3.5. Berrikuntza

EAE azpiko tokietan dago milioi bat biztanleko patenteen adierazlean, Europako batezbestekotik urrun

Output teknologikoa neurtzeko ohiko adierazleetako bat biztanleko patenteen kopurua da, milioi bat biztanleko, mugapenak mugapen (adibidez, sektore guztiek ez dituzte patenteak neurri berean erabiltzen beren berrikuntzak babesteko, eta patentatzen den guztia ez da merkatuan ustiatzen edo ez da benetako berrikuntza bihurtzen). ELGEk adierazle hori ez du eguneratu joan den urteaz geroztik. Hortaz, eskatutako patenteen datuak publiko egiteko gertatzen diren atzerapenak eta patenteak bere lehentasun urtearekin lotuta egoteak eragiten du 2015etik aurrerako daturik ez edukitzea. Joan den urteko txostenean adierazten zen bezala, adierazle honetan EAEn egoera ona da Espainiako autonomia erkidegoekin alderatzen denean, baina tarteko mailan egongo litzateke Europako erregioen multzoarekin alderatuta eta sailkapeneko azken tokietan, erregio alderagarriekin alderatuta. Hori dela eta, oso urrun dago Alemaniako balioetatik (herrialde hori gailentzen da nazioartean adierazle honetan), baita EB-28ko batezbestekotik ere.

Taula 10. EAEren egoera berrikuntzari lotutako adierazleetan
Taula 10. EAEren egoera berrikuntzari lotutako adierazleetan. Zientzia eta Teknologiako patenteak milioi bat biztanleko
Taula 10. EAEren egoera berrikuntzari lotutako adierazleetan. Argitalpenak (WoS) milioi bat biztanleko
Taula 10. EAEren egoera berrikuntzari lotutako adierazleetan. Q1eko argitalpenak
Iturria: OECD REGPAT eta Incites. Geuk egina
Oharra:  Datuak eskuragarri ez zeuden kasuetan izan ezik, rankingak egiteko Europako 218 erregio hartu ditugu kontuan (urdinez), EAE eta 30 erregio alderagarrien multzoa (berdez), eta 19 autonomia erkidego eta hiriak (gorriz).
Grafikoa 10. Berrikuntzari lotutako adierazleen bilakaera
Grafikoa 10. Berrikuntzari lotutako adierazleen bilakaera. Zientzia eta Teknologiako patenteak milioi bat biztanleko
Grafikoa 10. Berrikuntzari lotutako adierazleen bilakaera. Argitalpenak (WoS) milioi bat biztanleko
Grafikoa 10. Berrikuntzari lotutako adierazleen bilakaera. Q1eko argitalpenak
Grafikoa 10. Berrikuntzari lotutako adierazleen bilakaera. Legenda
Iturria: OECD REGPAT eta Incites. Geuk egina

EAEk output zientifikoaren rankingean patenteenean baino kokapen askoz hobea du

Ingurune zientifikoan, berrikuntzaren outputa Web of Science datu basean indexatuta dauden biztanleko argitalpenekin ere neur daiteke (datu base horretako argitalpenak kalitate handikotzat hartzen dira esparru akademikoan). Orkestra Lehiakortasunari buruzko Behatokian hasi da adierazle hori aztertzen, Incites datu iturria erabiliz. Gainera, Regional Innovation Scoreboard (RIS)en 2019ko adierazlerako Leideneko Unibertsitateak (Herbehereak) prestatzen dituenak baino zenbatespen berriagoak ematen ditu. Adierazle horretan ikusten da EAEk kokapen hobea duela output zientifikoan patenteetan baino. Output zientifikoa unibertsitateen eta ikerketa zentroen ikerketa jardueraren araberakoa da funtsean, eta patenteen emaitzak, berriz, enpresen eta zentro teknologikoen ikerketa jardueraren araberakoak. EAEk mende honetako lehenengo hamarkadaz geroztik egin duen apustu sendoaren ondorio da emaitza hori, bere sistema zientifikoak beste ekonomia aurreratu batzuekin alderatuta zituen ahultasunak gainditzeko neurriak hartu baitira. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan, argitalpenen hazkundea oso handia izan zen 2015. urtera arte. Urte horretan, Espainiako batezbestekoaren gainetik geratu zen eta, orduz geroztik, alderatzeko erabiltzen ari garen beste lurralde batzuen erritmo berean joan da hazten. EAEko argitalpenak bereziki nabarmentzen dira eragin handieneko aldizkarietan (1 kuartilean daudenetan) argitaratzen diren argitalpenen ehunekoa neurtzen duen adierazlean. Adierazle horretan, EAEk egoera oso ona du eta agerikoa da ahaleginak egiten direla eragin handieneko aldizkarietan argitaratzeko.

