4.2.3. Espezializazio ekonomikoa

Jarraian, EAEren espezializazio ekonomikoa aztertuko dugu, kanpo merkataritzako datuez baliatuz. Datuak 19 jarduera adarretan banatu dira. Adar horiek, ondoren, hainbat irizpide erabiliz multzokatu ditugu: teknologia maila, ondasunen norako ekonomikoa, hazkunde maila, eta ezaugarri tekniko-ekonomikoak.

Euskal esportazioak lau adarretan kontzentratzeak dakartzan arriskuak arindu egiten dira, neurri batean, erkidegoak lau sektore horietan dituen abantaila konparatiboko indizeak ikusita

21. taulan erakusten den bezala, EAEko esportazioak oso kontzentratuta daude, lau adarretan: Motor ibilgailuak (% 24), Metalurgia eta metalezko produktuak (% 23), Makineria eta ekipoa (% 14) eta Petrolioa fintzea (% 8). Lau adar horietako espezializazio indizeak ere handiak dira. Horrek dakartzan arriskuak handiak dira, hiru lehenengo adar horien arteko lotura handia baita: neurri handi batean, balio kate bereko parte dira. Eta laugarrenean, izugarrizko eragina dute energia prezioen hegazkortasunak eta petrolioa kanpotik eskuratzeak. Edonola ere, komeni da azpimarratzea 2008. eta 2018. urteen artean esportazioen kontzentrazio maila nabarmen gutxitu dela, nagusiki Metalurgia eta metalezko produktuen esportazioek pisua galdu dutelako. Gainera, aurrerago, merkataritza saldo erlatiboa aztertzerakoan, ikusiko dugun bezala, kontzentrazio horren larritasuna txikiagoa da esportazioetan pisu handiena duten lau sektore horietan EAEk abantaila konparatiboko indize oso positiboak dituelako.

EAEk batez ere maila teknologiko eta eskariaren hazkunde ertaineko produktuak esportatzen ditu, bitarteko ondasunak eta kontsumo iraunkorrekoak, eskala ekonomietan intentsiboak diren adarretakoak. Aitzitik, oso urriak dira maila teknologiko eta eskariaren hazkunde handiko esportazioak eta zientzian eta teknologian intentsiboak diren adarretakoak. Maila teknologiko altuko manufakturako hiru adar nagusien artean, EAEren ahultasunik handienak Farmazian aurkituko ditugu, eta, ondoren, Elektronika eta informatikan. Aeronautikan dugu ahultasun gutxien, ikuspegi erlatibotik. Bestalde, oso txikia da EAEko kontsumo ondasunen esportazioen ehunekoa. Arrazoi horrengatik, euskal ekonomia oso sentibera da ziklo ekonomikoaren aurrean. Horrek azal dezake krisiek EAEko esportazioetan eragin handia izatea; eta, aitzitik, 2018an, herrialde aurreratuetako ekonomietan hazkundea izan denean, esportazioek ere bilakaera hobea izatea.

Espezializazioari dagokionez, aipatutako lau adarrez gainera, nabarmentzekoak dira, espezializazio positiboak dituztelako, Metalezkoa ez den industria (beira, zementua, zeramika erregogorrak, produktu urratzaileak eta metalezkoak ez diren produktu mineralen esportazioengatik); Zura, papera eta arte grafikoak (bereziki, pasta, papera eta kartoia); eta Kautxua eta plastikoak (nagusiki, kautxua). Eta adar mailako espezializaziorik ez bada ere, azpiadarretara jaitsiz gero, Trenetarako materiala ere aipatu behar da. Era berean, azpimarratzekoa da EAEn azpiespezializazioa erakusten duten adarren artean, batzuek zuzeneko lotura dutela EAEko RIS3an zehaztutako lehentasun estrategiko eta aukera arloekin: Farmazia (Biozientzien eta osasunaren estrategia), Informatikako eta elektronikako produktuak eta Material eta ekipo elektrikoa (fabrikazio aurreratuko estrategia-4.0 Industria), eta Elikadura (izen bereko aukera eremua).

