3. Bitarteko emaitzak

Jarraian, bitarteko emaitzen adierazleen portaera azalduko dugu, alegia, aurreko atalean aurkeztu ditugun azken emaitzak lortzen laguntzen duten haiena. Adierazle horien barne daude enpleguarekin eta langabeziarekin, produktibitatearekin, migrazio saldoekin eta berrikuntzaren emaitzekin lotura duten elementuak. Adierazle horiek hurrengo azpisekzioetan aztertuko ditugu. Azterketa horren osagarri, Euskal Autonomia Erkidegorako, Espainiarako, Alemaniarako eta EB-28rako eskuragarri dauden beste adierazle batzuk ere aztertuko ditugu, nahiz eta Europako erregioen multzorako daturik ez izan. Hala, lehenengo azpisekzioan, enpleguaren bilakaerari dagozkion emaitzak aztertuko ditugu. Izan ere, ekonomiaren emaitza onak herritar guztiengana iristeko modu bakarra enplegua sortzea da eta, hortaz, langabezia gutxitzea. Ekonomia gai bada enplegua sortzeko, horrek migrazio saldoen bilakaera positiboa ekarriko du, migrazio saldoak ekonomiaren koiunturaren araberakoak baitira, neurri handi batean. Enplegua sortzeko, enpresek gai izan behar dute kanpoan egiten dituzten salmentak handitzeko, eta horrek Atzerriko Zuzeneko Inbertsio fluxuetan ere izango du eragina. Horregatik, nazioartekotzeari lotutako emaitzak ere aztertuko ditugu azpisekzioetako batean. Era berean, emaitza horiek produktibitate handiagoaren emaitza izango dira eta produktibitatea, bestalde, berrikuntzan lortzen diren emaitzen araberakoa izango da.