4. Lehiakortasunaren baldintzatzaileak

Politika publikoek ezin izaten dute emaitzen adierazleetan zuzenean eragin; bai, ordea, lehiakortasunaren baldintzatzaileetan

Lehiakortasunaren baldintzatzaileak 1. irudian aurkeztutako esparru teorikoaren elementu kritikoenak dira, lurralde baten emaitzetan (azken emaitzetan eta bitarteko emaitzetan) eragina duten faktoreak baitira. Emaitza horiek, hain zuzen ere, aurreko ataletan aztertu ditugu. Gainera, politika publikoek ezin izaten dute emaitzen adierazleetan zuzenean eragin, baina emaitza horietara eramango gaituzten faktoreak indartzen lagundu dezakete.

Esparru teorikoak lehiakortasunaren baldintzatzaileak hiru multzotan banatzen ditu: enpresen portaerari lotutakoak; klusterren egiturari eta ekonomian erlazionatutako jardueren aglomerazioei lotutakoak; eta enpresa inguruneari, oro har, lotutakoak. Multzo horietako bakoitzean, elementu interesgarri asko aurki ditzakegu, baina eskuragarri dagoen informazioa urria da Europako erregioen multzorako. Sekzio honen helburua da analisia bereziki esanguratsuak diren elementu batzuetara mugatzea, erregioak alderatzeko datuak eskuragarri dauden kasuetarako. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste analisi batzuk gehitzea, alderapena nazioetako datuekin eginez, erregiokoekin egin beharrean. Amaitzeko, ikuspegi orokor bat emango dugu, EAE elementu horietan nola dagoen jakiteko.

  1. Aztertzen ari garen emaitzen adierazleen artean, biztanleko errenta erabilgarrian eta errenta mediana baliokidean zuzeneko eragina dute tasazioak eta transferentziek.