Grafiko 11. Enpresa berritzaileen indizea enpresarentzat edo merkatuarentzat berriak diren produktuen salmentekin alderatuta (2016)
Grafiko 11. Enpresa berritzaileen indizea enpresarentzat edo merkatuarentzat berriak diren produktuen salmentekin alderatuta (2016)
Fuente: Regional Innovation Scoreboard, Community Innovation Survey 2016ko datuekin.

EAEren emaitzak oso onak dira enpresarentzat edo merkatuarentzat berriak diren produktuen salmenten ehunekoan

Orain dela gutxi argitaratu da 2019ko RIS azterketa. Argitalpen honek adierazle konposatu bat proposatzen du, outputeko eta inputeko adierazleak konbinatuz osatutakoa, eta herrialdeak adierazle horren arabera multzokatzen ditu. Baina gerta daiteke multzo berean sartzea oso portaera desberdinak dituzten erregioak. Esate baterako, multzo berean egongo lirateke bai berrikuntzako inputetan emaitza onak izanik, outputetan erdipurdiko emaitzak dituzten eskualdeak eta bai, alderantziz, berrikuntzan emaitza onak lortzen dituztenak, hainbeste inbertitu gabe. Horregatik, aurrekoetan bezala, adierazle konposatu hori aztertu beharrean, hura kalkulatzeko erabiltzen dituzten adierazleak aztertu ditugu, diagnostiko honetara esanguratsuenak ekartzeko, dagokien sekzioan. Adierazleetako batzuk dagoeneko aztertu ditugu, esparruko osagaien artean daudelako. Beste batzuk txosten honetarako berariaz kalkulatu ditugu, adibidez, Community Innovation Surveyri eskaera zehatzak eginez, Eurostaten erregioetarako datuak eskuragarri ez dauden kasuetan. Berrikuntzaren emaitzak neurtzeko adierazle horietako bat enpresarentzat edo merkatuarentzat berriak diren produktuek salmentetan hartzen duten ehunekoa da, aukera ematen baitu aztertzeko zein neurritan ekartzen dituen berrikuntzak salmenta handiagoak. Produktu berrien salmenten adierazleak egoki jasotzen du berrikuntza gertatu dela eta merkatura iritsi dela, eta ez du, ezinbestean, aurretik I+Gn egindako jarduerekin zerikusirik (izan ere, produktu berri baten salmentaren arrazoia makina berri bat erostea izan daiteke, adibidez). Horretan desberdintzen da patenteen adierazleaz, hori, azkenean, asmakuntza prozesu baten arrakastaren adierazlea da, sarritan I+Gko jarduerei lotutakoa, baina ez, nahitaez, berrikuntzari. 11. grafikoan ikusten da aztergai dugun adierazlearen emaitzak onak direla, produktuetan edo prozesuetan berrikuntzak egiten dituzten enpresa txiki eta ertainen ehuneko apala ezaguturik espero zitekeenak baino askoz hobeak –nolanahi ere, azken adierazle horretan, Euskal Autonomia Erkidegoa ongien kokatutako Espainiako autonomia erkidegoen artean dago–.

Taula 11. 10 langile edo gehiagoko enpresen guztizko salmentak, produktuen berritasun mailaren arabera (EAE, 2014-17; gainerakoak, 2016)
Taula 11. 10 langile edo gehiagoko enpresen guztizko salmentak, produktuen berritasun mailaren arabera (EAE, 2014-17; gainerakoak, 2016)
Iturria: Eustat eta Eurostat.

