1. Sarrera

Lehiakortasuna herritarren ongizatea lortzeko bitarteko bat da, bai eta Nazio Batzuek erabakitako Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko palanka gako bat ere

Lurralde lehiakortasunaren analisia garrantzitsua da gizarte eta ekonomia garapenari lagunduko dioten politika egokienak identifikatu eta abian jartzeko. Merkatu globaletan enpresak, eta ez lurraldeak, lehiatzen diren arren, enpresa horien kokaleku diren herrialdeek, erregioek eta hiri edo udalerriek enpresei beren lehiatzeko gaitasunean eragiten duten elementuetako asko ematen dizkiete. Hain zuzen ere, enpresen eta ingurunearen arteko elkarreraginak sortzen du berrikuntza, aberastasuna eta, azken batean, ongizatea. Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunaren analisi honen helburua da ulertzea zerk baldintzatzen duen bertan kokatuta dauden enpresen lehiatzeko eraginkortasuna, horrela, ekonomia eta gizarte balioa sortzeko. Lehiakortasuna, hortaz, ez da helburua, baizik eta herritarren ongizatea lortzeko bitarteko bat, bai eta Nazio Batzuek erabakitako eta Eusko Jaurlaritzak bere egindako Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko palanka gako bat ere.

Gizarte eta ekonomia elementu esanguratsuenen bateratze hori 1. irudian jaso dugu. Hain zuzen ere, lehiakortasunari buruzko diagnostiko hau esparru horren arabera egituratu dugu. Irudian ikus daitekeen bezala, esparrua lau mailatan antolatzen da, eta maila horietan kokatzen dira lurraldearen lehiakortasuna baldintzatzen duten faktoreak.

1. Irudia Eskualdeko lehiakortasun esparrua
Ilustración 1. Marco de competitividad regional.
Iturria: Geuk egina

Maila gorenean azken helburuak jasotzen dira, herritarren ongizateari dagokionez, lortu nahi diren emaitza adierazleak. Horien artean daude adierazle ekonomikoak, esate baterako, biztanleko errenta, baina baita beste elementu zabalago batzuk ere, gizarte kohesioarekin lotutakoak.

Lehiakortasunaren azken emaitzek bertutezko zirkulu bat sor dezakete, outputaren bitarteko adierazleak eta lehiakortasunaren baldintzatzaileak elikatu baititzakete

Ondoren, bitarteko emaitzen adierazleak azaltzen dira. Ez dira erregioak lortu nahi dituen azken xedeak, baina garrantzitsuak dira azken emaitza horiek lortzeko. Enpleguari, produktibitateari, berrikuntzari eta kanpo merkataritzari lotutako adierazleak daude horien artean.

Hirugarren mailan lehiakortasunaren baldintzatzaileak daude, hau da, goragoko bi mailetako emaitzetan eragina duten elementuak. Maila honek garrantzi berezia du, elementu horien gainean izan baitezakete eraginik argiena politikek. Baldintzatzaileak hiru kategoriatan biltzen dira: enpresen portaeraren ingurukoak; lurraldearen espezializazioaren eta klusterren ingurukoak; eta enpresa ingurunearen kalitatearen ingurukoak. Azken kategoria horretan jasotzen dira Porterren diamantearen (1990) ardatzetako hiruri lotutako alderdiak: lurraldeko ekoizpen ‘faktoreen’ kalitatea, lurraldean dagoen ‘eskaria’, eta enpresen ‘estrategia eta aurkakotasuneko testuingurua’.

Azkenik, esparruaren oinean, oinarriek lurraldeko hainbat ezaugarri biltzen dituzte, lehiakortasunean eragina dutenak, baina, epe ertainera behinik behin, emantzat hartu behar ditugunak (lurraldearen kokapena, natur baliabideak, erregioaren tamaina, erakundeak...). Ezaugarri horiek guztiak aurreko txostenetan ere aztertu izan ditugunez, ez ditugu azken honetan sartu.

Aurtengo txostenetik aurrera, lehiakortasunaren esparruak modu esplizituan jasotzen du aurreko urteetan inplizitu zegoen elementu bat: lehiakortasunari lotutako faktoreak hierarkia moduan aurkezten diren arren, beheragoko mailetako faktoreek goragokoetan duten eragina agerian jartzeko, lehiakortasunaren azken emaitzek bertutezko zirkulu bat sor dezakete, bitarteko emaitzen adierazleak eta lehiakortasunaren baldintzatzaileak elikatu baititzakete. Adibidez, zenbat eta handiagoa izan lurralde batean bizi diren pertsonen ongizatea, hobeto prestatuta egongo dira enpresen lehiakortasunari ekarpena egiteko eta erakargarriagoa izango da lurraldea talentua eta kapitala bereganatzeko. Aberastasun eta zerga bilketa handiagoak I+Gri ere lagundu diezaioke, diru hori ikerketa eta garapenerako laguntza publikoko programetara bidera daitekeelako.

