4.1.3. Lan kostuak

Lan kostuak ekonomiaren lehiakortasunaren baldintzatzaile gakoak dira, prezioen indize orokorraren (inflazioaren) bilakaeran eta kanpo merkataritzan izan ditzaketen eraginengatik. Orkestrak egindako aurreko Lehiakortasunari buruzko Txostenetan adierazi izan den bezala, lan kostuen adierazlea ez da lehiakortasunaren adierazle baztertzaile bat, baizik eta adierazle horren bilakaera eta eraginak beste adierazle batzuekin batera interpretatu behar dira. Esate baterako, esku hartze publikoaren maila, lan merkatuaren erakunde esparrua, eta/edo ekonomiaren merkataritza eta finantza integrazio maila, besteak beste, soldaten presioaren eta produktibitatearen arteko orekaren azpian dauden faktoreak dira.

Sekzio honen helburua da euskal ekonomian lan kostuen bilakaeraren analisia eguneratzea, nazioarteko alderapenez lagunduta. Gainera, manufakturako sektorea aztertuko dugu bereziki, nazioarteko lehiak eragin handia baitu hartan. 13. grafikoak arlo honi lotutako adierazleen bilakaera aurkezten digu.

13. Grafikoa Alokairudun bakoitzeko lan kostuaren, produktibitate errealaren, unitateko lan kostuaren eta unitateko lan kostu errealaren bilakaera
13. Grafikoa Alokairudun bakoitzeko lan kostuaren, produktibitate errealaren, unitateko lan kostuaren eta unitateko lan kostu errealaren bilakaera. Ekonomia guztira. Alokairudun bakoitzeko lan kostu nominala
13. Grafikoa Alokairudun bakoitzeko lan kostuaren, produktibitate errealaren, unitateko lan kostuaren eta unitateko lan kostu errealaren bilakaera. Manufaturazko industria. Alokairudun bakoitzeko lan kostu nominala
13. Grafikoa Alokairudun bakoitzeko lan kostuaren, produktibitate errealaren, unitateko lan kostuaren eta unitateko lan kostu errealaren bilakaera. Ekonomia guztira. Produktibitatea
13. Grafikoa Alokairudun bakoitzeko lan kostuaren, produktibitate errealaren, unitateko lan kostuaren eta unitateko lan kostu errealaren bilakaera. Manufaturazko industria. Produktibitatea
13. Grafikoa Alokairudun bakoitzeko lan kostuaren, produktibitate errealaren, unitateko lan kostuaren eta unitateko lan kostu errealaren bilakaera. Ekonomia guztira. Unitateko lan kostu nominala
13. Grafikoa Alokairudun bakoitzeko lan kostuaren, produktibitate errealaren, unitateko lan kostuaren eta unitateko lan kostu errealaren bilakaera. Manufaturazko industria. Unitateko lan kostu nominala
13. Grafikoa Alokairudun bakoitzeko lan kostuaren, produktibitate errealaren, unitateko lan kostuaren eta unitateko lan kostu errealaren bilakaera. Ekonomia guztira. Unitateko lan kostu erreala
13. Grafikoa Alokairudun bakoitzeko lan kostuaren, produktibitate errealaren, unitateko lan kostuaren eta unitateko lan kostu errealaren bilakaera. Manufaturazko industria. Unitateko lan kostu erreala
13. Grafikoa Alokairudun bakoitzeko lan kostuaren, produktibitate errealaren, unitateko lan kostuaren eta unitateko lan kostu errealaren bilakaera. Legenda
Iturria: Eustat eta Eurostat. Geuk egina

Produktibitateari eta lan kostuei dagokienez, EAEko enpresen egoerak ona izaten jarraitzen du

Alokairudun bakoitzeko lan kostuei (ALK) dagokienez, Espainiako ekonomiak eta EAEkoak krisiaren aurrean doikuntza Europako beste ekonomia batzuek baino geroago egin zuten, baina sakontasun handiagoz. Azken urtean, ALK-k lurralde guztietan igo dira, Alemanian azken urteetan ikusi den joerari jarraiki. Hala eta guztiz ere, 2013ko egoerarekin alderatuta, EAEko balioak beste lurralde batzuetakoak baino txikiagoak dira, bai ekonomia osoa hartuta eta bai manufakturako industria hartuta.

Produktibitateari dagokionez, Espainiako merkatuan egin diren doikuntzen eraginak ikusten dira berriro, besteak beste, lantaldeen murrizketak eta balio erantsi txikieneko lanpostuak desagertzea. Horren guztiaren ondorioz, produktibitatearen adierazleak nabarmen egin du hobera. 2013az geroztik, produktibitatean hazkundeak antzeko ibilbidea izan du EB-28an, Alemanian eta EAEn. Espainian, ordea, produktibitatearen hazkundeak motelak izan ziren 2015. urtera arte eta urte horretatik aurrera, handitzen joan dira. Manufakturako industrian, eragin horiek ekonomia osoan baino gehiago nabaritzen dira. 2013tik aurrera, produktibitatearen hazkundea handiagoa da EB-28an, Alemanian eta EAEn. Azken urtean, ordea, produktibitatea aurreko urteetako ia balio beretan mantendu da.

