5. Ondorioak

EAEko azken emaitzen adierazle gehienek, bai ekonomia arlokoek eta bai gizarte arlokoek, hobera egin dute azken urtean. Hala, erkidegoak, oro har, kokapen ona du eta Europako erregioen lehenengo kuartilean dago, errentari eta pobrezia tasari begiratuz gero. Desberdintasunei eta zaurgarritasunari lotutako hainbat adierazlek, horien artean "errenta medianak", "ezusteko gastuei aurre egiteko gaitasunak" edo "pobrezia tasak" emaitza oso onak dituzte. Emaitza horiek eta ekonomia arlokoak ikusirik, esan dezakegu gizarte eta ekonomia lehiakortasuneko eredu orekatu bat dagoela, “elkartasunean oinarritutako lehiakortasuna” deitutakoaren ildotik.

Gure azterketan, erronka handi bat identifikatu dugu: langabezia. Izan ere, krisiak eragin handiagoa izan zuen Espainian eta EAEn, bereziki gazteenen eta 55 urtetik gorakoen artean. Horregatik, ahaleginak egiten jarraitu behar da biztanleria talde horiek gizarte bazterketan eror ez daitezen. Besteak beste, neurriak hartu behar dira talde horientzat prestakuntza ekintzak bultzatzeko, egoeraren jarraipen pertsonalizatuagoa egoteko, kontrataziorako zerga pizgarriak emateko, edo bazterketaren kontrako gizarte politikak aplikatzen jarraitzeko. Gainera, kontratazio berrien kalitatea ez da hobetu krisiaren ondorengo susperraldi garaian. Hori ikusirik, garrantzitsua izango litzateke enpleguaren kalitatea sustatzen jarraitzea, soldatetan ez ezik, aldi batekotasunean edo lanaldi partzialeko lanean. Halaber, garapen profesionala eta pertsonala erraztuko duten proiektu profesionalak bultzatu beharko lirateke, lanean ari diren pertsona guztiek ongizate maila egokia izan dezaten eta EAEk gizarte kohesioari lotutako adierazleetan hobera egin dezan.

Europako beste erregio batzuekin alderatuta, EAE ongi kokatuta dago enpresa inguruneari lotutako adierazleetan, erakundeen kalitatea, abian jarritako politikak eta estrategiak eta pertsonen prestakuntza maila egokiak direlako, besteak beste.

Enpresa portaerari dagokionez, produktibitatearen eta kostuen adierazleen emaitzak positiboak dira. Finantza ikuspegitik, enpresek ez dute arriskuak hartzeko joera handirik, eta zorpetzea gutxitzen eta funts propioak sendotzen jarraitu dute. Berrikuntzan, enpresak nahiko sendo dabiltza berrikuntza teknologikoan (nagusiki, prozesuari lotutakoan) eta ahultasunak dituzte, ordea, teknologikoa ez den berrikuntzan (antolaketakoan eta marketinekoan) eta bi berrikuntza moten konbinazioan. Oro har, badirudi euskal enpresek beren bidea egiten jarraitzen dutela eta profil kontserbadorea dutela berrikuntza motan eta finantza estrategian. Hala ere, nahiz eta berrikuntzako adierazle batzuetan emaitzak hala moduzkoak izan, EAEk emaitza onak ditu produktu berrien salmentaren adierazlean. Gainera, enpresa batzuek, nagusiki industriakoek eta tamaina handienekoek, berrikuntza jarduera ugari eramaten dituzte aurrera. Interesgarria izango litzateke enpresa horiek erabiltzen ari diren estrategiak sakon aztertzea eta berrikuntzako adierazle kaskarragoak dituzten enpresek, bereziki txikiek, haiengandik ikasteko politikak bultzatzea.

EAEn, berrikuntzako erronken kontzientziazio fasea dagoeneko garatuta dago eta azken urteetan programa asko sortu dira erronka horiei aurre egiteko modurik onena aztertzeko. Orkestrako lantaldeak egindako txosten batek (Aranguren et al., 2019) agerian uzten du eragile guztiek gero eta argiago dutela I+Gn oinarritutako berrikuntzan aurrera egiteaz gainera, aurrerapausoak egin behar direla beste berrikuntza modu batzuetan ere –soft berrikuntzak eta, bereziki, enpresa txiki eta ertainei begirakoak–. Horren adibide izan daitezke Tkgune programa, Hazinnova zerbitzua, EAEko RIS3aren pilotatze talde gehienetan sortu diren negozio eredu berrien inguruko lantaldeak, eta Bilboko RIS3 estrategiak enpresentzako zerbitzu aurreratuei eman nahi dien bultzada. Ikusirik EAEk mende honen lehenengo hamarkadan zientzian zegoen defizita zuzentzeko egin zuen apustu sendoaren (Ikerketa Kooperatiboko Zentroak, Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroak, Ikerbasque eta beste hainbat sortuta) emaitzak orain hasi garela jasotzen, konturatzen gara horrelako apustuen eraginak ikusteko denbora behar dela. Beraz, beharrezkoa da ahaleginak egiten jarraitzea eta hurrengo urteetan berrikuntza bultzatzeko programa horiek izaten ari diren eragina monitorizatzea.

Azken urte honetan, euskal enpresen nazioartekotzeak sendotzen jarraitu du. Hala, gora egin dute esportazioek, enpresa bakoitzeko esportazioen batez besteko balioak, eta enpresa esportatzaile erregularren ehunekoak. Baina behera egin du enpresa esportatzaileen kopuruak. Enpresa esportatzaileen ehunekoa handitzearen edo enpresa bakoitzaren esportazio bolumena handitzearen artean erabaki behar denean, bigarren aukerak, itxuraz, eragin handiagoa du epe laburrera. Eta bigarren esparru horretan oraindik ere hobetzeko asko dagoenez, politiketan lehentasuna horri eman beharko litzaioke. Hala ere, horren ondoan, landu behar da oinarri esportatzaile sendoa duten enpresa horiek kanpoko merkatuetara lehenengo urratsak ematen ari diren enpresengan izan dezaketen trakzio eragina.

  1. Aranguren, M.J., Magro, E., Morgan, K., Navarro, M. eta Wilson, J. (2019). Playing the Long Game: Experimenting Smart Specialisation in the Basque Country 2016-2019 (laster argitaratzeko).