3.3.2. Atzerriko zuzeneko inbertsioa

Atzerriko zuzeneko inbertsioa inbertsiogile batek beste herrialde batean kokatuta dagoen enpresa bat erostea edo parte hartzea handitzea da, enpresa horren kudeaketan eragiteko. Zuzeneko inbertsioaren hartzaile den enpresa horri zuzeneko inbertsioa duen enpresa esango diogu aurrerantzean. Zuzeneko atzerriko inbertsioaren sarrera eta irteerei lotutako adierazleek hainbat faktorerekin dute zerikusia: lurralde batek negozioak egiteko duen erakargarritasuna, jakintza eta/edo goi mailako berrikuntza sistemak eskuratzeko aukera, merkatura iristeko erraztasuna, inputak lortzeko modua… Atal honetan, inbertsio kapitalen sarrerako (inward) eta irteerako (outward) adierazleak aztertuko ditugu. Adierazle horietan, stock eta fluxu mailak bereizi behar ditugu.

Atzerriko zuzeneko inbertsioaren stockari dagokionez, EAEko kapital irteerak sarrerak baino askoz ere handiagoak dira

Atzerriko zuzeneko inbertsioaren stockari dagokionez, 7. grafikoan ikusten da EAEk balio askoz ere handiagoak dituela irteerako stockean (euskal inbertsiogileek atzerrian inbertitu duten kapitala) sarrerakoan baino, ekonomia aurreratuenetan gertatu ohi den bezala. Hala ere, egoera horrek berak aditzera eman diezaguke EAEn inbertsioak egiteko hesiak daudela (adibidez, enpresa askoren izaera kooperatiboa, atzerriko kapitalek erostea eragozten duena) edo Euskal Autonomia Erkidegoak leku abantaila txikiagoak dituela atzerriko kapitala erakartzeko, Dunning-en teoria eklektikoari jarraiki –teoria horrek zuzeneko inbertsioa gertatzeko bete behar diren baldintzak jasotzen ditu–. Edonola ere, EAEren egoera beste ekonomia aurreratu batzuetakoaren antzekoa da, esate baterako, Alemania, Japonia, edo Korearen antzekoa. Herrialde haiek ere manufakturan oso espezializatuta daude eta atzerririk zuzeneko inbertsioaren stock nahiko txikia erakarri izan dute. Irteerako stockaren balio handiak, hortaz, euskal enpresek atzerrian egin dituzten inbertsioen edo ezarpenen isla dira.

7. Grafiko Zuzeneko atzerriko inbertsioaren sarrerako eta irteerako stocka (BPGren %, 2018)
7. Grafiko Zuzeneko atzerriko inbertsioaren sarrerako eta irteerako stocka (BPGren %, 2018)
Iturria: Atzerriko inbertsioari buruzko buletinak, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko Ministerioa. UNCTAD. DataInvex. Eustat. Geuk egina
Oharra: Grafikotik kanpo gelditzen dira sarrera eta irteerako kapitalaren stocka % 100etik gorakoa duten ELGEko zenbait herrialde (Belgika, Irlanda, Luxenburgo, Herbehereak eta Suitza)

EAEko atzerriko zuzeneko inbertsioaren sarrera eta irteera fluxuak, oro har, Europako batezbestekoaren gainetik daude

Stockaren analisiaren osagarri, atzerriko zuzeneko inbertsioaren fluxuen bilakaera aztertuko dugu. 7. taulan ikus dezakegu atzerriko zuzeneko kapitalaren bolumenik handienak 2013az geroztik ari direla iristen EAEra. Orduz geroztik, ia urte guztietan, EAEko balioak Espainiakoak eta Alemaniakoak baino handiagoak izan dira eta, urte askotan, baita Europako batezbestekoa baino handiagoak ere. 2016an eta 2017an, sarrera fluxuen maila absolutua krisiaren aurrekoa baino handiagoa zen jada. Atzerriko zuzeneko inbertsioaren irteera fluxuen bilakaerari dagokionez, euskal ekonomiak krisiaren bigarren erasorik handiena jasotzen duen arte, 2011n, atzerriko zuzeneko inbertsioaren irteera fluxuek hobeto eusten diote egoerari beste ekonomia batzuetakoek baino. Baina 2011 eta 2015. urteen artean, EAEko atzerriko zuzeneko inbertsioaren irteera oso apala izan da. 2015. urtetik aurrera, berriro ere bere bidea berreskuratzen du eta, oro har, beste lurraldeetakoaren gainetik gelditzen da.

Taula 7. Atzerriko zuzeneko inbertsioa (BPGren %)
Taula 7. Atzerriko zuzeneko inbertsioa (BPGren %)
Iturria: Atzerriko inbertsioari buruzko buletinak, Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko Ministerioa. UNCTAD. DataInvex. Eustat. Geuk egina

Atzerriko enpresen kapitalean parte hartzen duten euskal enpresen ehunekoa atzerriko kapitala duten euskal enpresen ehunekoa baino handiagoa da

Herrialde bateko enpresen nazioartekotze maila beste adierazle batzuekin ere neur daiteke, horien artean, tokiko enpresen parte hartzea atzerriko enpresen akziodunen artean eta atzerriko kapitaleko enpresen parte hartzea tokiko enpresetan. Informazio hori SABI datu basea oinarri hartuta jakin dezakegu. 8. taulak erakusten digu EAEko eta Espainiako enpresek atzerriko enpresetan duten parte hartzea handitzen joan dela azken urteetan, eta handiagoa dela EAEko tamaina guztietako enpresetan Espainiakoetan baino. Atzerriko enpresek tokiko enpresetan duten parte hartzea ere handitu egin da, baina EAEn Espainian baino txikiagoa da. Horren ondorioz, atzerrian parte hartzeak dituzten EAEko enpresen ehunekoa atzerriko parte hartzea duten bertako enpresen ehunekoa baino handiagoa da. Espainian alderantziz gertatu zen 2017an, enpresa tamaina guztietan.

Taula 8. Atzerriko akziodunak dituzten enpresak
Taula 8. Atzerriko akziodunak dituzten enpresak. Atzerrian parte hartzen duten enpresa aktiboen %
Tabla 8. Atzerriko akziodunak dituzten enpresak. Atzerriko akziodun diren enpresa aktiboen %
Iturria: SABI-Informa. Geuk egina.
  1. Kontuan hartu behar da Atzerriko Zuzeneko Inbertsioaren fluxuen zati bat finantza sektoreko inbertsioak direla.