6. Ondorioak

Txosten honen azterketatik ateratzen dugun irudi orokorra da Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiak hobetzen jarraitzen duela, esparru ugaritan, Europako beste eskualde batzuekin alderatuta. Gainera, herritarrentzat emaitzak lortzen ditu, ekonomia eta gizarte ongizatearen ikuspegitik. Izan ere, helburua ez da aberastasuna sortzea soilik, baizik eta desberdintasun eta pobrezia maila txikiei eta ongizatearen hautemate sendoari eustea. Hain zuzen ere, gizarte emaitza horien bilakaera onak erakusten digu ekonomiaren susperraldia nahiko inklusiboa izaten ari dela eta, orain arte, behintzat, Lehiakortasunari buruzko 2015eko Txostenean aipatzen zen "garapen duala" saihesten ari garela. Bestalde, garrantzitsua da kontuan hartzea azken emaitzen irudi hori testuinguru jakin batean lortzen dela: azken urteetan, ekonomia ingurunea aldekoa izan da, eta horrek, ziur aski, bestelako errealitate batzuk utziko ditu ezkutuan.

Hala, esparru gako batzuetan emaitzak zehaztasun gehiagoz aztertuz gero, irudi osoagoa lortu ahal izango genuke. Zehazki, ekonomia ongizatea neurtzeko modurik egokiena etxeek kontsumitzeko, inbertitzeko edo aurrezteko erabilgarri duten errenta dela jakinik, azterketa sakonago bat behar da ikusteko zein faktorek eragotzi duten etxeetako errenta erabilgarria biztanleko BPGren proportzio berean handitzea. Bestalde, garrantzitsua da ongizatea ebaluatzeko adierazle multzo zabalagoa erabiltzea, esate baterako, Garapen Iraunkorreko Helburuekin lotutakoak edo Gizarte Aurrerapeneko Indizean kontuan hartzen direnak. Eta oraindik ez diogu heldu ekoizpenaren hazkundeak natur baliabideetan eta ingurumenean duen eragina neurtzeko erronkari.

Lurralde bat lehiakorra izango da soilik lehiakortasun hori denboran iraunkorra bada eta ingurumenean duen eragin negatiboak ez baditu zalantzan jartzen ez etorkizuneko hazkundea eta ez pertsonen ongizatea.

Zenbaki handien atzean ezkutatzen diren askotariko errealitateei dagokienez, langabeziari begiratuta –eta horixe da Euskal Autonomia Erkidegoan kezka nagusietako bat–, Txostenak ondorio kontrajarriak eskaintzen dizkigu. Estatistikek langabezia mailak behera egin duela erakusten digute, baina, hala eta guztiz ere, EAE ez dago toki onean, Europako beste eskualdeekin alderatuta, enplegua eta langabezia adierazleetan. Argi eta garbi, oraindik ere gizarteko hainbat sektore aktibo bihurtzeko eta enplegua sortzeko tartea badugu, bereziki emakumeen eta gazteen enplegua. Nolanahi ere, helburua ez da enplegua sortzea soilik, baizik eta enplegu hori kalitatezkoa izatea, ordainsari eta egonkortasun egokia ematea, eta, gainera, lana eta norberaren bizitza bateratzeko aukera ematea. Joerek erakusten digute etorkizunean automatizazioa handitu egingo dela eta lan prekarietatea ere bai. Hain zuzen ere, prekarietatea sistemikoa bihurtuko da, ekoizpen eta lan harremanetako modu berrien eraginez. Eta horrek etorkizuneko ikerketa eta analisietarako lan ildo garrantzitsu bat irekitzen digu. Beharrezkoa da enpleguaren jokaleku berrien ezaugarriak sakon aztertzea, kalitatezko enplegua sortzeko baldintzak sortzeko eta, ingurune aldakor honetan, gaikuntza egokia bermatzeko gai izan gaitezen. Horrek lagunduko du, lanari dagokionez, orain artekoaz bestelako etorkizun bat aurrean duten pertsonen ongizatea ziurtatzeko neurriak hartzen, hezkuntza erakundeen, enpresen eta gobernuaren arteko lankidetza estrategikoagoa bideratuz.

