4.1.2. Enpresen finantzaketa

Enpresen I+Gko portaeraren analisiaren osagarri, finantzaketa ere aztertu dugu. Finantzaketarako ez da adierazle desagregaturik eskualde mailan Europan, baina Orkestrak EAErako kalkulatu ditu adierazle horiek, baita Espainiako erreferentziazko eskualdeetarako eta Europako zenbait herrialdetarako ere.

Finantzaketa funtsezko elementua da enpresen lehiakortasunerako. Alde batetik, finantzaketa eskuratzerik ez izateak enpresen hazkundea eta biziraupena muga ditzake. Beste alde batetik, eta gero eta gehiago, finantzaketa enpresen negozio ereduetan integratzen den dimentsioa da, bezeroari egiten zaion balio proposamenari lotuta. Horregatik, enpresen finantzaketaren egiturak enpresak bere estrategiak ezartzeko izango duen gaitasuna eta, horren ondorioz, lurraldeak lehiatzeko duen ahalmena baldintzatzen ditu.

4.1.2.1 Euskal enpresaren egoera Espainiako testuinguruaren aurrean

Azken urteetako krisian, eskaria uzkurtu egin zen eta finantzaketa eskuratzeko aukerak mugatu. Enpresa batzuek gehiegizko zorpetzea zutenez, kolokan ikusi zuten beren irautea bera. Gaur egungo testuingurua oso bestelakoa da. Eskaria berreskuratu da eta likidezia badago. Baina, nahiz eta ingurune orokorra hobetu eta finantzaketa kostu txikiarekin eskuratzeko aukerak ugariak izan, enpresak oso zuhur ari dira jokatzen zorpetzea handitzeko orduan.

>

Orkestrak orain dela gutxi euskal enpresen ekonomia eta finantza egoera eta bilakaera aztertu ditu, 2008-2016 aldirako, eta Espainiakoenpresekin alderatu du. Azterketa horretan ikus daiteke euskal enpresan handitu egin dela ondare garbiaren pisua eta gutxitu, berriz, finantza zorrarena. Prozesu hori Espainia osoan gertatu da eta, horrela, enpresek sendotasun handiagoa dute orain. Ustiapeneko emaitzek, fakturazioarekiko, bilakaera positiboa izan dute 2013az geroztik, baina, hala eta guztiz ere, Euskal Autonomia Erkidegoan ez dira krisi aurreko mailak berreskuratu. Espainian, ordea, bai. Azkenik, zorpetze maila eta zorpetzearen kostua gutxitu direnez, euskal enpresek gaitasun handiagoa dute orain zorrari eta zor horrek eragiten dizkien finantza gastuei aurre egiteko. Bestalde, euskal enpresetan aktiboaren gaineko errentagarritasuna zorpetze kostua baino handiagoa izan da 2016an. Beraz, finantza balankatzea positiboa denez, zorpetzearen bidetik finantzatutako inbertsio politikek enpresen finantza errentagarritasuna handituko lukete.

Era berean, txosten horretako beste atal batek kreditu arriskuaren eredu bat aplikatzea du helburu. Eredu hori aplikatzeak aukera ematen du kreditu arriskuaren maila zehazteko, 11 mailatako eskala batean. Zenbat eta txikiagoa izan kalifikazio hori, handiagoa izango da kreditu arriskua eta okerragoa enpresaren finantza egoera; zenbat eta handiagoa izan kalifikazio hori, txikiagoa izango da kreditu arriskua eta hobea enpresaren finantza egoera.

Alderapena egiteko 2016ko batez besteko kalifikazioaren balioa hartuta, bai Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak eta bai Espainiakoak erdian kokatzen dira, eta hobekuntza ikusten da 2015. urtearekin alderatuta. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen batez besteko kalifikazioa 6,87 da; Espainiakoa, berriz, 6,61. Beraz, euskal enpresen finantza egoera, oro har, Espainiakoena baino hobea da.

8 grafikoan ikus daitekeen bezala, euskal enpresek Espainiakoekin alderatuta duten kokapen erlatibo on hori ez da hain positiboa alderapenean Espainian dauden erreferentziazko eskualdeekin bakarrik hartzen baditugu (Aragoi, Kantabria, Katalunia eta Nafarroa). Hain zuzen ere, ikus daiteke euskal enpresa tarteko mailan dagoela: Aragoikoa eta Kantabriakoa baino hobeto, baina Kataluniakoaren eta Nafarroakoaren azpitik. 2009tik 2016ra arteko bilakaera aztertzen badugu, ikus dezakegu euskal enpresaren egoera, erlatiboki, hobetu egin dela Espainiako erreferentziazko eskualdeekin alderatuta. Izan ere, aldi horren hasieran Kataluniako eta Nafarroako enpresen azpitik zegoen argi eta garbi, eta haiek baino bilakaera hobea izan du, bereziki krisiaren lehenengo urteetan, 2009tik 2012ra.

