3.1. Enplegua eta langabezia

EAEko guztizko enplegu tasa eta emakumeen enplegu tasa Europako batezbestekoaren azpitik daude

Enplegu tasekin zerikusia duten adierazleei dagokienez, azken urtean guztizko enplegu tasa pixka bat handitu dela ikus dezakegu. Hala ere, hazkunde hori beste eskualde batzuetakoa baino txikiagoa izan denez, EAEk atzera egiten du adierazle horren sailkapenean, lurralde guztiekin alderatuta. Emakumeen enplegu tasa ez da ia hazi (eta enplegu tasa orokorrak baino balio txikiagoak ditu). Horrela, sailkapenean atzera egin da, Europako eskualdeen multzoarekin alderatuta. Hori guztia kontuan hartuta, EAE maila ertain-baxuan dago Europako eskualdeen multzoaren alderapenean eta atzean gelditzen da erreferentziazko eskualdeen multzoarekin alderatuz gero, nahiz eta Espainia baino toki hobean egon. Bilakaeraren grafikoetan ikus daitekeenez, azken urteko emaitzek aurreko urteetako joera hausten dutela dirudi. Azken urteetan, adierazleak hobera egiten eta Europako batezbestekora hurbiltzen ari ziren, krisia hasi eta 2012ra arte Europako batezbestekoaren azpitik egon ondoren. Erreferentziazko eskualdeekin alderatuta, ikus daiteke EAEko enplegu tasa, bai guztira eta bai emakumeena, Europako batezbestekoaren azpitik geratzen dela, urteak joan eta urteak etorri. Horrenbestez, tartea badago enplegua handitu eta beste lurralde batzuetako mailetara iristeko, bereziki emakumeei dagokienez.

Behera nabarmen egin badu ere, EAEko langabezia tasa Europako eta erreferentziazko eskualdeetako batezbestekoak baino handiagoa da oraindik ere

Enplegua handitzeko bi bide daude: jarduera tasa handitzea eta lan merkatuan dauden pertsonek lan egitea. Horregatik, interesgarria da langabezia tasetan zer gertatzen den ere aztertzea. Guztizko langabezia tasa eta gazteenen langabezia tasa azalduko ditugu. Azken horrek 15 eta 24 urte arteko gazteen langabezia neurtzen du, eta biztanleria osoaren langabezia tasaren bikoitza baino handiagoa da. Bi tasek hobera egin dute azken urtean, bai termino absolutuetan eta bai erlatiboetan, eta, hala, EAE langabezia tasa txikiena duten autonomia erkidegoen artean jarri da. Hala eta guztiz ere, Europako sailkapenetan kokapen kaskarragoa du. Horrek esan nahi du biztanleria aktibo izanik, lanik aurkitzen ez duten pertsonen ehunekoa beste tokietan baino handiagoa dela. Alde horren arrazoia 2013. urtera arte langabezia tasak izan duen hazkundea da. Orduz geroztik, beherantz doa, baina oraindik ez da Europako eta erreferentziazko eskualdeetako batezbestekora iritsi. Bi batezbesteko horiek oso antzekoak dira. Lurralde horietan, nahiz eta maila txikiagoan izan, gazteentzat lanpostuak sortzea erronka da, gazteen langabezia tasa (% 16 inguruan dagoena) biztanleria osoaren langabezia tasa halako bi baita, gurean bezala.