4.1.1. Berrikuntzaren inputak

13. taulan ikus daitekeen bezala, erregio mailan eskura dauden enpresen portaerako adierazleak oso gutxi dira. I+Gren portaerari lotutakoak dira nagusiki: I+Gko jardueretan aritzen diren langileak eta I+Gko gastua. Gainera, enpresek eskatzen dituzten patenteek erregioko eragileek eskatzen dituzten patenteen artean duten pisua ere ezaguna da. Era berean, eta nahiz eta enpresa esparrura ez mugatu, atal honetan patenteak elkarlanean asmatzeari buruzko datuak ere sartu ditugu.

13. Taula EAEren egoera enpresen portaerari lotutako adierazleetan
13. Taula EAEren egoera enpresen portaerari lotutako adierazleetan. Enpresetako I+Gko langileak, lanaldi osoaren baliokidean
13. Taula EAEren egoera enpresen portaerari lotutako adierazleetan. Enpresetako I+Gko gastua
13. Taula EAEren egoera enpresen portaerari lotutako adierazleetan. PCT patenteen baterako asmakuntza
13. Taula EAEren egoera enpresen portaerari lotutako adierazleetan. PCT patenteen ehunekoa: atzerriarekin elkarlanean
Iturria: Eurostat, Eustat eta OECD REGPAT. Geuk egina
Oharra:  Datuak eskuragarri ez zeuden kasuetan izan ezik, rankingak egiteko Europako 218 erregio hartu ditugu kontuan (urdinez), EAE eta 30 erregio alderagarrien multzoa (berdez), eta 19 autonomia erkidego eta hiriak (gorriz).

EAEk oso kokapen ona du, ranking guztietan, enpresen I+Gko langileetan eta gastuan. Hala ere, gastua ez da azken urteetan handitu eta Alemaniako datutik oso urrun dago

I+Gko portaerari dagokionez, EAEren kokapena oso ona da ranking guztietan, bai langileei dagokien datuaren eta bai gastuaren datuen arabera. Aurreko txosten batzuetan aipatu izan dugunez, ondorio horri ñabardura batzuk erantsi behar zaizkio. Izan ere, kontuan hartu behar da langileen eta gastuaren kopuru horien barne daudela ikerketa zentroetako eta lankidetzako ikerketa zentroetako langileak eta gastua. Beraz, alderapena, nolabait, desitxuratuta dago. Eta hala ere, 12. grafikoan ikus daitekeen bezala, gastuaren mailak Alemaniako batezbestekoak baino askoz ere txikiagoak dira. Adierazleen balioaren bilakaera, ordea, alderatzeko modukoa da. I+Gko langileen adierazletik hasita, 2015 eta 2016. urteetan behera egin zuen, baina 2017an berriro gora egin du. Antzeko zerbait gertatu zen Europako batezbestekoarekin eta Alemaniako balioarekin ere. Enpresen I+Gko gastua, ordea, ez da handitu azken bi urteetan. Eta aurreko urteetan behera egin zuenez, EB-28ko batezbestekoan egotera igaro da. Espainiako balioaren gainetik badago ere, Alemaniako datuetatik oso urrun gelditzen da, Alemanian hazten jarraitu baitu azken urte hauetan.

12. Grafikoa Enpresen portaeraren adierazleen bilakaera
12. Grafikoa Enpresen portaeraren adierazleen bilakaera. Enpresetako I+Gko langileak
12. Grafikoa Enpresen portaeraren adierazleen bilakaera. Enpresetako I+Gko gastua
12. Grafikoa Enpresen portaeraren adierazleen bilakaera. PCT patenteen baterako asmakuntza
12. Grafikoa Enpresen portaeraren adierazleen bilakaera. Atzerriarekin elkarlanean lortutako PCT patenteak
12. Grafikoa Enpresen portaeraren adierazleen bilakaera. Legenda
Iturria: Eurostat, Eustat eta OECD REGPAT. Geuk egina
Oharra: Datuak eskuragarri ez zeuden kasuetan izan ezik, rankingak egiteko Europako 218 erregio hartu ditugu kontuan (urdinez), EAE eta 30 erregio alderagarrien multzoa (berdez), eta 19 autonomia erkidego eta hiriak

