Hitzaurrea

Euskal Autonomia Erkidegoa lurralde irekia eta munduarekin lotutakoa da, nabarmentzeko moduko ongizate maila lortu duena. Baina gure ingurunean ziurtasun eza da nagusi eta eraldaketa sakonak gertatzen ari dira, abiadura bizian, gainera. Mehatxuak ikusten dira, gure lehiakortasun eta ongizate maila zalantzan jar dezaketenak; baina baita aukerak ere, etorkizuneko gure egoera hobetzeko aprobetxatu behar ditugunak. Epe laburreko dinamikak erronka bakoitzari banaka erantzutera eramango gintuzke, erronken arteko loturak kontuan hartu eta irtenbide sistemiko iraunkorrak bilatu behar ditugula konturatu gabe.

Errealitate horren aurrean jarrera jakin bat hartzea gutako bakoitzaren banakako erantzukizuna da, baina lankidetza ere behar-beharrezkoa da, nahiz eta konplexua izan. Orkestrak, ikerketa institutu izanik, analisi zorrotzak eta datuetan oinarritutakoak eskaintzea du helburu, erabaki horiek guztiak ahalik eta informazio onenarekin hartzen laguntzeko. Erakundearen eginkizunarekin bat, Lehiakortasunari buruzko Txostena Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasunari eta ongizateari eragiten dioten faktoreen egoeraren diagnosia da, 2006az geroztik, Institutua sortu zenetik, argitaratzen dena.

Hala ere, aldizkako diagnosi horretaz gainera, esparru eta joera batzuek analisi sakonagoa behar dute. Esparru horietako batek premisa hau du abiapuntu: pertsona kualifikatuak dituzten lurraldeak lehiakorragoak dira eta ongizate maila handiagoak lortzen dituzte. Ildo horretatik, Lehiakortasunari buruzko 2019ko Txostenari gaikako txosten bat erantsi diogu aurten, gaitasunen ingurukoa, hurrengo urteetan, banaka eta kolektibo gisa, eskuratu behar dugun baliabide bat izango baita.

Gaitasunen inguruko eztabaida konplexua da; pertsonei, enpresei, gizarte eragileei, hezkuntza sektoreari, erabaki hartzaile publikoei eta gizarteari, oro har, eragiten dio. Gaitasunak, panazea ote? Lehiakortasunari buruzko 2019ko Txostenak eztabaida horri heltzen dio eta hurbiltzen ari zaizkigun egiturazko aldaketei aurre egiten lagunduko duten analisiak eskaintzen ditu.

Bi lan horiekin, Orkestrak aldaketaren eragile izan nahi du eta, ikerketaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasuna hobetzen eta ekonomia garatzen lagundu nahi du, horrela, herritarren ongizatea areagotzeko. Gure konpromisoa da gure lurraldearen erronkei aurre egiteko jakintza sortzen jarraitzea eta lehiakortasunari eta gizarte eta ekonomia garapenari buruzko eztabaida globalean ekarpenak egitea.

Azkenik, dagokion balioa eman nahi nioke Orkestrako kide diren eta harekin lankidetzan aritzen diren pertsona guztien lanari eta inplikazioari. Institutua ez litzateke ezer izango ondoan ditugun eta laguntzen gaituzten babesleak gabe. Babesle horiek dira gure gizartearentzat lan egiten duen ekimen ireki honen euskarria. Gizarte eta ekonomia eragileek eta, oro har, euskal gizarteak gugan jarri duten konfiantzari erantzutea espero dugu.

Iván Martén Uliarte
Presidentea

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua
Deustu Fundazioa