4.1.2. Enpresen finantzaketa

Zorpetze eta errentagarritasun maila egokiko enpresak edukitzeak mesede egiten dio lurraldearen lehiakortasunari

Enpresen ekonomia eta finantza portaera funtsezko dimentsio analitiko bat da, lurralde baten indarguneak eta ahultasunak aztertzeko. Zorpetzearen adierazleek, esate baterako, arriskuak hartzeko joera edo enpresek finantzaketa eskuratzeko baldintza mugatuak erakusten dizkigute; enpresen errentagarritasunaren adierazleek enpresek hazteko, bizirik irauteko eta ingurune aldakorrera egokitzeko duten ahalmena erakusten dute. Horrenbestez, zorpetze eta errentagarritasun maila egokiko enpresak edukitzeak eragin handia du lurraldearen lehiakortasunean.

Atal honen helburua da euskal enpresen ekonomia eta finantza egoeraren ezaugarri nagusiak aipatzea eta eguneratzea. Horretarako, ekonomia eta finantza egoera Espainiarekin eta Europarekin alderatuta aztertuko dugu.

Finantza balankatze positiboko egoeran egonik ere, euskal enpresek, oro har, arrisku txikiko finantza estrategiak dituzte

Espainiari dagokionez, Orkestrak egin dituen hainbat txostenek euskal enpresen ezaugarri batzuk utzi dituzte agerian, esate baterako, kapitalizazio egokia, kanpoko finantzaketa erabiltzeko joera txikiagoa, eta errentagarritasun neurrikoa, Espainiako gainerako enpresekin alderatuta. 2017ko balantzeetako itxierako datuen arabera, euskal enpresetan handitu egin da ondare garbiaren pisua eta txikitu, berriz, finantza zorrarena. Prozesu hori Espainia osoan gertatu da eta, horrela, enpresek sendotasun handiagoa dute orain. Errentagarritasunari dagokionez, ordea, 2013az geroztik bilakaera positiboa izan du, baina hala eta guztiz ere, Euskal Autonomia Erkidegoan ez dira krisi aurreko mailak berreskuratu. Espainian, ordea, bai. Azkenik, zorpetze maila eta zorpetzearen kostua gutxitu direnez, euskal enpresek gaitasun handiagoa dute orain zorrari eta zor horrek eragiten dizkien finantza gastuei aurre egiteko. Bestalde, euskal enpresetan aktiboaren gaineko errentagarritasuna zorpetze kostua baino handiagoa izan da 2016an. Beraz, finantza balankatzea positiboa denez, zorpetzearen bidetik finantzatutako inbertsio politikek enpresen finantza errentagarritasuna handituko lukete.

Europarekin alderatzeko, 17. taulak balantzeko eta galera eta irabazien kontuko sail nagusien ehuneko parte hartzearen bilakaera jasotzen du, baita errentagarritasun eta zorpetze adierazleen ibilbidea ere. Lehenengo, azpimarratzekoa da euskal enpresetan ondare garbiak gero eta pisu handiagoa duela balantzean. Gainerako herrialdeen multzoan, berriz, balankatzea handitzeko joera ikusten da. Finantza zorrari dagokionez, EAE Europar Batasunaren azpitik dago eta beheranzko joera erakusten du. Gainera, merkataritza zorraren maila handiagoa du.

Bigarren, Ustiapeneko Emaitza Garbien pisuaren bilakaera, azken bi urteetan, Europar Batasunaren antzekoa izan da. Alegia, antzeko merkataritza marjinako ratioak ditugu. Bestalde, EAEko ekitaldiko emaitzen bilakaera EBkoaren antzekoa da, maila pixka bat txikiagoa bada ere. Horrek aditzera emango liguke euskal enpresetan finantza arloaren emaitzak Europan baino okerxeagoak direla.

Euskal enpresek beste lurralde batzuetakoek baino ahalmen txikiagoa dute jarduerari errentagarritasuna ateratzeko, bereziki, finantza aktiboei begiratuta

Hirugarren, krisiaren ondoren, euskal enpresen aktiboen gaineko errentagarritasuna berreskuratzen ari da, nahiz eta oraindik ere erreferentziazko agregatuaren mailaren azpitik geratu. Emaitza horretan finantza aktiboen errentagarritasunak du pisurik handiena, eragiketa aktiboen errentagarritasuna (eragiketen errentagarritasuna) Europako erreferentziazko herrialdeetakoaren antzekoa baita. Azken adierazle horrek hobeto islatuko luke lurraldean garatutako ekoizpen jardueraren lehiakortasuna.

Azkenik, zorpetzeari lotutako adierazleen bilakaera aztertu ondoren –horien artean, zorraren eta ustiapeneko emaitza garbiaren arteko erlazioa–, ikusten da euskal enpresek errentagarritasun erlatibo txikiagoa dutela. Finantza betebeharrek eragindako kostuak ustiapeneko emaitzekin eta finantza sarrerekin estaltzeari dagokionez, euskal enpresen egoera Europako enpresenaren antzekoa da. Era berean, zorraren itxurazko kostua gero eta txikiagoa da, interes tasek ere behera egin dutelako, Europar Batasuneko diru politikaren ondorioz. Kostu hori Europako erreferentziaren azpitik gelditzen da, pixka bat.

17. Taula Ekonomia eta finantza egoerari lotutako adierazle nagusiak
17. Taula Ekonomia eta finantza egoerari lotutako adierazle nagusiak
Iturria: (1) SABI-Informa datu basea; (2) Bank for the Accounts of Companies Harmonised (BACH) proiektua

Laburbilduz, azken lau urteetan ingurune makroekonomikoaren baldintzak onuragarriak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen finantza bilakaerarako. Hala ere, diruaren kostu txikiko eta likidezia handiko inguruneaz “gozatu” arren, enpresek ez dute zorpetzeko joerarik erakusten. Horren ondorioz, balankatze ezerako joera antzematen hasten da. Bestalde, euskal enpresen eragiketako errentagarritasunaren emaitzak erreferentziazko herrialdeetako enpresen antzekoak dira.

  1. Díaz, A., Gil de San Vicente, I., Murciego, A., Sisti, E. eta Vivanco, D. (2016). “Informe económico-financiero de la empresa vasca.” Orkestrako Koadernoak 2016/20, abendua; Garciandía Tellería, F. eta Aguirre Zubizarreta, O. (2009). Informe económico-financiero de la empresa vasca (2000-2005). Una visión sectorial por segmentos de tamaño empresarial. Bilbo: Orkestra; Navarro, M. (2015). Análisis económico-financiero comparado de la empresa vasca. Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2015eko Txostenaren Koadernoak: Ekoizpenaren eraldaketa praktikan. Bilbo: Deustuko Unibertsitateko Argitalpenak.