Joan den urteko lehiakortasunari buruzko txostenean jasotzen zen bezala, patenteekin lotura duten adierazleei dagokienez, EAEren kokapena ez da ona eta sailkapenetako erdialdean edo behealdean dago. Hori bera ikusten da, halaber, bilakaera grafikoetan. Hain zuzen ere, agerian geratzen da patenteen baterako asmakuntza maila eta atzerriarekin elkarlanean lortutako patenteen maila (kanpoan dagoen jakintzaz baliatzeko ahalmena islatzen du, norberaren jakintzan bakarrik oinarritzeak dakartzan mugak gaindituz) azken urteetan beste lurralde batzuetakoaren azpitik gelditzen dela, nahiz eta azpimarratzekoa izan azken urteko (2015eko) bilakaera ona. Ez da bilakaera positibo hori ikusten enpresek eskatutako patenteen ehunekoan, azkeneko urtean behera egin baitzuen.

Berrikuntza motaren bat egiten duten 10 langile edo gehiagoko establezimenduen ehunekoa alderatzeko hartu ditugun beste herrialdeetakoa baino txikiagoa da EAEn, bereziki tamaina txikieneko enpresetan

Enpresen berrikuntza portaera hobeto ulertzeko, erregio mailako alderapenetako datuak osatzeko Eustaten berrikuntza inkesta aztertu dugu. Inkesta horren emaitzak eta Eurostatek Espainia, Alemania eta EB-28 batezbestekorako argitaratzen dituenak alderatu ditugu. 14. taulak erakusten du 10 langile edo gehiagoko establezimendu guztien % 44k baino gehiagok berrikuntza motaren bat egiten duela. Ehuneko hori Espainiako enpresetakoa baino handiagoa bada ere (% 37), EB-28koaren eta Alemaniakoaren azpitik geratzen da (% 51 eta % 64, hurrenez hurren). EAEk erronka handia du, alde horretatik. Berrikuntza portaera industria eta zerbitzuetan desberdina denez, eta enpresa tamainaren arabera ere aldatzen denez, datuak ezaugarri horien arabera xehakatu dira eta ikusi dugu EB-28arekiko eta Alemaniarekiko desabantailak bere horretan jarraitzen duela bai industrian eta bai zerbitzuetan, baina batez ere enpresa txikietan kontzentratzen dela. Enpresa ertainetan eta handietan, berriz, Alemaniaren mailara iristen ez bagara ere, EAEko enpresa berritzaileen ehunekoa EB-28ko batezbestekoaren gainetik gelditzen da.

14. Taula Berrikuntzan aritzen diren 10 langile edo gehiagoko enpresen ehunekoa, berrikuntza motaren arabera (EAE 2017; gainerakoak, 2016)
14. Taula Berrikuntzan aritzen diren 10 langile edo gehiagoko enpresen ehunekoa, berrikuntza motaren arabera
Iturria: Eustat eta Eurostat
Oharra: Ehunekoak 10 langile edo gehiagoko enpresen guztizkoaren gainean kalkulatu dira, azken kaxan (berrikuntza teknologikoa eta ez teknologikoa duten enpresen ehunekoa jasotzen duenean) izan ezik, hartan enpresa berritzaile guztien gainean kalkulatzen baitira

EAEk berrikuntza teknologikoan duen sendotasun erlatiboa nagusiki prozesuari lotutako berrikuntzan oinarritzen da, enpresa handi zein txikietan

Berrikuntza motaren araberako azterketari ekinez, berrikuntza teknologikoa ere handiagoa da industria enpresetan zerbitzu enpresetan baino; eta tamaina handiagoko enpresetan txikiagoetan baino. EAEk kokapen hobea du berrikuntza mota horretan: berrikuntza tasa Espainiakoa halako bi da; EB-28koa baino handiagoa da; eta Alemaniarekiko tartea txikitzen du. EAEko berrikuntza teknologikoko ratioak bereziki handiak dira tamaina handieneko enpresetan. Horietan, Alemaniako ratioak baino hobeak dira. EAEk berrikuntza teknologikoan duen indargune erlatiboa funtsean prozesuaren berrikuntzan oinarritzen da (berrikuntza mota horretan, EAEko enpresa txikiak ere, ehunekoetan, Alemaniakoen gainetik daude). Kokapena ez da hain ona, ordea, produktuaren berrikuntzan (berrikuntza mota horrek lotura handiagoa du enpresen autonomiarekin eta erabakitzeko ahalmenarekin).

