4.3.4. Enpresa inguruneari lotutako adierazleen laburpena

Enpresa inguruneari dagokionez, lehenengo giza baliabideekin lotutako hainbat adierazle aztertu ditugu. EAE beheko mailan dago zientzian eta teknologian lan egiten duten giza baliabideei begiratzen badiegu, Europako erregio alderagarrien ondoan. EAEren kokapena okerragoa da 25 eta 64 urte arteko biztanleriaren prestakuntza mailari begiratuta, neurri handi batean, adinean goragoko tarteek prestakuntza kaskarragoa jaso zutelako bere garaian. Hirugarren mailako hezkuntzari dagozkion emaitzak onak badira ere, gehiegizko kualifikazioaren maila eta gazteen langabezia tasak handiegiak dira, baita hirugarren mailako hezkuntza dutenen artean ere.

Bigarren, I+Gri dagokionez, I+Gko langileen datuak positiboak dira. Baina gastuari dagozkion datuak, ordea, ez dira hain onak eta Alemaniakoetatik oso urrun daude. Atzerriko zentroekin elkarlanean egiten diren argitalpen zientifikoak aztertuz, ikusten da bilakaera positiboa dela eta erdialdean kokatzen garela erregio alderagarriekin konparatuta. Baina EAEk ez du hain kokapen ona industriarekin elkarlanean egiten diren argitalpen zientifikoetan: azken urteetan, argitalpen horien kopuruak behera egin du eta hobetzeko asko dago.

Hirugarren, eskariaren sofistikazioari dagokionez, interneten erabilerari lotutako proxiak aztertuta, EAEren kokapena ona da banda zabalerako sarbidea duten familien adierazlean, baina kokapenak okerrera egiten du, Internet bidezko erosketak aztertzen baditugu.