4.3.3. Digitalizazioa

EAEk kokapen ona du banda zabaleko sarbidea duten familien adierazlean; ez, ordea, Internet bidezko erosketen adierazlean

26. taulan interneten erabilerari lotutako bi adierazle erakusten ditugu, eskariaren sofistikazioa aztertzera hurbiltzeko. Banda zabaleko sarbidea duten familien adierazleak hobera egin zuen, nabarmen, azken urtean, aurreko urteetan bezala. Hobekuntza hori batez ere 2016tik aurrera nabaritzen da, urte horretan gainditu zuen EAEk Espainiako eta Europako batezbestekoen balioa. 2017an, erregio alderagarrien adierazlea ere gainditu zuen eta 2018an, Alemaniaren parean kokatu da. Horri guztiari esker, EAE 2018an goiko tokietan dago Europako batezbestekoarekin eta autonomia erkidegoekin alderatzen denean, eta erdiko tokietan, erregio alderagarrien multzoarekin alderatzen denean. Hori lortzeko funtsezkoa izan da azpiegituraren zabalkundea: ia etxe guztietara iristen da, eta, gainera, aurreko urteetan baino jende gehiago ari da azpiegitura hori kontratatzen. Ez du bilakaera bera izan Internet bidezko erosketen adierazleak. Adierazle horretan, EAE oraindik Europako erregioen rankingaren azpiko aldean dago, eta erregio alderagarrien artean, azkeneko tokietan. Espainiarekin alderatuta, erdiko kokapena du. 3. laukiak EAEko ekonomiaren eta gizartearen digitalizazioaren inguruko beste hainbat elementu biltzen ditu.

26. Taula EAEren egoera digitalizazioari lotutako adierazleetan
26. Taula EAEren egoera digitalizazioari lotutako adierazleetan. Banda zabaleko sarbidea duten etxeak
26. Taula EAEren egoera digitalizazioari lotutako adierazleetan. Onlineko erosketaren bat egin zuten gizabanakoak
Iturria: Eurostat. Geuk egina
Oharra: Rankingak egiteko, Europako 2018 erregioak hartu ditugu (daturik ez zegoenean izan ezik -*217-), EAE eta erreferentziazko 30 erregioen multzoa, eta 19 autonomia erkidegoak
21. Grafikoa Digitalizazioari lotutako adierazleen bilakaera
21. Grafikoa Digitalizazioari lotutako adierazleen bilakaera. Banda zabaleko sarbidea duten etxeak
21. Grafikoa Digitalizazioari lotutako adierazleen bilakaera. Onlineko erosketaren bat egin zuten gizabanakoak
21. Grafikoa Digitalizazioari lotutako adierazleen bilakaera. Legenda
Fuente:  Eustat y Eurostat. Elaboración propia.

3. LAUKIA. Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren eta gizartearen digitalizazioari buruzko txostenaren (DESI txostenaren) ondorio nagusiak

Enpresa ingurunearen adierazleen ildo beretik, Orkestrak txosten bat prestatu du EAEko ekonomiaren eta gizartearen digitalizazioaren inguruan. Digitalizazio hori DESI adierazlearen bidez neurtu dugu (Ekonomia eta Gizarte Digitaleko Indizea-Digital Economy and Society Index). Europako erregioetarako datu eskuragarririk ez dagoenez, alderapena herrialdeekin egiten da. Hortaz, kontuan hartu behar da herrialdeen barruan alde handiak daudela, baina alde horiek ezkutuan geratzen direla batezbesteko orokorra hartzen dugunean.

2018an, adierazle horren arabera, EAEk aurrera egiten jarraitu du digitalizazioan. Eskandinaviako herrialdeen ondoren, bosgarren tokia hartzen du sailkapenean, aurreko urtekoa baino toki bat hobea. EAEren egoera on hori azaltzen dute indizea osatzen duten bost oinarrietako lauk: konektagarritasun baldintza aurreratuak, giza kapitala, teknologia enpresetan integratzea, eta zerbitzu publiko digitalen garapena. Lau adierazle horietan, Europako batezbestekoaren gainetik dago EAE. Aitzitik, etxeetan interneten oinarritutako zerbitzuen erabilera txikia oraindik ere eragozpen bat da euskal gizartearen erabateko digitalizazioa lortzeko.

22. Grafiko. Ekonomia eta Gizarte Digitaleko Indizea, Digital Economy and Society Index, DESI 2018
22. Grafiko. Ekonomia eta Gizarte Digitaleko Indizea, Digital Economy and Society Index, DESI 2018

Ia dimentsio, azpidimentsio eta adierazle guztietan ikusten den aurrerapenak ez du ahalbidetu, ordea, beste herrialde batzuekiko tokiak irabaztea. Zalantzarik gabe, horrek erakusten du digitalizazioak toki garrantzitsua hartzen duela herrialde guztien agendan.

