3.4. Produktibitatea
EAEko langile bakoitzeko itxurazko produktibitateak beste lurraldeetakoak baino balio handiagoak erakusten ditu eta etengabe ari da hazten, gainera
Produktibitatean lortutako emaitzak ere bitarteko emaitzen beste adierazle bat dira, produktibitatea hobetzea nahitaezkoa baita lehiakorra izateko. 9. taulan eta 8. grafikoan ikus daiteke langile bakoitzeko itxurazko produktibitatearen kokapen alderatua eta bilakaera, erosteko ahalmenaren parekotasunean neurtuta. EAEko enpresen produktibitatea lehenengo postuetan azaltzen da egin ditugun sailkapen guztietan. Gainerako lurraldeetako balioak baino askoz ere handiagoak ditu eta, gainera, balio horiek etengabe ari dira handitzen. Nolanahi ere, argazkia bestelakoa izango litzateke azterketa lanorduekin egingo bagenu langile bakoitzeko egin beharrean, 4.1.3. sekzioan ikusiko dugun bezala, EAEn lan egindako batez besteko orduak beste lurralde batzuetakoak baino gehiago baitira eta, gainera, haietan ez bezala, handitzen joan baitira azken urteetan..
Oharra: Datuak eskuragarri ez zeuden kasuetan izan ezik, rankingak egiteko Europako 218 erregio hartu ditugu kontuan (urdinez), EAE eta 30 erregio alderagarrien multzoa (berdez), eta 19 autonomia erkidego eta hiriak (gorriz).
Azken urteetan, produktibitatearen hazkundea enpleguaren hazkunde garbiekin batera etorri da
Datuak erosteko ahalmenean neurtzeak desabantaila bat du: nazioko batez besteko balioak erabiltzen dira, erregioen artean prezioetan egon daitezkeen aldeak kontuan hartu gabe. Horregatik, EAEri dagokionez (prezioak bertan handiagoak izanik) horrek ekar dezake produktibitateari gehiegizko balioa ematea. Arrazoi hori dela eta, gure analisia osatzeko produktibitatearen balioak (Balio Erantsi Gordinaren eta lanean ari diren pertsona kopuruaren arteko zatidurarekin neurtuta) termino konstanteetan kalkulatu ditugu (ikus 9. grafikoa). Eurotan neurtuta, outputaren neurketan ager daitekeen gehiegizko balioespena zuzentzen da, eta neurketa termino konstanteetan eginda, inflazioaren eraginak indargabetzen dira. Kasu honetan ere ikusten da EAEko produktibitatea Alemaniako batezbestekoaren antzeko erritmoetan joan dela handitzen, eta Europako batezbestekoaren eta, batez ere, Espainiakoaren oso gainetik. Azpimarratzekoa da orain dela urte batzuk produktibitatearen hazkundeak batez ere enplegu murrizketen ondorio zirela, baina azken urteetan, produktibitatearen hazkundea enplegu hazkunde garbiarekin batera etorri da. Hori sakonago aztertuko dugu 4.1.4. sekzioan. Bertan, lan kostuen bilakaera aztertzerakoan, lan kostuen eta produktibitatearen arteko harremana landuko dugu. Gainera, ikusiko dugu EAEk produktibitate handiagoa edukitzearen beste arrazoietako bat industria espezializazioa dela, industriak gainerako sektoreek baino produktibitate handiagoa baitu.