4.3. Enpresa ingurunea

Erreferentziazko eskualdeekin alderatuta, EAE egoera ertain-baxuan dago zientzia eta teknologiako giza baliabideetan

Enpresa ingurunea gakoa da enpresei beren produktibitatea areagotzea eta nazioarteko merkatuetan eraginkortasunez lehiatzea ahalbidetuko dieten baldintzak eskainiko dizkielako. 14 taulan laburbildu dugu EAEren egoera adierazle horietan. Ikus daitekeenez, nahiz eta aurreko urtearekiko bilakaera, termino absolutuetan, positiboa izan den adierazle askotan, termino erlatiboetan bilakaera nagusiki negatiboa da, eta atzera egin da (gutxi bada ere) ia sailkapen guztietan. Jarraian, adierazle bakoitzaren egoera eta bilakaera azalduko dugu, azken urtean eta, 14 grafikoan ikus daitekeen bezala, aurreko urteetan. Adierazleen lehenengo multzoak lurraldeak dituen baliabide pertsonalekin zerikusia duten alderdiei egiten die erreferentzia. Zientzian eta teknologian aritzen diren giza baliabideetan, EAE ongi kokatuta dago, gainerako autonomia erkidegoekin alderatuta. Gainera, azken urtean adierazle horrek gora egin du pixka bat. Europako eskualdeen multzoarekin alderatuta, erdian kokatzen da eta erreferentziazko eskualdeekin alderatuta, berriz, beherago (kokapen ertain-baxua du). Azken urteetan, adierazle horren balioak nahiko egonkorrak izan dira, Europako eta erreferentziazko eskualdeen batezbestekoaren azpitik egon dira 2011z geroztik, eta Alemaniatik urrun.

EAE biztanleriaren gaikuntzan zuen ahultasun erlatiboa zuzentzen ari da, bereziki hirugarren mailako hezkuntzako ikasleen ehuneko handiari esker

25 eta 64 urte arteko biztanleria hartuta, haren prestakuntza maila oso gutxi aldatzen da urte batetik bestera, heziketa arautuaren adina gainditu delako. Pixka bat handitu daiteke, multzo horretara iristen diren gazteek multzoa uzten duten adinekoek baino prestakuntza handiagoa dutelako. Adin tarte handieneko herritarrek prestakuntza maila txikiagoa dutenez (Europako beste eskualde batzuekin eta, bereziki, erreferentziazko eskualdeekin alderatuta), enpresa inguruneko adierazle honetan du kokapenik okerrena EAEk bai Europako eskualdeekin alderatzen dugunean eta bai erreferentziazko eskualdeekin alderatzen dugunean. Hala ere, Espainiarekin alderatuta, oso toki onean dagoela esan dezakegu. Hala eta guztiz ere, adin tarte handieneko herritarrek prestakuntza mailan dituzten gabeziak herritar gazteenek duten prestakuntza mailarekin konpentsatzen ari dira, bereziki hirugarren mailako hezkuntzari dagokionez. Hala, nahiz eta adierazle horren balioa azken urtean pixka bat jaitsi eta, horrenbestez, Europako eskualdeen sailkapenean atzera egin (eta 50. tokitik behera gelditu), oraindik ere nahiko ongi kokatuta dago erreferentziazko eskualdeekin eta Espainiako autonomia erkidegoekin alderatuta, eta bilakaeraren grafikoan aztertutako lurralde guztien gainetik dago.

Lanbide heziketan, hirugarren mailako hezkuntzan baino egoera kaskarragoa dugu eta azken urtean, jaitsi egin da bai aldagai horren balioa eta bai sailkapeneko tokia. Hala ere, toki ertain-altuetan dago Europako eskualdeekin eta Espainiako autonomia erkidegoekin alderatzerakoan, eta tartekoan, erreferentziazko eskualdeekin alderatzerakoan. Azpimarratzekoa da, hala ere, ehunekoa Alemaniako batezbestekoaren gainetik gelditzen dela.