Adierazle hori ikusirik, berretsi egiten dira Euskadi digitala gauzatzeko palanka nagusiak, baita eragozpen nagusiak ere. Palanka nagusien artean aipatu behar dira enpresen digitalizazioa, sare digitaletara konektatzeko azpiegiturak, edo euskal gizartean eta ekonomian trebetasun aurreratuak edukitzea. Aitzitik, merkataritza elektronikoko kanalen erabilera, transakzio ekonomikoak sortzen dituzten zerbitzu digitalen erabilera edo banda zabalaren prezio erlatiboa hobetzeko modukoak dira eta, horregatik, arreta berezia jarri behar zaie, orain arte bezala.

Iturria: Zubillaga Rego, A. eta Peletier Espiga, C. (2019) Ekonomia eta Gizarte Digitalak Euskal Autonomia Erkidegoan 2018. Orkestrako Koadernoak 2019/5.

4. LAUKIA. Energiaren testuingurua

Energia sektorea gakoa da lurraldearen lehiakortasunerako, bai sektoreak berak enplegua eta aberastasuna sortzerakoan duen pisuarengatik eta bai energiak, input gisa, gainerako sektoreetan duen eraginarengatik. Lauki honetan ingurune hori ulertzen laguntzen duten zenbait alderdi landuko ditugu.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2017an, industriak lurraldearen energia kontsumoaren % 39 hartu zuen, garraioaren atzetik (kontsumoaren % 40). Ehuneko horrek ia ez du parekorik beste herrialdeetan. Soilik Finlandian da handiagoa (% 44) eta Suedian (% 35), Belgikan (% 34) eta Austrian (% 34) antzekoa da. Euskal ekonomia industria sektorean espezializatuta dagoelako gertatzen da hori, nagusiki. Gainera, EAEko industria energian intentsiboak diren sektoreetan espezializatuta dago: siderurgia eta hodien fabrikazioa, zementua, beira, papera, oinarrizko industria kimikoa eta petrolioaren fintzea, zuraz eta kautxuaz gainera.

Euskal industriarentzat, energia kostuak ez dira oso mesedegarriak, bai energiaren prezioak azken urteetan gora egin duelako eta bai Europako beste herrialde batzuetan energiaren prezioak txikiagoak direlako. Iberiar Penintsulako merkatuan, gas naturalaren handizkako prezio marjinala inguruko beste merkatu batzuetakoa baino handiagoa da sistematikoki, iberiar gas sistemak gas natural likidotuaren prezioekiko mendekotasun handia duelako eta eskaintza txikiegia denean (adibidez, neguan eta udan gas naturalaren eskaria handitzen denean), oso zaurgarri bihurtzen delako, Europa kontinenteko gainerako herrialdeekin lotzeko ahalmen txikiaren eraginez. Oro har, industria kontsumora bideratzen den gas naturalaren prezioak Europako hub likidoarenaren preziora indexatzen dira (TTF) eta marjina handi bat eransten zaie, Iberiar Penintsulako gas sistemaren berezitasunak kontuan hartzeko. Industria kontsumora bideratutako energiaren azken prezioak, sareetara sartzeko kostuak eta zergak gehitu ondoren, Europar Batasuneko batezbestekoaren gainetik gelditzen dira.

Elektrizitateari dagokionez, eta erreferentzia gisa Eurostateko datuak hartuta, ikus daiteke elektrizitatearen prezioak, industria kontsumorako, EBko batezbestekoaren inguruan daudela Espainian, ia kontsumo banda guztientzat. Prezioak garestiagoak dira urtean 20 GWh baino kontsumo txikiagoa duten kontsumitzaileentzat. Elektrizitatearen handizkako prezioak azken prezioan duen pisua handiagoa da Espainian Europako beste merkatu batzuetan baino. Izan ere, Iberiar Penintsulako elektrizitate sistemaren prezio marjinalean eragin handia du erregai fosilen prezioak, nahiz eta elektrizitatearen mixean energia berriztagarriek (gehi energia nuklearrak) pisu handia izan. Soilik petrolioaren eta haren eratorrien azken kontsumorako prezioak dira Espainian EBko batezbestekoan baino txikiagoak, presio fiskala txikiagoa delako.

Hala ere, azpimarratzekoa da EAEko ekonomiak energia intentsitate txikiagoa duela (energia kontsumoaren eta BPG-barne produktu gordinaren arteko erlazioa) Espainiako ekonomiaren eta Europakoaren batezbestekoak baino; beraz, efizienteagoa dela esan daiteke.

Bestalde, energiaren azken kontsumo gordinean energia berriztagarriek duten kuota Espainiako eta Europako batezbestekoa baino txikiagoa da, nahiz eta energia mota horren garapenari lotutako industria eduki (eolikoa, biomasa eta baita eguzki energia ere).