EAEk hobetzeko tartea badu teknologikoa ez den berrikuntzan eta berrikuntza teknologikoak eta ez teknologikoak konbinatzeko gaitasunean

Teknologikoa ez den berrikuntzan, zerbitzu enpresen berrikuntza ehunekoak industriakoenak bezainbestekoak edo handiagoak dira (Alemania da arau horren salbuespena). EAEk alderatzeko erabiltzen ari garen beste lurraldeek baino emaitza kaskarragoak ditu teknologikoa ez den berrikuntzan (Espainiakoak baino okerragoak, gainera), bereziki enpresa ertainetan eta, batez ere, txikietan. Euskal enpresek teknologikoa ez den berrikuntzan duten ahultasuna antolaketa berrikuntzan eta marketinekoan ikusten da.

Azkenik, literaturak erakusten digu berrikuntza mota desberdinak konbinatuz lehiatzeko abantaila handia eskura daitekeela. Ildo horretatik, 14. taulako azpiko kaxak erakusten du EAEko enpresak Espainiakoen aurretik daudela (industrian izan ezik), baina EBkoen eta Alemaniakoen atzetik.

15. taulak erakusten digu EAEn, berrikuntza teknologikoari dagokionez, lankidetza kultura sendoa garatu dela, eta, horregatik, Espainiaren aurretik gelditzen da, baina baita EB-28aren eta Alemaniaren aurretik ere, enpresa mota guztietan, nahiz eta txikietan, behar handiena izango luketen horietan, handietan baino presentzia txikiagoa izan. Bestalde, berrikuntza teknologikoaren lankidetzaren zatirik handiena herrialde bereko bazkideekin egiten bada ere, EAEko enpresak (eta, bereziki, zerbitzuetakoak) irekiagoak daude EBko beste herrialde batzuetakoekin lankidetzan aritzeko, Espainiako, Alemaniako edo EBko batez besteko enpresak baino gehiago.

15. Taula Berrikuntza teknologikoan lankidetzan aritzen diren 10 langile edo gehiagoko enpresen ehunekoa (EAE 2014-17; gainerakoak, 2016)
15. Taula Berrikuntza teknologikoan lankidetzan aritzen diren 10 langile edo gehiagoko enpresen ehunekoa (EAE 2014-17; gainerakoak, 2016)
  </figcaption>
Iturria: Eustat eta Eurostat
Oharra: Eustateko adierazleak EBko beste herrialde batzuetako bazkideekin egindako lankidetza bakarrik hartzen du kontuan; Eurostateko inkestak, ordea, EFTAko herrialdeetako eta EBra elkartutako beste herrialde batzuetako bazkideekin egindako lankidetza ere hartzen du kontuan

EAEk nahiko egoera ona du berrikuntzako gastuaren intentsitatean eta I+Gri dagokion berrikuntza gastuan