21. Taula Esportazioen espezializazioaren analisia
21. Taula Esportazioen espezializazioaren analisia
Iturria: Eurostat, Nazio Batuak, Comtrade basea eta Tributuen Zuzendaritza Nagusia. Geuk egina

EAE sentikorra da ziklo ekonomikoaren aurrean, esportazioetan eta espezializazioan pisurik handiena duten jarduera multzoen eraginez

Espezializazioko jarduera multzo horiek dira, gainera, esportazioetan indar handiena dutenak. Agerikoa da, halaber, zientzia eta teknologian intentsiboak diren jardueretan eta teknologia maila eta eskariaren hazkunde handiko jardueretan azpiespezializazioa oso handia dela (jarduera horietan, hain zuzen ere, aukera gehiago irekitzen ari dira eta ez du hainbesteko eraginik gorabidean doazen herrialdeen lehiak), eta kontsumo ondasunetako produktuen adarretan dugun azpiespezializazioa (horrek, adierazi berri dugun bezala, euskal ekonomia ziklo ekonomikoaren aurrean sentiberago bihurtzen du). Horregatik ezin dugu esan EAEko sektore espezializazioaren profila guztiz egokia denik.

Merkataritza saldo erlatiboak aztertuta –adierazle hori espezializazio indizea baino egokiagoa da abantaila konparatiboa azaltzeko–, berresten da EAEko lau sektore esportatzaileenek eta % 100etik gorako espezializazio indizea dutenek merkataritza saldo erlatibo positibo handiak dituztela. Hori indargune handi bat da, lehiakortasunaren ikuspuntutik. Espezializazio indizeen analisiarekin alderatuta, merkataritza saldo erlatiboaren indizeak informazio gehiago ematen digu, azaltzen baitigu EAEk espezializazio esanguratsurik erakusten ez duen adar batzuetan (edo azpiespezializazioa duen adar batzuetan) saldo positiboak dituela: Material eta ekipo elektrikoaren kasua da hori (oso garrantzitsua 4.0 Industriarako), baita Bestelako garraio materialarena ere. Amaitzeko, espezializazio analisiak iradokitzen zuenaren ildotik, Zura, papera eta arte grafikoetan EAEk merkataritza saldo erlatibo positiboa izaten jarraitzen du.

Antzekoa gertatzen da jardueren multzokatzeen ikuspegitik ere: espezializazio indizeen analisiak erakusten zituen indarguneak berresteaz gainera, saldo positibo argia dute ekipo ondasunetako adarrek, desberdintzean intentsiboak direnek eta zientzia eta teknologian intentsiboak direnek. Horiek guztiak erakargarriak dira, lehiakortasunaren ikuspegitik. Abantailak azaltzen dira, halaber, zaurgarriagoak diren beste jarduera mota batzuetan, horien artean, baliabideetan eta eskulanean intentsiboak diren adarretan (metalezko produktuen fabrikazioa, esate baterako). Maila teknologiko handiko multzoaren azpiespezializazioa ere berresten da (merkataritza saldo erlatiboa negatiboa da haietan).

EAEko esportazioen egiturak 2013 eta 2018 urteen artean izan duen eraldaketaren atzean portaera proaktiboak zein erreaktiboak daude

Aztertzaileek adierazten duten bezala, garapena ez da soilik produktua zenbat hazten den, baizik eta nola eraldatzen den ekoitzitako horren konposizioa. Aurreko atal batean aztertu dugu zenbat hazi diren EAEko esportazioak, beste lurralde batzuetakoekin alderatuta. Hemen labur-labur azalduko dugu zenbat aldatu den esportazioen egitura, esportazioen egiturazko aldaketaren indizearen arabera (ikus 22. taula). 2008tik 2018ra, euskal esportazioetan bi aldi bereiz ditzakegu, argi eta garbi. 2008 eta 2013. urteen artean, EAEko esportazioen egitura beste toki batzuetan baino gutxiago aldatu zen eta aldaketa hori erreaktiboa izan zen, gainera (sektore doikuntza da, eskariak izandako jaitsieraren aurrean). 2013 eta 2018. urteen artean, berriz, EAEko esportazioen egitura beste ekonomietakoa baino gehiago aldatzen da. Eta aldaketa horren atzean portaera erreaktiboak (aurreko fasean galdu ziren merkatuak berreskuratzekoak) eta portaera proaktiboak daude (jarduera eta merkatu berriak garatzekoak).

