4.2.4. Espezializazioari lotutako adierazleen laburpena

Ekonomia eta merkataritza espezializazioaren analisiak erakutsi digu EAE espezializatuta dagoela, nagusiki, Motor ibilgailuen, Metalurgia eta metalezko produktuen, Makineria eta ekipoaren eta Petrolioa fintzearen adarretan. Horrek badu nolabaiteko arriskua, adar horiek elkarren artean lotuta daudelako, baina, nolanahi ere, barietate erlazionatua dute eta saldo positibo handiak. Azpimarratzekoa da teknologia eta eskariaren hazkunde handiko esportazioetan eta zientzia eta teknologian intentsiboak diren adarretan dugun espezializazio txikia. Kontuan hartu behar da adar horiengan ez duela hainbesteko eraginik gorabidean doazen merkatuetako lehiak. Horrek eragina izan dezake EAEko RIS3aren hedapenean. Izan ere, azpimarratzekoa da hainbat adarretan ikusten den azpiespezializazioa: Farmazia (Biozientziak-osasunaren estrategiarako interesgarria), Material eta ekipo elektronikoak (kasu honetan, nolanahi ere, merkataritza saldoa positiboa da) eta Informatikako eta elektronikako produktuak (garrantzitsuak fabrikazio aurreratuko estrategiarako). Nabarmentzekoa da, halaber, Elikaduraren adarreko azpiespezializazioa, kontuan hartzekoa aukera eremu bat delako.

4.0 Industriako EIKTei (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak) estu lotutako sektoreen azpiespezializazioa berresten da, halaber, espezializazio teknologikoa aztertuz. Izan ere, azken urteetan arindu bada ere, azpiespezializazio handia ikusten da Ingeniaritza elektronikoan, bereziki Material elektrikoaren eta Informatika zerbitzuen adarretan aplikagarri diren patenteei dagokienez, nahiz eta nolabait konpentsatu Matematika eta Informatikako esparru zientifikoko espezializazioarekin. Biozientziak-osasunaren estrategiari dagokionez, kontrako irudia ikusten da. Izan ere, Biomedikuntza eta osasunaren eta Bizitza eta lurraren zientzien adarreko ekoizpen zientifikoan azaltzen den azpiespezializazioa neurri batean konpentsatzen da sektore kimikoari lotutako patenteetan (bereziki farmaziako produktuei lotutakoetan) ikusten den espezializazioarekin. Gainera, aurrerapausoak ikusten dira estrategiari horri lotutako argitalpenetan eta patenteetan.

Bestalde, azpimarratzekoa da adar metal-mekanikoan ikusten den merkataritza espezializazio handia, sektore horietan aplikagarri diren patenteetan dagoen espezializazio handiak indartzen duena. Ez da horrelakorik ikusten Motor ibilgailuen edo Tren materialaren kasuetan. Azken bi adar horietan, merkataritza abantailak ez ditu sendotzen Garraio materialari aplikatzeko patenteetako espezializazioak.