Erreferentziazko eskualdeekin alderatuta, EAE sailkapenaren erdialdean dago lanbide heziketako ikasleen ehunekoan eta kokapen ertain-baxua du etengabeko prestakuntzako ikasleetan

Etengabeko prestakuntzan, alegia, gaitasunak eskuratzen jarraitzeko beharrezkoa den horretan, parte hartzen duen biztanleriari dagokionez, azpimarratzekoa da EAE toki onean dagoela bai Espainiarekin alderatuta eta bai Europarekin alderatuta. Gainera, azken urteetan bilakaera positiboa izan da. Bilakaera ona izan arren, erreferentziazko eskualdeekin alderatuta, EAE sailkapeneko toki ertain-baxuetan dago. Beraz, EAEren antzeko egiturazko ezaugarriak dituzten eskualde horiekin ahultasun erlatibo bat dugula esan dezakegu. Gainera, ahultasun hori azken urteetan mantendu egin da.

14 Taula. EAEren egoera enpresa inguruneari lotutako adierazleetan.
14 taula EAEren egoera enpresa inguruneari lotutako adierazleetan.
Iturria: Eurostat. Geuk egina.
Oharra: Ranking-ak egiteko, Europako 218 eskualdeak hartu ditugu (daturik ez zegoenean izan ezik -*217-), EAE eta erreferentziazko 30 eskualdeen multzoa, eta 19 autonomia erkidegoak.
14 Grafikoa. Enpresen inguruneari lotutako adierazleen bilakaera.
14 Grafikoa. Enpresen inguruneari lotutako adierazleen bilakaera. Zientzia eta teknologiako baliabideak (biztanle osoaren %), 2008-2017
14 Grafikoa. Enpresen inguruneari lotutako adierazleen bilakaera. Gorango bigarren hezkuntza edo hirugaren hezkuntza duen 25-64 urte arteko biztanleria (%), 2008-2017
14 Grafikoa. Enpresen inguruneari lotutako adierazleen bilakaera. Hirugarren hezkuntza matrikulaturako ikasleak (20-24 urte arteko bistanleriaren %), 2013-2016
14 Grafikoa. Enpresen inguruneari lotutako adierazleen bilakaera. Lanbide heziketako ikasleak (10-19 urte arteko bistanleriaren %), 2013-2016
14 Grafikoa. Enpresen inguruneari lotutako adierazleen bilakaera. Etengabeko prestakuntzan hartzen duen 25-64 urte arteko bistanleriaren (%), 2008-2017
14 Grafikoa. Enpresen inguruneari lotutako adierazleen bilakaera. Antolakunde publikoetakoI+Dko langileak (guztiako enpleguaren %), 2008-2015
14 Grafikoa. Enpresen inguruneari lotutako adierazleen bilakaera. I+Gko gastu publikoa (BEG %), 2008-2015
14 Grafikoa. Enpresen inguruneari lotutako adierazleen bilakaera. I+G langileak guztira (guztirako enpleguaren %), 2008-2015
14 Grafikoa. Enpresen inguruneari lotutako adierazleen bilakaera. I+Gko gastua guztira (BEG %), 2008-2015
14 Grafikoa. Enpresen inguruneari lotutako adierazleen bilakaera. Banda zabalerako sarbidea duten familiak (%), 2008-2017
14 Grafikoa. Enpresen inguruneari lotutako adierazleen bilakaera. Internet bidezko merkataritza (gizabanekoen %), 2008-2017
leyenda

 

Iturria: Eurostat. Geuk egina.

Enpresa ingurunearen barruan, bigarren adierazle multzoak I+Gko gaitasun publikoak (alegia, gobernuarenak eta unibertsitateenak) eta guztizkoak (enpresa sektorekoak ere erantsita) neurtzen ditu. Hain zuzen ere, guztizko gaitasunak enpresen portaera aztertzerakoan deskribatu ditugu jada. Biak batzen dira, zentro teknologikoen eta lankidetzako ikerketa zentroen I+Gko inbertsioa pribatutzat hartzeak sortzen duen bihurdura saihesteko. Horrek azaltzen du I+Gko gastuaren eta langileen kokapen erlatiboak guztizkoen azpitik gelditzea. 14 taulan ikus daiteke, 2015eko datuak erabilita, I+Gko langile publikoen adierazleak izan ezik (konstantea da adierazle hori), gainerako hiru adierazleek behera egin zutela termino absolutuetan. Gainera, lurralde guztiekin alderatuz gero, sailkapenean berdin daude edo atzera egin dute. 14 grafikoak hurrengo urtean gertatu zena ikusteko aukera ematen du: I+Gko langileen adierazleak gora egin zuen eta gainerako hiru adierazleek, berriz, behera.