22. Taula Esportazioen egiturazko aldaketaren indizea
22. Taula Esportazioen egiturazko aldaketaren indizea
Iturria: Eurostat, Nazio Batuak, Comtrade basea eta Tributuen Zuzendaritza Nagusia. Geuk egina

Oro har, aldi osoa hartuta EAEk izan duen eraldaketa aztertuz gero (ikus 21. taula), nabarmentzekoa da kontsumo iraunkorreko ondasunen hazkundea, teknologia eta eskariaren hazkunde ertain-altuko adarrarena, eta tokiko merkatuetako berrikuntza globalarena. Orokorrean, hori positiboa bada ere, oraindik ez da zuzendu teknologia eta eskariaren hazkunde handiko adarretan eta zientzian eta teknologian intentsiboak direnetan dugun azpiespezializazio handia. Eta desberdintzean intentsiboak diren adarretan ere atzera egin da: Metalurgia eta metalezko produktuen adarrean jaisten dira gehien esportazioak eta Motor ibilgailuen adarrean, ordea, igotzen dira gehien (nahiz eta 2008-2013 aldian erori).

2. LAUKIA. Kluster esportatzaileen bilakaera

Esportazioen espezializazioa aztertzeko beste modu bat esportazio horiek klusterretan multzokatzea da, ekonomia jarduerak multzokatzeko enpleguak espazioan duen baterako kokapena, input-output loturak eta lanbideen arteko loturak kontuan hartzen dituen metodologiari jarraituz (ikus Delgado et al., 2016). Eragiketa hori eginez gero, 51 kluster izango ditugu, askotariko jarduerak biltzen dituztenak. Bihurtze taula batez baliatuz, esportazioak sailkatzeko erabiliko ditugu.

18. grafikoak erakusten digu zein izan den EAEko kluster esportatzaileen bilakaera 2017 eta 2018. urteen artean. Munduko esportazioen kopuruak 2018rako oraindik osatu gabe daudenez, EAEko esportazioek Europatik datozen esportazioetan duten pisua erabiliko dugu azterketa egiteko.

18. Grafikoa Kluster esportatzaileen mapa
18. Grafikoa Kluster esportatzaileen mapa
Iturria: Zerga Agentzia eta Nazio Batuak, Comtrade. Geuk egina Oharra: “Enpresentzako zerbitzuak” klusterra grafikotik kanpo gelditzen da, inolako tipologiarik erakusten ez duelako eta ardatz horizontalean (kuotaren aldakuntza irudikatzen duenean) bere balioa oso urrun dagoelako

Kluster horiek Orkestrak garatutako tipologiaren arabera multzokatu daitezke. Hala, klusterrak sailka daitezke garrantziaren arabera (EAEko esportazioetan duten pisua, biribilaren tamainaren bidez irudikatua), lehiatzeko kokapenaren arabera (Europatik datozen esportazioetan hartzen duten kuota, ardatz bertikaleko kokapena) eta dinamismoaren arabera (esportazio kuotaren hazkundea, ardatz horizontaleko kokapena). Hiru ezaugarri horien konbinazioak 23. taulan azaltzen dugun tipologia sortzen du. EAEko esportazioetan duten garrantzia ikusirik, kluster horiei eta haietan biltzen diren jarduera ekonomikoei arreta berezia jarri behar diegu, jarduera horiek garatzeko politika egokiak ezarri nahi baldin badira.

Tabla 23. EAEko kluster esportatzaileen tipologia
Tabla 23. EAEko kluster esportatzaileen tipologia
Fuente: Zerga Agentzia eta Nazio Batuak, Comtrade. Geuk egina
  1. Merkataritza saldo erlatiboaren indizea, Balassaren indizea ere deitutakoa, kalkulatzeko, adar jakin bateko esportazioen eta inportazioen balioaren kendura hartzen da eta adar horretan egin diren esportazioen eta inportazioen baturarekin zatitzen da gero.

  2. Delgado, M., Porter, M.E., eta Stern, S. (2016). “Defining clusters of related industries”, Journal of Economic Geography, 16. lib., 1.-38. or.