3.6. Bitarteko emaitzen adierazleen laburpena

Bitarteko emaitzen adierazleen artean, berrikuntza aztertzean ikus dezakegu, aurreko txostenen ildo beretik, gure ekonomiak ahultasunak dituela, bereziki patenteetan, adierazle horretan EAE erregio alderagarrien artean azkeneko tokietan baitago. Beste adierazle batzuek erakusten dute, ordea, azken urteetan egindako ahalegina fruituak ematen ari dela. Azpimarratzekoak dira, ikuspegi horretatik, alde batetik output zientifikoaren emaitza onak eta, beste alde batetik, euskal enpresek saltzen dituzten produktuen berritasun maila.

Langilearen itxurazko produktibitatean, EAE alderatzeko erabili ditugun lurraldeen gainetik dago eta, gainera, etengabe ari da adierazle hori hobetzen. Hain zuzen ere, hobekuntza ezinbestekoa da lehiakorrak izateko. Azken urteetan, gainera, produktibitatearen hazkundea enpleguaren hazkunde garbiekin batera etorri da. EAEko produktibitate handiago hori, neurri batean, industria sektoreko espezializazioak azal dezake, sektore horretako produktibitateak gainerako sektoreetakoak (edo ekonomia osokoak) baino handiagoak baitira.

Euskal ekonomiaren bilakaera positiboa izan da, halaber, esportazioei begiratuz gero, nahiz eta bilakaera hori sektore batzuen mendekoa izan, argi eta garbi. 2016. urtera arte, EAEko esportazioen joera aztergai ditugun beste lurralde batzuetakoaren antzekoa zen, baina hazkundearen ehunekoak txikiagoak ziren gurean. 2017an eta 2018an, EAEn hazten da gehien esportazioen balioa, neurri batean petrolioa fintzearen esportazioak gehiago hazi direlako. Euskal esportazioek enpresa kopuru txiki batekiko mendekotasun handia dute, esportazio guztien ehuneko handi bat enpresa gutxik egiten baitute. Gainerako enpresa esportatzaileen artean, kopuruak joera positiboa izan zuen azken urteetan, baina azken urte honetan, behera egin du. Horrela, enpresa bakoitzeko esportazioen batez besteko balioa handitu egin da. Datu positiboen artean azpimarratu behar dugu esportatzaile erregularren hazkundea.

Horrek guztiak ekarri du enplegua sortzea; landunen tasak bilakaera positiboa izan du eta EAEk etorkinak hartu ditu, berriro ere. Baina oraindik hobetzeko tarte handia dago, enpleguari lotutako beste alderdi batzuetan. Alde batetik, guztizko enplegu tasa eta emakumeen enplegu tasa oraindik ere txikiak dira, alderatzeko erregioei begiratuta. Beste alde batetik, kontratazio berrien kalitatea ez da hobetu krisiaren ondorengo susperraldian. Hala, aldi bateko kontratuen ehunekoa handia eta, gainera, 2014az geroztik hazten jarraitzen du, beste lurralde batzuetan ez bezala; borondatezkoak ez diren denbora partzialeko enpleguen kopurua beste lurralde batzuetakoa baino handiagoa da; eta langabezia tasa ere handia da, bereziki gazteen eta 55 urtetik gorakoen artean.