3.3.1. Ondasunen merkataritza

2017an eta 2018an, esportazioaren balioak hazkunde handia izan du EAEn, neurri batean, petrolioa fintzearen sektorearen eraginez

6. grafikoak EAEko esportazioen bilakaera erakusten digu, beste lurraldeekin alderatuta. Grafiko horretan ikusten da 2009tik aurrera krisiaren eraginak gainditzen hasi zirela. Hala, 2011n, EAEko esportazioek krisiaren aurreko mailak berreskuratu zituzten. Urte horietan, EAEko esportazioen joera aztergai ditugun beste lurraldeetakoen antzekoa izan da, baina hazkundearen ehunekoak, aldi osorako, gainerakoetan baino txikiagoak izan dira. Nolanahi ere, 2017an bezala, 2018an ere EAEn lortzen da esportazioen balioaren hazkunderik handiena (% 6,8), neurri batean bai 2017an eta 2018an EAEko esportazio guztien barruan petrolioa fintzearen sektoreko esportazioek izan duten hazkunde handiagoari esker.

6. Grafikoa Esportazioen balioaren (eurotan) bilakaera (2017 = 100)
6. Grafikoa Esportazioen balioaren (eurotan) bilakaera (2017 = 100)
Iturria: Unctad eta Eustat

2018an behera egin du EAEko enpresa esportatzaileen kopuruak, baina handitu egin dira esportatzaile erregularren kopurua eta enpresa bakoitzeko esportazioen batez besteko balioa

6. taulako analisiak aukera ematen du EAEko enpresa esportatzaileen jarduna aztertzeko, Espainiakoarekin alderatuta. Azken urteetan enpresa esportatzaileen kopuruak gora egin badu ere, 2018an joera hori aldatu egin dela ikus dezakegu, enpresa esportatzaileen kopuruak % 1,5eko jaitsiera izan baitu 2017. urtearekin alderatuta. Jaitsiera horrek dakar EAEko enpresa esportatzaileek Espainiako enpresa esportatzaile guztiekiko duten pisua (% 7,8) eta soldatapeko langileak dituzten euskal enpresa guztiekiko duten pisua (% 21,4) jaistea. Hala eta guztiz ere, aipatzekoa da EAEko enpresa esportatzaileek EAEko enpresa guztiekiko hartzen duten ehunekoa handiagoa dela Espainiako enpresa esportatzaileek Espainiako enpresa guztiekiko hartzen duten ehunekoa baino (% 21,4 EAEn eta % 13,7 Espainian).

EAEko esportazioak enpresa gutxi batzuetan kontzentratuta daude, Espainiakoak baino gehiago

Bestalde, EAEko oinarri esportatzaileak behera egin badu ere, esportazioen balioa handiagoa da 2018an 2017an baino (2018ko esportazioak 25.000 milioi eurotik gorakoak izan ziren, hain zuzen ere). Enpresa bakoitzeko batez besteko esportazioen balioak ere gora egin du; Espainian, ordea, balio hori txikiagoa izan da 2018an. Beste elementu positibo bat da enpresa esportatzaile erregularren ehunekoa (hau da, ondoz ondoko azken lau urteetan esportatu duten enpresen ehunekoa) % 3,6 hazi dela azken urtean. Horrela, 2012an hasi zen hazkunde bideari jarraitzen dio, nahiz eta 2017an hazkunderik ez izan. Espainian, berriz, ehuneko horrek behera egin du.

Bi lurraldeetan, 50.000 euro baino gutxiago esportatzen duten enpresak EAEko eta Espainiako enpresa esportatzaile guztien % 81 dira eta esportazioen balioaren % 0,2 besterik ez dute hartzen. Esportazioen ehuneko metatuari dagokionez, aldeak handiak dira: EAEn, esportazio bolumenari begiratuta lehenengo 25 enpresek esportazio guztien % 45 egiten dute eta lehenengo 1.000 enpresek, esportazioen % 97. Espainian, berriz, lehenengo 25 enpresek esportazioen % 24 egiten dute eta lehenengo 1.000 enpresek, % 68. Horrek agerian uzten du EAEn handiagoa dela esportazioen kontzentrazio maila.

6. Taula. EAEko enpresa esportatzailearen profila Espainiakoarekin alderatuz
6. Taula. EAEko enpresa esportatzailearen profila Espainiakoarekin alderatuz
Iturria: ICEX (Kanpo Merkataritzako Espainiako Institutua) eta INE (Espainiako Estatistika Institutua). Geuk egina

EAEko enpresa esportatzaile nagusien alderdietako batzuk xehetasun handiagoz aztertu nahian, esportazio bolumenari begiratuta, 25 enpresa handienak hartu ditugu, SABIko datu basearen arabera. Aipatzekoa da enpresa multzo hori ez datorrela bat 6. taulan aipatu ditugunekin –ICEXetik hartu ditugu taula hori osatzeko datuak–. Hala, SABIn ez dira kontuan hartzen EAEn ezarrita egon arren (eta, beraz, EAEtik esportatzen duten arren) gizarte egoitza kanpoan duten enpresen esportazioak (horien adibide dira, besteak beste, Mercedes edo Michelín). Aitzitik, EAEko esportazioen barruan sartzen dituzte euskal enpresek autonomia erkidego horretatik kanpoko lantegietatik egiten dituzten esportazioak. Gainera, baliteke EAEko enpresa batzuk (esate baterako, kooperatibak) SABIn ez egotea edo esportatzaile gisa ez azaltzea, beren esportazioen balioa ezagutzen ez delako.

Elementu horiek kontuan hartuta, esportazio bolumen handiena duten EAEko 25 enpresak zein lurraldetakoak diren aztertuz, ikusiko dugu gehienak (% 60) Bizkaian daudela. SABIn jasotzen diren EAEko enpresa esportatzaileen multzoan ere Bizkaikoak dira nagusi, baina % 50etik beherakoa da haien ehunekoa. Beraz, lurralde kontzentrazioa handitzen doa esportazio maila handiagoko enpresak hartzen diren heinean. Enpleguari begiratuta ere, esportatzaile nagusien berezitasunak ikus daitezke. Nagusiki, 500 langile edo gehiagoko enpresa handiak dira (enpresa txiki eta ertainak % 32 dira). EAEko enpresa esportatzaile guztien artean, ordea, tamaina handienekoak % 4 besterik ez dira eta enpresa txiki eta ertainak, berriz, % 92. EAEko 25 enpresa esportatzaile handienen jarduera ekonomikoak metalurgiaren eta motor ibilgailuen fabrikazioaren adarretakoak dira eta guztiek 160 milioi eurotik gorako esportazio bolumena dute (% 20k, 500 milioi eurotik gorakoa). Esportatzaile handi horietan, esportazioak salmenten ia % 72ra iristen dira; gainerako enpresetan, ordea, ez dira % 42ra iristen.