Azken emaitzak, oro har, positiboak badira ere, konplazentzia saihestu behar dugu eta lurralde lehiakortasunaren baldintzatzaileetan ikusten diren ahultasunak hobetzeko lan egiten jarraitu. Horrek garrantzi berezia du azken urteetan aztertu ditugun adierazleek, Europan, behintzat, zikloa alde izan dutelako, baina, erdi epera, ziurtasun eza handiagoa izango dela aurreikusten delako. Hala, Txostenak ohartarazten digu EAEko esportazioen azken urteetako portaera onak, ziur aski, zerikusirik izango duela, neurri batean behintzat, euskal ekonomia ziklo ekonomikoarekiko mendekotasun handiagoa duten sektoreetan espezializatuta egotearekin. Interes tasen eta energiaren prezioen beherakadak eta diruaren balio galerak eragin dituen aldeko atze haizeak moteldu ahala, desazelerazio bat espero da. Eta horrek eragin handia izan dezake, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan, Europako batezbestekoarekin alderatuta, zorpetze maila handiagoa, kanpoko zorpetzearekiko mendekotasun handiagoa eta irekitze tasa handiak dituelako. Beste arlo batzuetan ere handiak dira ziurtasun ezak: demografia, ingurumena, baliabideak, gizarte kohesioa eta faktore geopolitikoak, merkatuetan eta merkataritzan aldaketa esanguratsuak eragin ditzaketenak, bat-batean. Jokaleku hori ikusirik, inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Autonomiaren lehiakortasuna zerk bultzatzen duen sakon aztertzea eta ekonomia eta gizarte emaitza onak lortzen jarraitzeko beharrezkoak diren baldintzetan eta portaeretan etengabeko hobekuntzak sustatzea. Zalantzarik gabe, horrek “ahultasunei” begiratzea esan nahi du. Horietako batzuk dagoeneko ezagunak ditugu eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa txikietan nabarmentzen dira bereziki. Orokorrean, berrikuntza, produktibitatea, nazioartekotzea eta espezializazioko arlo gakoetako inbertsio estrategikoak hobetzen jarraitzea eskatzen du horrek.

Berrikuntza funtsezkoa da epe luzera emaitza ekonomikoak lortzeko. Eta Txostenak jarduera berritzailearen efizientzia handitu dela erakusten badigu ere, Euskal Autonomia Erkidegoak oraindik bidea du aurretik aztertu ditugun berrikuntza adierazleetako batzuetan maila egokia lortzeko. Enpresen finantza egoera positiboa izanik, badirudi portaera berritzaile aktiboagoa berreskuratu daitekeela eta, horrela, I+G eta berrikuntzako inbertsioak handitu. Baina garrantzitsua da, halaber, enpresa txiki eta ertainen kopuru handiago batek berrikuntzak egitea sustatzea, bai teknologikoak eta bai teknologikoak ez direnak, produktu berritzaileen salmentak handitzeko aukera izan dezagun. Efizientziaren gorakada hori, kasu askotan, modu pasiboan egin da, alegia, I+Gko gastua gutxitzearen ondorio izan da. Eta arriskutsua izango litzateke efizientziaren gorakada horrek adieraztea berrikuntzan esplorazioko bidea baztertu egin dela. Aurreko Txostenetan adierazi izan dugun bezala, anbidestrezak –besteak beste, berrikuntzan egiten diren inbertsioen esplorazio eta esplotazioaren arteko orekak– bermatuko du etorkizunean produktibitateak handitzen jarraitzea.

Hain zuzen ere, produktibitatearen hazkundeak eta soldaten moderazioak ahalbidetu dute unitateko lan kostuen bilakaera positiboa izatea (nahiz eta produktibitatearen hazkundea handiagoa izan ekonomia osoan eta txikiagoa, berriz, manufakturako sektorean). Gainerako lurraldeekin alderatuta, unitateko lan kostuetan egoera ona denez, esan dezakegu aukera dagoela hainbeste urte iraun duen soldaten moderazioa arintzeko. Horrek soldatak handitzea ekarriko luke eta, bide horretatik, langileen ongizatea areagotuko litzateke. Lehiakortasuna ez litzateke kaltetuko, produktibitatearen hazkundeari eusten bazaio. Baina, horretarako, portaera berritzailearen efizientzia handitzen jarraitu beharko dugu, hezkuntza, prestakuntza eta gaikuntza sendoaren babesarekin.