Euskal enpresek saltzen dituzten produktuen berritasun maila bereziki nabarmentzekoa da industria sektorean eta tamaina handieneko enpresetan

Azterketa hori osatzeko, Eustatek argitaratzen duen Berrikuntzari buruzko Inkestatik abiatuta, analisi xeheagoa egin dugu. Metodologiari lotutako desberdintasun batzuk kontuan hartu behar badira ere (aurrerago aipatuko ditugu, 4.1.1. sekzioan), 11. taulak erakusten digu aldaketarik izan ez duten produktuei dagokien salmenten ehunekoa oso handia izan ohi dela ekonomian (enpresen guztizkoaren % 80tik gorakoa eta enpresa berritzaileetan, % 70etik gorakoa), eta ehuneko hori, gainera, handiagoa dela zerbitzuetan industrian baino; eta enpresa txikietan, handietan baino. Desberdintasun horiek, gainera, nabarmenagoak dira alderapenean errotiko berrikuntza handiagoa duten produktuak aztertzen baditugu, hau da, enpresarentzat ez ezik, merkatuarentzat ere berriak diren produktuak hartzen baditugu. Lurraldeen araberako alderapenean, EAEk nolabaiteko hobekuntza erakusten du bere produktuen berrikuntza mailan. Hala, Espainiaren maila berean geratzen da eta EB-28ko batezbestekoaren eta Alemaniaren aurretik. Hobekuntza are handiagoa da soilik enpresa berritzaileak hartzen baditugu, EAEk baitu aldaketarik gabeko produktuen salmentan ehunekorik txikiena. EAEren egoerak hobera egin du, nagusiki, industria enpresetan eta tamaina handienekoetan, nahiz eta enpresa txiki eta ertainek ere beste lurralde batzuetakoek baino portaera hobea izan berrikuntzan. Era berean, ikusten da produktu berritzaileei esker lortutako salmenten ehunekoaren gorakada handiagoa izan dela merkatuarentzat berriak diren produktuetan enpresarentzat berriak direnetan baino.

Faktoreen Guztizko Produktibitateak produktibitatearen hazkundeari egiten dion ekarpenean, EAE EB-28ko batezbestekotik hurbil dago

Orain arteko alderapenetan, berrikuntza adierazle multzo zabal bat erabiliz neurtu dugu, berrikuntza inkestek ematen zizkiguten balioak oinarri hartuta. Baina Ekonomian, berrikuntza neurtzeko hurbilketa tradizional eta erabiliena Solow Nobel saridunak proposatu zuen, XX. mendearen erdialdera. Hazkundearen Kontabilitate deitutakoaz baliatuz, egile honek proposatu zuen berrikuntza faktoreen guztizko produktibitatearen bidez (FGP) neurtzea.

Aurtengo Lehiakortasunari buruzko txostenean, diagnostiko txosten honekin batera prestatu dugun gaikako txostenean, EAEko hazkundearen kontabilitatearen zenbatespena egin dugu, The Conference Boardek herrialde multzo zabal batentzat erabiltzen duen metodologiaz baliatuz. Azterketa horren emaitzak 12. taulan jaso ditugu. Emaitza horietatik ondorioztatzen da faktoreen guztizko produktibitatea berreskuratzen hasi dela krisiaren lehenengo urteetan bizi izan zuen beherakada gogorraren ondoren; baina gaur egungo hazkunde tasak 2001-2007 aldian lortutakoak baino txikiagoak dira eta joan den mendeko azken hamarkadetan ikusitakoen azpitik gelditzen dira, nabarmen. The Conference Boardek (2019) eta ELGEk (2019) aipatzen duten bezala, ekonomia helduetan produktibitatearen eta bizi estandarren hazkundeak apalagoak izan ohi dira. Jokaleku ilun horren barruan (bereziki kezkagarria AEBetan), EAE EB-28ko batezbestekotik hurbil dago eta Espainiako balioaren gainetik, argi eta garbi.

Taula 12. Faktoreen Guztizko Produktibitateak lanaren itxurazko produktibitatearen hazkundeari egiten dion ekarpena
Taula 12. Faktoreen Guztizko Produktibitateak lanaren itxurazko produktibitatearen hazkundeari egiten dion ekarpena
Iturria: Geuk egina, Eustat, IVIE, Alberdi (2015) Alberdi (2015) The Conference Boardeko datuak abiapuntu hartuta.
  1. The Conference Board (2019). The Conference Board Productivity Brief 2019.

  2. OECD (2019). OECD Compendium of Productivity Indicators 2019. OECD Publishing, Paris.

  3. Alberdi-Larizgoitia, A. (2015). Indizea. Informe para Innobasque 2015. Innovación, capital intangible y productividad de la economía vasca 1995-2012. Gasteiz, Espainia: Ekonomiaz.