakargarriak dira, hasteko) eta natur baliabideetan intentsiboak direnek (horietan, itxuraz, kalteberatasuna handiagoa da).

Aztertzaileek adierazten duten bezala, garapena ez da soilik produktua zenbat hazten den, baizik eta nola eraldatzen den ekoitzitako horren konposizioa. Aurreko atal batean aztertu dugu zenbat hazi diren EAEko esportazioak, beste lurralde batzuetakoekin alderatuta. Hemen labur-labur azalduko dugu zenbat eraldatu den esportazioen egitura, esportazioen egiturazko aldaketaren indizearen arabera. 2008tik 2017ra, euskal esportazioetan bi aldi bereiz ditzakegu, argi eta garbi. 2008 eta 2013. urteen artean, EAEko esportazioen egitura beste toki batzuetan baino gutxiago aldatzen da eta aldaketa hori erreaktiboa da, gainera (sektore doikuntza da, eskariak izandako jaitsieraren aurrean). 2013 eta 2017. urteen artean, berriz, EAEko esportazioen egitura beste ekonomietakoa baino gehiago aldatzen da. Eta aldaketa horren atzean portaera erreaktiboak (aurreko fasean galdu ziren merkatuak berreskuratzekoak) eta portaera proaktiboak daude (jarduera eta merkatu berriak garatzekoak).

Oro har, aldi osoa hartuta EAEk izan duen eraldaketa aztertuz gero, kontsumo iraunkorreko ondasunen hazkundea da nabarmentzekoa eta, neurri txikiagoan, ekipo ondasunena eta, haiei lotuta, teknologia eta eskariaren hazkunde ertain-handiko adarrena. Orokorrean, hori positiboa bada ere, oraindik ez da zuzendu teknologia eta eskariaren hazkunde handiko adarretan eta zientzian eta teknologian intentsiboak direnenetan dugun azpiespezializazio handia. Eta desberdintzean intentsiboak diren adarretan ere atzera egin da: Metalurgia eta metalezko produktuen adarrean jaisten dira gehien esportazioak eta Motor ibilgailuen adarrean, ordea, igotzen dira gehien (nahiz eta 2008-2013 aldian erori).

1 Laukia Kluster esportatzaileen bilakaera

Esportazioen espezializazioa aztertzeko beste modu bat esportazio horiek klusterretan mul­tzokatzeak emango digu, ekonomia jarduerak multzokatzeko enpleguak espazioan duen bate­rako kokapenaren, input­output loturen eta okupazioen arteko loturen arteko patroiak kon­tuan hartzen dituen metodologiari jarraituz (Ikus Delgado et al., 2016). Eragiketa hori eginez gero, 51 kluster izango ditugu, askotariko jarduerak biltzen dituztenak. Bihurtze taula batez baliatuz, esportazioak sailkatzeko erabiliko ditugu.

El 13 grafikoak erakusten digu zein izan den EAEko kluster esportatzaileen bilakaera 2016 eta 2017. urteen artean. Munduko esportazioen kopuruak 2017rako oraindik osatu gabe daudenez (Txinako esportazioak falta dira), EAEko esportazioek Europatik datozen esportazioen artean hartzen duten kuota hartuko dugu aztergai.

13 Grafikoa. Kluster esportatzaileen mapa.
13 grafikoa Kluster esportatzaileen mapa.
Iturria: Zerga Agentzia eta Nazio Batuak, Comtrade. Geuk egina.

Kluster horiek Orkestrak garatutako tipologiaren arabera multzokatu daitezke. Hala, klusterrak sailka daitezke garrantziaren arabera (EAEko esportazioetan duten pisua, biribilaren tamainaren bidez irudikatua), lehiatzeko kokapenaren arabera (Europatik datozen esportazioetan hartzen duten kuota, ardatz bertikaleko kokapena) eta dinamismoaren arabera (esportazio kuotaren hazkundea, ardatz horizontaleko kokapena). Hiru ezaugarri horien konbinazioak 13 taulan azaltzen dugun tipologia sortzen du. EAEko esportazioetan duten garrantzia ikusirik, kluster horiei eta haietan biltzen diren jarduera ekonomikoei arreta berezia jarri behar diegu, haien garapenerako politika egokiak ezartzeko.

13 Taula. EAEko kluster esportatzaileen tipologia.
EAEko kluster esportatzaileen tipologia.
Iturria: CNMC, Eurostat eta SETSI. Geuk egina.
  1. Delgado, M., Porter, M.E., eta Stern, S. (2016). “Defining clusters of related industries”, Journal of Economic Geography, 16. lib., 1.–38. or.