8 Grafikoa. Kreditu arriskuaren kalifikazioaren bilakaera.
8 Grafikoa. Kreditu arriskuaren kalifikazioaren bilakaera.
Iturria: SABI-Informako datu basea. Geuk egina.

4.1.2.2 Euskal enpresaren egoera Europako testuinguruaren aurrean

Bank for the Accounts of Companies Harmonised (BACH) proiektuaren datu baseak aukera ematen du Europar Batasuneko erreferentziazko sei herrialdetako enpresen ekonomia eta finantza egoera eta bilakaera jakiteko, 2008tik 2016ra: Alemania, Espainia, Frantzia, Italia, Polonia eta Portugal. BACH en (Europarako erabili dugun datu iturria) eta SABIren (Euskal Autonomia Erkidegorako erabili duguna) artean aldeak badaude ere, homogeneotasun maila nahikoa dute alderapenak emaitza baliagarriak eman ditzan aukeratu ditugun adierazleentzat (ikus 6 taula). Bada, alderapen horrek iradokitzen digu Europan krisia ez zela hain sakona izan eta bilakaera egonkorra izan zela. Europako enpresetan ondareak gora egin zuen, baina EAEkoetan baino gutxiago, eta merkataritza zorra murriztu egin zen. Krisiak euskal enpresetan Europakoetan baino eragin handiagoa izan zuela ikusten da, halaber, ustiapeneko emaitzan, nahiz eta 2013az geroztik Euskal Autonomia Erkidegoak izan duen dinamismo handiagoak ahalbidetu duen 2016an adierazle hori berriro Europako mailan egotea. Aurreikusten da euskal ekonomiak 2017an izan duen bilakaera onak joera hori sendotzea.

Aktiboaren errotazio ratioen bilakaera oso antzekoa da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Europan. 2008tik 2013ra bilakaera negatiboa izan bazen ere, handik aurrera lehengo maila berreskuratzen joan da. Azpimarratzekoa da, bereziki, euskal enpresetan Europakoetan baino txikiagoa dela finantza aktiboen errentagarritasuna. Bestalde, EAEko eta Europako enpresek antzeko gaitasuna dute zorra itzultzeko eta finantza gastuak estaltzeko. Azkenik, ikusten da zorpetzearen kostuak behera egin duela eta, horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko zorpetze kostua Europakoaren azpitik geratzen da.

6 Taula. Enpresen finantzaketari lotutako adierazleak.
Tabla 6 Indicadores de financiación empresarial
Iturria: SABI-Informa datu basea eta Bank for the Accounts of Companies Harmonised (BACH) proiektua. Geuk egina.

Europako enpresekin alderatuta, EAEko enpresek kapitalizazio handiagoa dute, zorpetze txikiagoa eta finantza balankatze positiboak

Nahiz eta jakin analisi orokorrek askotariko errealitateak ezkutatzen dituztela, enpresen tamainaren eta jarduera sektorearen arabera, oro har, alderapen horietatik ondoriozta daiteke euskal enpresak kapitalizazio handiagoa, zorpetze txikiagoa eta finantza balankatze positiboa dituela. Era berean, 2013tik aurrera ikusten da euskal enpresetan ustiapeneko emaitzen maila berreskuratzen hasten dela Europako enpresekin alderatuta, baina ez Espainiakoekin alderatuta. 2017ko datuek bilakaera positiboa erakutsiko dutela aurreikusten da. Euskal enpresak, Espainiakoarekin alderatuta, zorpetzearen estaldura handiagoa du. Hala, Europako enpresetara hurbiltzen da, ezaugarri horri dagokionez. Askotariko errealitate horiek baldintzatzen dituzte enpresek etorkizunean hartu ahal izango dituzten estrategia posibleak. Alde batetik, kapitalizazioari eta zorpetzeari dagokionez egoera onean dauden eta balankatze maila positiboak dituzten enpresek hazkunde eta inbertsio prozesuei aurre egin ahal izango diete, horrela beren enpresa proiektuak sendotzeko eta, aldi berean, finantza errentagarritasuna handitzeko. Beste alde batetik, finantza egoera ahulagoa duten enpresek erne egon beharko dute interes tasen igoerari begira, igoera hori gertatuz gero, enpresa horietako batzuen egoera kolokan gera baitaiteke.

  1. Gil de San Vicente, I., Murciego, A., Sisti, E., Vivanco, D. (2018). Euskal enpresen ekonomia eta finantza txostena eta kreditu arriskua/Informe económico-financiero y riesgo de crédito de la empresa vasca, Orkestrako Koadernoak.