4.1.1. Berrikuntzako inputak

Azken urteetako bilakaera negatiboa izan bada ere, EAEk egoera ona du I+Gko langile kopuruan eta gastuan

5 taulan ikus daitekeen bezala, eskualde mailan eskura dauden enpresen portaerako adierazleak oso gutxi dira. I+Gren portaerari lotutakoak dira nagusiki, bai I+Gko jardueretan aritzen diren langileak eta bai esparru horretan egiten den gastua. Gainera, 2015era arte besterik ez daude. Urte horretan, EAEko balioak aurreko urtekoak baino pixka bat okerragoak izan ziren. Gastuari dagokionez, sailkapenetan atzera egin dela aipatu behar da. Urte horretako bilakaera negatiboa izan bazen ere, azpimarratzekoa da EAE, urte haietan, sailkapenaren goi-goiko tokietan zegoela Espainiako autonomia erkidego guztiak hartuta, nahiko goian Europako eskualdeen multzoa hartuta, eta erdi-goian erreferentziazko eskualdeak hartuta. Hala ere, kontuan hartu behar da kopuru horien barne daudela zentro teknologikoetako eta lankidetzako ikerketako zentroetako langileak eta I+Gko gastua.

5 Taula. EAEren egoera enpresen portaerari lotutako adierazleetan.
5 Taula. EAEren egoera enpresen portaerari lotutako adierazleetan.
Iturria: Eurostat eta Regional Innovation Scoreboard. Geuk egina.
Oharra: Ranking-ak egiteko, Europako 218 eskualdeak hartu ditugu (daturik ez zegoenean izan ezik -*204-), EAE eta erreferentziazko 30 eskualdeen multzoa, eta 19 autonomia erkidegoak. Berrikuntzak egiten dituzten enpresa txiki eta ertainen adierazleak balio normalizatuak dira, Regional Innovation Scoreboard-ek eskaintzen dituenak. Bi urte atzera eginda genituen datuekin alderatu dugu, Community Innovation Surveyan oinarritzen delako eta inkesta hori bi urtean behin egiten delako.

Ikuspegi berriagoa lortzeko, I+Gko bilakaerari dagokion 7 grafikoan eta ondorengoetan, 2016ko balioak ere hartu dira kontuan, Eurostatek herrialdeetarako eta Eustatek EAErako ematen dituenak. SDatu horiekin berresten da EAEn langileriari dagozkion datuak gainerako lurraldeetakoen gainetik daudela, nahiz eta 2016an pixka bat jaisten jarraitu zuten. 2011. eta 2012. urteetan ikus daitekeen hazkundeak erakusten digu enplegu mota hori ez dela ekonomiaren gainerako jardueretakoaren maila berean suntsitu, baina hazkunderako joera eten egin zen 2013an. Joera aldaketa bera antzeman daiteke I+Gko gastuan, gero eta urrunago baitago Alemaniako balioetatik, gureak baino dezente handiagoak. Gainera, 2015ean erreferentziazko eskualdeen batezbestekoa EAEko balioa baino handiagoa izan zen eta 2016an, EB-28ko batezbestekotik oso hurbil gelditu ziren (oraindik gainetik egon arren), urte hartan, EBn enpresetako I+Gko gastua asko handitu baitzen.

7 Grafikoa. Enpresen portaeraren adierazleen bilakaera.
7 Grafikoa. Enpresen portaeraren adierazleen bilakaera. Enpresen I+Gko langileak (enpleguaren %), 2008-2016
7 Grafikoa. Enpresen portaeraren adierazleen bilakaera. Enpresen I+Gko gastua (BPGren %), 2008-2015
leyenda

 

Iturria: Eurostat. Geuk egina.

I+Gko gastu eta langileei lotutako adierazle on horiek ez dira enpresa txiki eta ertain gehienetara zabaltzen

Enpresa txiki eta ertainen portaera berritzaileari dagokionez, 5 taulako balio normalizatuak ez dira, ezinbestean, urtez urte alderagarriak. Baina ikusten da bai berrikuntza teknologikoan (produktua eta prozesua) eta bai teknologikoa ez den berrikuntzan (marketina eta antolaketa) EAEren kokapena ertain-baxua dela Europako eskualde multzoarekin alderatuta, eta kaskarragoa, eskualde erreferentziekin alderatuta. Teknologikoa ez den berrikuntzari dagokionez, badirudi egoera hobetu egin dela, pixka bat bederen, Europako alderapenean, baina sailkapenean atzera egin du erreferentziazko eskualdeekin alderatuta eta baita Espainiako autonomia erkidegoekin alderatuta ere. Emaitza horiek, itxuraz, erakusten dute I+Gko gastu eta langileen adierazle onak ez direla enpresa txiki eta ertain gehienetara zabaltzen, berrikuntzan aritzen direla adierazten dutenak Europan baino gutxiago baitira.

  1. Eurostat eta Eustateko datuak bat ez datozenez, EAEri dagokion balioa kalkulatu dugu Eustateko datuen 2015-2016 urteen hazkunde tasa Eurostateko 2015eko balioari aplikatuta.

  2. Nolanahi ere, Innobasqueren 2018ko Berrikuntza Txostenak adierazten duen bezala eta euskal berrikuntza sistemako hainbat eragile eta enpresekin izandako elkarrizketetan ikus daitekeenez, badirudi 2017an berreskuratu egin dela, nolabait, I+Gko gastua. Beraz, nahiz eta atzerapenez izan, ekonomiaren susperraldia I+Gren esparrura ere hasi da iristen.