Azkenik, EAEko berrikuntza gastuaren intentsitatea esanguratsua da: Espainiakoa halako bi da eta EBko batezbestekoaren gainetik gelditzen da, nahiz eta Alemaniakoa baino txikiagoa izan. Beste toki batzuetan gertatzen denaren kontra, EAEn gastu hori handiagoa da zerbitzuen sektorean industrian baino, EAEko zerbitzuetan pisu handia baitute, bestea beste, zentro teknologikoek eta enpresetako I+Gko unitate desagregatuek. Era berean, normalean enpresa handiek bideratzen dute fakturazioaren ehuneko handiagoa berrikuntza gastura; baina EAEn, enpresa ertainek handiek bezainbesteko pisua dute, enpresa tamainaren tarte horretan kontabilizatzen baitira arestian aipatu ditugun berrikuntzako eragile horietako asko. Gastu motari begiratuta, makineria eta ekipoak erosteko gastuak eskatzen dizkie gaitasun diferentzial gutxien enpresei. Baina, aldi berean, errazagoa da lehiakideek kopiatzea. Horregatik, eskuragarria gertatzen zaie enpresa txikiei, kapitalean hain intentsiboak ez baldin badira ere. Baina hori ez da horrela gertatzen Espainian eta EAEn. I+Gra bideratutako berrikuntza gastuari dagokionez (bai enpresan bertan egiten dena eta bai beste enpresa batzuei kontratatzen zaiena), EAEren egoera nahiko positiboa da, ia Alemaniaren balioetara iristen da. EAEko ereduaren eta Alemaniakoaren arteko desberdintasuna da EAEn ratiorik handienak zerbitzu enpresetan eta enpresa ertainetan lortzen direla, kategoria horietan kontabilizatzen direlako zentro teknologikoak edo enpresetako I+Gko unitateak.

16. Taula 10 langile edo gehiago enpresen berrikuntza gastua (fakturazioaren %; 2014-17 EAErako eta 2016, gainerakoetarako)
16. Taula 10 langile edo gehiago enpresen berrikuntza gastua (fakturazioaren %; 2014-17 EAErako eta 2016, gainerakoetarako)
Iturria: Eustat eta Eurostat.

1. LAUKIA. Enpresen digitalizazioa

Enpresen portaerari lotuta, beste alderdi bat ere nabarmendu behar da: enpresen digitalizazioa. Prozesu hori teknologia txertatzea baino gehiago da, eta enpresen lehiakortasunean eta iraunkortasunean du eragina. EAEko 427 enpresa txiki eta ertainei egindako heldutasun digitaleko azterketaren arabera, enpresek gero eta gaitasun gehiago dituzte hazkunde digitaleko aukerak identifikatu, antzeman eta eraikitzeko. Beraz, hurrengo urteetarako prestatzen hasiak dira jada. Hala, enpresak beren estrategia korporatiboetan digitalizazioa txertatzen joan dira, mailaz maila, hazkundeko palanka gisa. Baina zailtasunak ikusten dira digitala, teknologiaz gainera, lehiatzeko abantailatzat hartuko duen lidergoa izateko eta enplegatuen ahalduntze digitalerako.

Enpresek badakite, gero eta gehiago, kanal digitalak garrantzitsuak direla, baina merkatu digital berrietan presentzia aurreratuko esperientziak oso urriak dira oraindik. Digitalizazio prozesuak, nagusiki, eraldaketa digitaleko prozesu hauetarako egokiak izango liratekeen esparru eta metodologia arinik gabe ari dira egiten. Euskal enpresek teknologia nagusiki lehendik zeuden prozesuetan txertatzen jarraitu dute, baina oraindik ere ez dira iritsi modu masiboan negozio ereduak berritzeko apustuari heltzera. Arrazoi horregatik, orain arte, bereziki, segurtasun baldintzak hobetzen, bezeroekiko harremana edo zerbitzuen eskaintza hobetzen, eta marketinean eta publizitatean aritu dira. Une honetan, lan indarra gaitzera, salmentak hobetzera, edo produktuak eta zerbitzuak aztertzera bideratutako jarduerak planifikatzen ari dira. Nolanahi ere, enpresen % 40 inguruk oraindik ez du inolako ekintzarik planifikatu produktuak eta zerbitzuak aztertzeko, produktu berriak emateko eta/edo garatzeko, lan indarraren gaikuntza eguneratzeko, edo bezeroak hobeto ulertzeko. Eraldaketa digitalaren konplexutasuna ikusirik, beharrezkoa da enpresa txiki eta ertainen arteko lankidetza maila txikiak gainditzea, hirugarrenekiko elkarlana handituz, beti ere berrikuntza digital irekiak lehiakortasun handiagoa ekar dezan.

Iturria: Zubillaga Rego, A., Aramburu Goya, N., Lorenzo Ochoa, O., North, K. eta Peletier Espiga, C. (2019), “Madurez digital de la PYME vasca”, Orkestrako Koadernoak 56/2019.