EAEko eta Espainiako ekonomiek 2010ean hasi zuten unitateko lan kostuen (ULKN) lehiakortasuna hobetzeko prozesu luzea. ULKNen beheranzko joera hori eten egin zen eta 2018an, hazkundeko bidean sartu dira. Manufakturako industrian, gorabeherak ekonomia osoan baino gehiago nabarmentzen dira. 2013aren ondoren, euskal ekonomiaren bilakaera hobea da aztertzen ari garen erreferentziazko beste herrialdeekin alderatuta. 2015era arte, Espainia ere EAEren hobekuntza bidetik joan zen, baina, ondoren, Espainian hobekuntzak moteltzen joan dira eta azken bi urteetan, EB-28an eta Alemanian bilakaera eten egin da. ULKNren lehiakortasunaren hobekuntza, neurri batean, Espainiak herrialde garatuekiko duen kanbio tasa efektibo nominalaren balio irabazteak konpentsatu du, tasa horrek gora egin baitu 2015etik 2018ra.

EAEko lehiakortasunak hobera egin du, unitateko lan kostu nominalei erreparatuta (ULKN) eta, bereziki, unitateko lan kostu errealei erreparatuta (ULKR)

Eta unitateko lan kostu errealei dagokienez (ULKR), EAEko jaitsiera are handiagoa izan da. Horrek, azken batean, enpresa marjinak berreskuratzen laguntzen du.

Horren guztiaren ondorioz, 18. taulan 2018. urtearen bi ezaugarri ikusten dira: ALKen eta produktibitatearen arteko korrelazio handia, eta ekonomia osoko eta manufakturako industriako ULKen arteko aldea. ALKen eta produktibitatearen arteko korrelazioa handia da, produktibitate handiak soldata handiagoak ekarriko dituelako eta soldata handiek, aldi berean, berrikuntza handiagoak bilatzea eta langileak kapitalarekin ordezkatzea ekarriko dute. Ekonomia osoko lanaren itxurazko produktibitateari dagokionez, bi herrialde multzo bereizten dira: Alemania eta EAE, antzeko mailan, maila onean; eta EB-28 eta Espainia, maila apalagoan. Euskal ekonomiak, ULKen zutabean, balio txikiak ditu, ALK erlatiboki txikiagoa delako eta produktibitatea, berriz, handia. Manufakturako industrian, ordea, ekonomia osoan baino handiagoak dira bai ALK eta bai produktibitatearen maila. Kasu horretan, EAEko ekonomiaren ULK beste esparru batzuetakoa baino handiagoa da, produktibitatea, erlatiboki, txikiagoa delako. Euskal ekonomiaren manufakturako eta industriako espezializazioa ikusirik, sektore horretako produktibitate handiagoak azaltzen du, neurri batean, ekonomia osoaren produktibitate maila handiagoa.

Tabla 18. Alokairudun bakoitzeko Lan Kostua (ALK), produktibitatea eta Unitateko Lan Kostua (ULK). (2018)
Tabla 18. Alokairudun bakoitzeko Lan Kostua (ALK), produktibitatea eta Unitateko Lan Kostua (ULK). (2018)
Iturria: Eustat eta Eurostat. Geuk egina

Manufakturako industrian, EAEko unitateko lan kostua (ULK) EB-28ko erregioen batezbestekoa baino txikiagoa da, baita atzerriko erregio alderagarri gehienetakoa baino txikiagoa ere

Bilakaeraren analisia osatzeko, eskualdeen arteko alderapena egin dugu. Analisi hori 14. grafikoan erakusten da ekonomia osorako, eta 15. grafikoan, berriz, manufakturako industriarako. EAEko ekonomia osoaren eta herrialdeetako batezbestekoen alderapenaren emaitza berbera da. Baina beste informazio bat ere ematen digu: atzerriko erregio alderagarri gehienetan, ALK eta produktibitatea EAEkoa baino handiagoa da, baina ULK ere handiagoa da. Gainera, Espainiako autonomia erkidego alderagarriekiko, EAE guztien gainetik gelditzen da ALKn eta produktibitatean. Baina interesgarriena da, manufakturako industriari begiratuz gero, EAEk EB-28ko erregioen batezbestekoak baino ULK txikiagoa duela, baita atzerriko erreferentziazko erregio guztiek (bik izan ezik) baino txikiagoa ere. Horrenbestez, erregioen arteko alderapenak ez du berresten EAEko manufakturako industriak azaltzen zuen desabantaila, herrialdeen alderapena egiterakoan.

