Laburpen exekutiboa

EAEko azken emaitzen adierazle gehienek, bai ekonomia arlokoek eta bai gizarte arlokoek, hobera egin dute azken urtean. Hala, erkidegoak, oro har, kokapen ona du eta Europako erregioen lehenengo kuartilean dago, errentari eta pobrezia tasari begiratuz gero. Hori ikusirik, esan dezakegu “gizarte eta ekonomia lehiakortasuneko eredu orekatu” bat dagoela, “elkartasunean oinarritutako lehiakortasuna” deitutakoaren ildotik.

EAEren erronka nagusietako bat langabezia da, bereziki gazteenen eta 55 urtetik gorakoen artekoa. Gainera, kontuan hartu behar da krisiaren ondorengo susperraldian ez dela gehiegi hobetu kontratazio berrien kalitatea, esate baterako, aldi batekotasunari eta lanaldi partzialeko lanari begiratuta.

Europako beste erregio batzuekin alderatuta, EAE ongi kokatuta dago enpresa inguruneari lotutako adierazleetan, erakundeen kalitatea, abian jarritako politikak eta estrategiak eta pertsonen prestakuntza maila egokiak direlako, besteak beste.

Enpresa portaerari dagokionez, produktibitatearen eta kostuen adierazleen emaitzak positiboak dira. Finantza ikuspegitik, enpresek ez dute arriskuak hartzeko joera handirik; aitzitik, zorpetzea gutxitzen eta funts propioak sendotzen jarraitu dute. Berrikuntzan, nahiko sendo dabiltza berrikuntza teknologikoan (nagusiki, prozesuari lotutakoan) eta ahultasunak dituzte, ordea, teknologikoa ez den berrikuntzan (antolaketakoan eta marketinekoan) eta bi berrikuntza moten konbinazioan. Berrikuntzako adierazle batzuetan emaitzak hala moduzkoak badira ere, EAEk emaitza onak ditu produktu berrien salmentaren adierazlean. Azpimarratzekoa da enpresa batzuek, batez ere industria sektorekoak eta tamaina handikoak, berrikuntzan jarduera ugari egiten dituztela. Esate baterako, enpresa handien % 17 inguruk –Europan, batez beste, % 6,5 inguruk– merkatura produktu berriak eraman ditu.

Azken urte honetan, euskal enpresen nazioartekotzeak sendotzen jarraitu du. Hala, gora egin dute esportazioek, enpresa bakoitzeko esportazioen batez besteko balioak, eta enpresa esportatzaile erregularren ehunekoak. Baina behera egin du enpresa esportatzaileen kopuruak.

Mundu mailako joera nagusiak (zahartzea, ekoizpen prozesuen digitalizazioa eta automatizazioa, klima aldaketa…) erronka handiak dira, ongizate mailei eutsi edo maila horiek hobetu nahi baditugu. Joera horiei gizartean eta politikan ikusten ari garen ziurtasun ezak gehitu beharko dizkiegu, ekonomian eragina baitute. Hain zuzen ere, Lehiakortasunari buruzko joan den urteko Txostenean aipatu genituen ziurtasun ez horiek, baina urteak aurrera egin duen neurrian, berretsi ez ezik, areagotu ere egin dira. Besteak beste, Brexita gertatzeko eta erabaki hori adostuta ez egoteko probabilitatea handitzeaz ari gara; edo Trumpek hasitako merkataritza gerrak kanbio tasetara edo teknologiaren esparruetara zabaltzeaz; edo Latino Amerikako egonkortasun ezaz (Argentina, Brasil, Venezuela, Kolonbia...). Horregatik guztiagatik, orain inoiz baino gehiago, politika proaktiboak behar dira, moldagarritasuna, ibilbide berriak eta egitura ekonomikoaren dibertsifikazioa sustatzeko.

Enpresek finantza egoera ona eta finantza balankatze positiboa dutela aprobetxatuta, pausoak eman beharko lirateke inbertsioa areagotzeko, bereziki arlo hauetan: langileen prestakuntza eta lanpostuetako kualifikazioaren hobekuntza; enpleguaren kalitatea berreskuratzeko ahalegina; enpresen I+Gko eta berrikuntzako jarduerak indartzea (bereziki, teknologikoa ez den berrikuntzari dagokionez); eta enpresen nazioartekotzea sendotzea, bai enpresa esportatzaileen kopuruari begiratuta eta bai enpresa horien esportazioen bolumenari begiratuta.