I+Gko jarduerak behera egin du, baina egindako I+Garen efizientzia edo produktibitatea hobetu egin da

I+Gko jarduera uzkurtu bazen ere, I+Gren efizientzia edo produktibitatea handitu egin zen eta hori positiboa da, noski. Baina are positiboagoa izango zen I+Gren produktibitatea ekonomialariek produktibitatearen hazkunde pasibo deitzen dutenaren ondorio izan ordez (hau da, izendatzailea: I+Gko jarduera, asko jaisteak eragiten dituen hazkundeen ondorio) hazkunde aktiboen ondorio izango balitz (hau da, zenbakitzailea edo berrikuntzaren outputa handitzearen ondorio: patenteak, produktu berriak…). I+Gko gastuaren murrizketa gertatu da, besteak beste, I+G egiten duten enpresen kopuruak behera egin duelako (normalean, I+G noizik behin eta ez hain modu sistematikoan egiten zuten enpresen eraginez). Horrela, gelditzen diren enpresak efizienteagoak dira. Baina, bide horretatik, etorkizuneko I+Gren hazkunderako oinarria txikitu egiten da. Hori bereziki I+Gko guztizko gastuari lotutako adierazleetan gertatzen da. I+Gko gastu publikoa Europako batezbestekoaren azpitik geratzen ari da 2015az geroztik: urte askotan Europako batezbestekoaren gainetik egon den arren, azken bi urteetan behera egin du eta Europan, berriz, gora.

Digitalizazio gaitasunei dagokienez, EAE Europako herrialde liderretatik hurbil dago, baina hutsuneak ikusten dira Interneten etxeetako erabileran eta, ziur aski, IKTetako espezialista gutxiegi ditugu zerbitzu digitalak garatzeko

Azkenik, 14 taulan interneten erabilerari lotutako bi adierazle erantsi ditugu, eskariaren sofistikazioa aztertzera hurbiltzeko. Banda zabalerako sarbidea duten familien adierazlea handituz joan da, azken urtean ez ezik, baita aurreko urteetan ere. Hori lortzeko funtsezkoa izan da azpiegituraren zabalkundea: ia etxe guztietara iristen da, nahiz eta denek ez kontratatu. Horregatik, EAE, nahiz eta zabalkunde teknikoa eduki, erdiko postuetan dago, Interneten erabileran. Argiago ikus dezakegu hori, internet bidezko merkataritza aztertuta. Hain zuzen ere, adierazle horretan EAE erreferentziazko eskualdeen multzoaren azken postuetan dago eta Europako batezbestekoaren azpitik. Etxeen interneteko erabileran dugun ahultasun erlatiboa berresten da EAEko ekonomiaren eta gizartearen digitalizazioari buruz egin dugun analisi zabalagoan, 2 laukian

2 Laukia Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren eta gizartearen digitalizazioari buruzko txostenaren (DESI txostenaren) ondorio nagusiak

Enpresa ingurunearen adierazleen ildo beretik, Orkestrak txosten bat prestatu du EAEko ekonomiaren eta gizartearen digitalizazioaren inguruan. Digitalizazio hori DESI adierazlearen bidez neurtu dugu (Digital Economy and Society Index). Adierazle horrek 5 dimentsio hartzen ditu barne: konektagarritasuna, giza kapitala, interneten erabilera, enpresetan teknologiaren integrazioa eta zerbitzu publiko digitalak. Europako eskualdeetarako datu eskuragarririk ez dagoenez, alderapena herrialdeekin egiten da. Hortaz, kontuan hartu behar da herrialdeen barruan alde handiak daudela, baina alde horiek ezkutuan geratzen direla batezbesteko orokorra hartzen dugunean.

Euskal Autonomia Erkidegoa Europako liderrengana hurbiltzen ari da, nagusiki konektagarritasun handia duelako, giza kapitalaren maila ona eta teknologia negozioetan eta administrazio publikoan egoki txertatuta dagoelako. Aitzitik, EAEko etxeen digitalizazio maila Europakoena baino txikiagoa da.