14. Grafikoa Alokairudun bakoitzeko lan kostua eta produktibitatea (enplegatu bakoitzeko BEG) ekonomia osorako EB-28ko erregioetan (2017 edo urterik hurbilena)
14. GrafikoaAlokairudun bakoitzeko lan kostua eta produktibitatea (enplegatu bakoitzeko BEG) ekonomia osorako EB-28ko erregioetan (2017 edo urterik hurbilena)
Irurria: Eustat eta Eurostat. Geuk egina
Oharra: Hiru erregiok 100dik gorako produktibitatea dute eta, horregatik, ez ditugu grafikoan sartu
15. Grafikoa Alokairudun bakoitzeko lan kostua eta produktibitatea (enplegatu bakoitzeko BEG) manufakturako industriarako EB-28ko erregioetan (2017 edo urterik hurbilena)
15. Grafikoa Alokairudun bakoitzeko lan kostua eta produktibitatea (enplegatu bakoitzeko BEG) manufakturako industriarako EB-28ko erregioetan (2017 edo urterik hurbilena)
Irurria: Eustat eta Eurostat. Geuk egina

Orain arteko analisietan, lan kostuak langileen kopurua kontuan hartuta kalkulatu ditugu. Baina lan egindako orduak kontuan hartuta ere kalkulatu ahal izango genituzke. Horrek eragina izango luke ALKren eta produktibitatearen maila kalkulatzerakoan, enplegatu bakoitzeko urteko lanorduen batezbestekoa aldatu egiten baita lurralde batzuetatik besteetara. 16. grafikoak erakusten digu nolako bilakaera izan duen enplegatu batek, batez bestean, urtean lan egiten dituen orduen kopuruak.

16. Grafikoa. Urteko batez besteko lanorduen kopurua landun bakoitzeko
16. Grafikoa. Urteko batez besteko lanorduen kopurua landun bakoitzeko. Ekonomia guztira
16. Grafikoa. Urteko batez besteko lanorduen kopurua landun bakoitzeko. Manufaturazko industria
16. Grafikoa. Urteko batez besteko lanorduen kopurua landun bakoitzeko. Legenda
Iturria: Eustat eta Eurostat. Geuk egina.

Grafikoak bi ondorio nabarmen ematen dizkigu. Alde batetik, manufakturako industrian langile bakoitzak lan egiten dituen ordu kopurua ekonomia osokoa baino handiagoa da, herrialde guztietan. Bigarren, Alemanian lanorduak gutxiago dira; Espainian, berriz, urteko batez besteko lanorduak gehiago dira.

Herrialde gehienetan ez bezala, euskal ekonomian lanean ari den pertsona bakoitzak lan egiten dituen orduen kopurua handitu egin da 2014az geroztik

Bilakaerari dagokionez, ekonomia osoaren eta manufakturako industriaren portaera ez doaz ildo beretik. Ekonomia osoan, herrialde gehienetan lan egindako orduen kopurua pixka bat jaisten ari dela ikusten da. Salbuespena, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoa da. Izan ere, 2014az geroztik, ekonomiaren susperraldiaren hasieratik, langile bakoitzak lan egindako orduen kopurua pixka bat handitzen ari dela dirudi. Manufakturako industrian, krisi garaian orduen kopuruak behera egin zuen, nabarmen, EB-28an, Alemanian eta EAEn. Espainian, ordea, batez beste lan egindako orduen kopurua handitzeko joera ikusten da.

  1. Unitateko Lan Kostu Nominalak (ULKN) kalkulatzeko, alokairudun bakoitzeko lan kostuen aldakuntza nominala eta produktibitatea hartzen dira kontuan. Ekonomialariek uste dute ULKN dela lan kostuek kanpoko lehiakortasunean duten eragina aztertzeko lan kostuen aldakuntzaren adierazlerik egokiena.

  2. 2017ko datuari 100,0 balioa ematen badiogu, 2015ean 99,3 zen eta 2018an, 101,2 izan da.

  3. Unitateko Lan Kostu Errealen (ULKR) aldakuntzak aukera ematen du ikusteko zein neurritan lortzen duten enpresek ULKNetan izan dituzten aldakuntzak prezioetara eramatea. ULKNen aldakuntzak prezioetara eramaten badituzte, ULKRk behera egingo du eta enpresa marjinak handituko dira; ULKNen aldakuntzak prezioetara eramaten ez badituzte, ULKRk gora egingo du eta marjinak txikitu egingo dira. Beraz, ULKRren aldakuntza da lan kostuen aldakuntzek enpresen errentagarritasunean duten eragina ikusteko adierazlerik egokiena.