Ildo horretatik, Txosten honetan aztertutako adierazleek erakusten digute biztanleriak prestakuntza jasotzen jarraitzen duela, bai prestakuntza aratuaz baliatuz (bai akademikoa eta bai lanbide heziketa) eta bai ez aratuaz baliatuz. Nolanahi ere, hezkuntzak eta gaikuntzak garrantzi handia dute produktibitatea areagotzeko, soldata handiagoak lortzeko eta espezializazio bide berriak bultzatzeko, eta, horregatik, garrantzitsua da esparru hori sakontasun handiagoz ikertzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren gaur egungo espezializazioari dagokionez, Txostenak hainbat indar gune jartzen ditu agerian. Oro har, zientzia eta teknologiako indar guneek adar metal-mekanikoaren esportazioetako pisu handia, merkataritza espezializazioa eta merkataritza saldo erlatibo positiboa indartzen dituzte. Gabezia batzuk ere badira, oso kontuan hartzekoak espezializazio adimenduneko gaur egungo estrategia modu efizientean zabaldu nahi bada. Biozientziak-osasuna lehentasunari dagokionez, azpimarratzekoa da datuek espezializazio zientifikoa falta dela erakusten dutela oraindik ere, nahiz eta azken urteetako garapen teknologikoek sektore kimikoan espezializazio txiki bat lortu (bereziki, farmazian). Esportazioak ez dira sendotu lehentasunezko esparru honetan, ezta Elikagaiei lotutako aukera eremuan ere.

Bestalde, manufaktura aurreratuko eta 4.0 Industriako lehentasunean, alerta seinale batzuk ikusi dira, merkataritza espezializazioan ahultasun erlatiboak identifikatu baitira Informatikako eta elektronikako produktuetan eta Material eta ekipo elektronikoan (nahiz eta azken adar horrek merkataritza saldo positiboa eduki). Azpiespezializazio teknologiko nabarmena ikusten da, halaber, Ingeniaritza elektronikoan. Horrek sektorean berrikuntza garatzea oztopatu dezake, esparru erlazionatuetako espezializazio zientifikoarekin konpentsatzen ez bada. Aipatutako guztiari erantsi behar zaio IKTetako espezialistak falta direla, zerbitzu digitalen garapenari laguntzeko. Eta, oro har, digitalizazioaren garapena Euskal Autonomia Erkidegoan egoki ezarrita badago ere, oraindik etxeetan erabilera digitalaren maila handiagoa behar da.

Azkenik, EAEko esportazioen portaera ona azpimarratzekoa da, ekonomiaren hedapen aldi honetan. Bereziki positiboa da esportazioek hain portaera ona edukitzea, Espainiako barne eskaria handitu den garaian, hazkunde horrek arindu egin baitzezakeen enpresek nazioarteko merkatuei arreta jartzeko ikusten zuten beharra. Gero eta enpresa esportatzaile gehiago ditugu eta, kasu askotan, bolumen txikiko esportazioak egiten dituzte. Datua pozgarria da, horrela, esportatzaile erregularren talde zabalagoa sendotzen doalako. Horregatik, gomendatzekoa da esportazioen intentsitatea lehenetsiko duten neurriak hartzea, bide horretan hasi diren enpresei lagunduz, atzerriko salmenten bolumena handitzea lortzen eta atzerriko merkatuetan duten presentzia sendotzen.

Laburbilduz, txostenak agerian uzten du Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasuna islatzen duten adierazle askotan bilakaera ona izan dela.

Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren kokapen erlatiboak okerrera egin du adierazle horietako batzuetan. Beraz, behar-beharrezkoa da bilakaera hori monitorizatzen jarraitzea, bai termino absolutuetan eta bai termino erlatiboetan. Azken batean, lehiakorrak izateak besteekin alderatuta hobetzea esan nahi du. Bereziki, erreferentziazko eskualdeekiko alderapenak, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoaren antzeko egiturazko ezaugarriak dituztenekikoak, ez ditu emaitza onak ematen, oro har. Beraz, bilakaera hori monitorizatzen, aztertzen eta hartan esku hartzen jarraitu behar dugu. Azterketa eta esku hartzeetarako kontuan hartu behar dira Europako eta munduko ekonomian ikusten diren ziurtasun ezak eta indarra hartzen ari diren joerak, horiei guztiei aurrea hartzeko eta, horrela, ingurune global aldakor honek ekarriko dizkigun mehatxuei eta aukerei azkar erantzuteko.