15 Grafikoa. Ekonomia eta Gizarte Digitaleko Indizea, Digital Economy and Society Index, DESI 2017.
15 grafikoa Ekonomia eta Gizarte Digitaleko Indizea, Digital Economy and Society Index, DESI 2017.

Etxeen digitalizazio maila etorkizunean handitu daiteke, prestazio handiko komunikazio azpiegiturek, bereziki abiadurari dagokionez, gero eta zerbitzu digital sofistikatuagoak eskaintzeko aukera ematen baitute. Gainera, herritar gehienek eguneroko bizitzan moldatzeko trebetasun digitalak badituzte.

Etxeetan interneten erabilerak erakusten duen ahultasuna ez da enpresetan ikusten. Izan ere, enpresak teknologia abiadura egokian joan dira txertatzen. Gainera, teknologia berrienetako batzuen erabileran sofistikazio handiagoa ikusten da. Hala ere, mugak ikusten dira merkataritza elektronikoan, bai kanal digital berrien bidezko merkaturatze mailan eta bai fakturazioan eta Europako barne merkatuarekiko irekitze mailan duen eraginean. Hori izan daiteke EAEko etxeetan merkataritza eragiketa elektronikoen erabilera txikiagoaren arrazoia. Horretaz gainera, enpresen digitalizazioa baldintzatu dezaketen inguruneko elementuei dagokienez, zerbitzu digitalak garatzeko IKTetako espezialisten falta ikusten da.

Administrazio publikoei dagokienez, digitalizazio prozesuan daude: zerbitzu publiko digitalen eskaintza zabala da, arlo askotako zerbitzuak eskaintzen baitira eta erraztasun handiak baitaude zerbitzua emateko orduan. Datuen irekitzea ere egoki garatu da.

Baina zerbitzu digital horien kalitateak ez du ekarri herritarrek zerbitzu publikoak gehiago erabiltzea.

Iturria: Zubillaga Rego, Agustin (2018) Economía y sociedad digitales en el País Vasco. Cuadernos de Orkestra.

Inguruneko adierazleei dagokienez, ondoriozta dezakegu EAEk biztanleria osoaren gaikuntzan (stock adierazlea izanik, gutxi aldatzen da urte batetik bestera) zuen ahultasun erlatiboa zuzentze bidean dagoela, etengabeko prestakuntzaren bidez herritarren heziketa hobetzen jarraitzen dela (baina erreferentziazko eskualdeetan baino gutxiago) eta, bereziki, hirugarren mailako hezkuntzako ikasleen ehunekoa handia dela. Lanbide heziketan, azpimarratzekoa da ikasleen ehunekoa Alemaniakoa baino handiagoa dela, nahiz eta azken urtean behera egin duen. Horren ondorioz, sailkapenetan toki ertain-altuetan edo ertainetan gelditzen da. Berrikuntza adierazleek inputak uzkurtu direla erakusten dute, baina, aurreikuspenen arabera, azken urtean egoera hori zuzendu egingo litzateke. Uzkurtze horrek efizientziaren hazkunde pasiboa ekarri du; arriskuan jar dezake, ordea, etorkizuneko I+Garen hazkunde oinarria. Azkenik, digitalizazioari lotutako adierazleek erakusten digute herrialdeko gaitasunek (konektagarritasunari eta giza kapitalari lotuta) aukera ematen diotela EAEri Europako herrialde liderretatik hurbil kokatzeko (hala ere, datuek ez dute aukerarik ematen herrialde bakoitzean eskualdeen artean egon daitezkeen aldeak aztertzeko). Nolanahi ere, gabeziak ikusten dira etxeen interneteko erabilera mailan eta, beharbada, zerbitzu digitalak garatzeko IKTetako espezialistak falta dira.

  1. Gráfico 14etik ondoriozta badaiteke ere 2013an hasi zela, lehentxeago hasi zen, urte horretan erreferentziazko eskualdeen segidan ikusten den jauzia Frantziako eskualdeetan aldagai hori kalkulatzeko metodologia aldatzearen ondorio baita, eta eskualde horietako asko daude erreferentziazko taldean.

  2. Digital Economy and Society Index