3.4. Esportazioak

Etxeko eskaria asko handitu dela kontuan izanik, azpimarratzekoa da 2017an euskal esportazioak beste lurralde batzuetakoak baino gehiago hazi direla

Bitarteko emaitzen adierazleen portaera alderatuaren azterketa amaitzeko, esportazioen analisi zehatzagoa egin dugu. 6 grafikoan ikus daitekeen bezala, 2010etik aurrera, EAEk atzerrira egiten dituen esportazioek krisi aurreko balioa lortzen badute ere, EAEko esportazioen hazkunde nominala, urterik gehienetan, grafikoan jasotzen diren beste lurralde batzuetan izandakoaren azpitik geratzen da. Baina 2017an aldaketa nabarmen bat ikusten da euskal esportazioen portaeran: aldi osoa hartuta, bilakaerarik okerrena duen ekonomia izatetik, azken urte horretan hazkunderik handiena duen ekonomia bihurtu da (% 10,5eko hazkundea 2016ko esportazioekin alderatuta). Baliteke horrek, neurri batean, lotura izatea euskal ekonomiaren espezializazioarekin: ziklo ekonomikoarekiko mendekotasun handiagoa duten sektoreetan espezializatuta gaude; hortaz, Europako ekonomiak portaera onena erakusten duen urtean, euskal esportazioetarako baldintza aldekoagoak sortzen dira. Nolanahi ere, positiboa da, Espainian 2017an barne eskariak izan duen hazkunde handiarekin, euskal enpresak Espainiako merkatuan ez kontzentratzea eta portaera esportatzaile hain positiboa edukitzea.

6 Grafikoa. Esportazioen balioaren bilakaera, eurotan neurtuta (2007 = 100).
Gráfico 6. Evolución del valor de las exportaciones valoradas en euros (2007 = 100).
Iturria: Unctad eta Eustat. Geuk egina.

Esportazioen emaitza hobeto ulertzeko, 4 taulan enpresa esportatzaileen ezaugarriak bildu ditugu. Ezaugarri horiek 2007az geroztik nola aldatu diren ikus daiteke bertan. EAEko enpresa esportatzaileen kopurua nahiko handia da (16.000 enpresa baino gehiago); langile alokairudunak dituzten euskal enpresa guztien % 22 dira; eta Espainiako enpresa esportatzaile guztien % 10. Euskal enpresa esportatzailearen batez besteko tamaina Espainiakoarena baino txikiagoa da, nahiz eta iraganean handiagoa izan. Aldaketa horren arrazoia da euskal enpresa esportatzaileen kopuruaren hazkundea nagusiki 50.000 euro baino gutxiago esportatzen duten enpresetatik etorri dela. Esportatzaile txiki horiek EAEko esportatzaile guztien % 80 dira, baina esportazioen balioaren % 0,2 sortzen dute, besterik ez.

EAEn enpresa esportatzaileen kopurua nahiko handia da; enpresa esportatzaileen batez besteko tamaina txikia izanik ere, handitzen ari da esportatzaile erregularren ehunekoa

Euskal esportatzaileen kopurua tamaina txikiagoko enpresei esker handitzea positiboa da, etorkizunean ere esportazioak handitzeko oinarriak jartzen baititu: nazioarteko merkatuetan ikaskuntza prozesuak aurrera egiten duen heinean, enpresa bakoitzak esportatutakoaren balioa handitzen joango da. Ildo horretatik, positiboa da esportatzaile erregularren ehunekoa (alegia, ondoz ondoko azken lau urteetan esportatu dutenen ehunekoa) 2012az geroztik hazten joatea, jaitsi egin baitzen 2007 eta 2012. urteen artean. Hau da, euskal enpresa esportatzaileek, batez beste, bolumen txikiagoekin lan egiten badute ere, esportatzeko jarduera ohikoagoa bihurtzen joan da eta nabarmen handitu da, horrela, enpresa esportatzaile erregularren ehunekoa.

4 Taula. EAEko enpresa esportatzailearen ezaugarriak, Espainiakoarekin alderatuta.
Tabla 4 Perfil de la empresa exportadora vasca comparada con la española
Iturria: ICEX e INE. Geuk egina.