3.5. Bitarteko emaitzen adierazleen laburpena

Bitarteko emaitzen adierazleen bilakaera laburtuz, azpimarratzekoa da langabezia gutxitzeko pausoak egin badira ere, Euskal Autonomia Erkidegoan oraindik ez direla krisiaren hasieraren aurreko mailak berreskuratu eta, horrenbestez, nahiz eta langabezia maila Espainiako gainerako autonomia erkidegoetakoa baino askoz ere txikiagoa izan, egoera Europako eskualde multzoetakoa, erreferentziako eskualdeetakoa eta Alemaniakoa baino okerragoa da. Horrenbestez, enplegu gehiago sortzea (bereziki emakumeentzat eta gazteentzat) erronka handi bat da. Azken urteetan ikusi da EAEk produktibitate maila handia izan dezakeela, baina ez soilik ekoizpen berbera enplegu gutxiagorekin lortuz, baizik eta enplegu berria sortuz eta, bide horretatik, ekoizpen maila handituz. Horrela, produktibitate mailak Europako eta Espainiako batezbestekoaren oso gainetik daude, orain ere.

Berrikuntzaren emaitzei dagokienez, behar-beharrezkoak etorkizunean produktibitateak handitzen jarrai dezan, emaitzak bestelakoak dira. Berrikuntza teknologikoaren emaitzen ohiko patenteen adierazleen balioak (patenteen kopurua, alegia) ez dira onak, nahiz eta hobetzen joan diren, eta ez datoz bat input mailarekin (I+Gko gastua). Teknologikoak ez diren berrikuntzak (Europa mailako diseinuak) jasotzen dituen adierazleetako baten emaitzak ere ez dira onak, baina, aitzitik, egoera ona da marka erregistratuen eskabideetan. Nolanahi ere, itxuraz, enpresek aitortzen dute berrikuntzek beren salmenten ehuneko handi bat sortzen dutela, baina ez dago argi salmenta horiek errotiko berrikuntzak sartzeagatik lortzen diren edo teknologiaren zabalkundearengatik edo enpresek dagoeneko existitzen diren produktuak bereganatzen dituztelako.

Azkenik, azken urtean esportazioak nabarmen handitu direla azpimarratu behar da. Kanpoko salmentek goranzko bidean jarraitu dute, nahiz eta Espainian barne eskaria handitu. Enpresa kopuru nahiko handia ari da esportatzen, bolumen txikietan bada ere. Horrek enpresa esportatzaile erregularren oinarria handitzen du.