Txostena sekzio eta azpisekziotan egituratu dugu, esparru horren logikari jarraituz. Sekzio (edo azpisekzio) bakoitzaren hasieran, taula bat aurkeztuko dugu, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAEk) beste lurralde batzuekin duen kokapen erlatiboa erakusteko. Alderapena egiteko erreferentzia hauek hartu ditugu: Europar Batasuneko 218 erregioen multzoa (EB-28); EAEk eta antzeko egiturazko ezaugarriak dituzten erreferentziazko 30 erregiok osatutako taldea; eta Espainiako 19 autonomia erkidego eta hiriak. Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2018ko Txostenean adierazi genuen bezala, alderatzeko erabiliko ditugun erregioak identifikatzeko esparru analitikoaren oinarrian dauden elementuak eta espezializazio osagaiak aintzat hartzen dituen metodologiaz baliatu gara. Elementu horiek ez dira ez txarrak eta ez onak per se, baina bitarteko emaitzak eta azken emaitzak baldintzatzen dituzte, eta epe luzera aldatzeko zailak dira, berezko ezaugarriak edo prozesu historiko luzeen emaitza direlako. Beraz, helburua bada lurraldeak adierazle jakin batean lortu duen emaitza balioestea eta beste lurralde batzuekin alderatzea, haien ikaskuntzak gurera ekarri ahal izateko, gurearen antzeko ezaugarriak dituzten erregioekin alderatzea izango da egokiena.

EAE EB-28ko erregioen multzoarekin, Espainiako autonomia erkidegoekin eta antzeko egiturazko ezaugarriak dituzten 30 erregiorekin alderatuko dugu

Taulek Europan erregio mailan datuak eskuragarri dauden azken urtean EAEren kokapena zein izan den erakutsiko digute, baita aurreko urtearekiko izan duen aldakuntza ere. Taulekin batera, bolen grafikoak erantsi ditugu, erregioak balio kaskarrenetik onenetara ordenatuta irudikatzeko, ezkerretik eskuinera. Bolarik handienak EAEren kokapena erakutsiko digu. Erregioei dagozkien balioak lerro batean adierazi ditugu, kontzentrazioa erakusteko. Hala, bola asko elkarrekin dauden tokian ulertuko genuke rankingean desberdintasunak egon daitezkeela, baina adierazlearen balioak oso antzekoak direla.

Alderapena egiteko ardatz nagusia erregioak dira, herrialdeak baino egokiagotzat ditugulako (herrialdeetako batezbestekoek ez dituzte lurraldeen arteko aldeak erakusten eta, gainera, erregioen eskumenen maila aldatu egiten da herrialde batetik bestera). Nolanahi ere, bi desabantaila dituzte: (i) adierazle batzuetarako (adibidez, esportazioen datuak) erregioetako daturik ez da argitaratzen; (ii) Eurostateko estatistiketan, datuak atzerapen handiagoz argitaratzen dira. Arrazoi horrengatik, zenbaitetan, EAEko analisi alderatua egiteko Eurostatek herrialdeetarako argitaratu dituen datuak erabili ditugu (Espainia, Alemania eta EB-28rako) eta EAErako, berriz, Eustateko datuak hartu ditugu, beti ere eskuragarri daudenean eta Eurostatek erabilitako metodologiaren antzekoarekin kalkulatzen direnean. Urte berriagoen inguruko informazioa lortzeaz gainera, aldagaiaren bilakaera denbora luzeagoan aztertzeko aukera ematen du horrek eta horri eman diogu garrantzia, erregioen arteko alderapena egiterakoan.

Laburpen gisa, 1. taulan aurkezten dugu txostenean aztertu ditugun adierazleetako bakoitzerako EAErako eskuragarri dagoen azken balioa. Era berean, Espainiako, Alemaniako, EB-28ko eta, eskuragarri daudenean, erregio alderagarrietako balioak ere erantsi ditugu. Bestalde, 2. taulan EAEk sailkapenetan hartzen duen tokia erakusten dugu, Europako erregioekin, erregio alderagarriekin eta Espainiako autonomia erkidegoekin alderatzerakoan. Erregio mailan datuak beranduago eskuratzen direnez, taula honetan alderatzeko erabili ditugun urteak, kasu batzuetan, 1. taulakoak baino lehenagokoak dira. Datu horien analisia xehakatzen joango gara hurrengo sekzioetan.

1. Taula Lehiakortasunari lotutako adierazleen balioak
1. Taula Lehiakortasunari lotutako adierazleen balioak
2. Taula EAEko lehiakortasunari lotutako adierazleen rankinga
2. Taula EAEko lehiakortasunari lotutako adierazleen rankinga
Fuente: Eurostat, SETSI.
  1. Harreman horien inguruan berriki egindako analisien bilduma lan honetan aurkituko dugu: Huggins, R. eta Thompson, P. (ed.) (2017). Handbook of Regions and Competitiveness: Contemporary Theories and Perspectives on Economic Development. Cheltenham, Erresuma Batua: Edward Elgar.

  2. Ikus: Eusko Jaurlaritza (2018). Euskadi Basque Country 2030 Agenda.

  3. Porter, M. E. (1990) The Competitive Advantage of Nations. Londres: The MacMillan Press.