4.1.4. Enpresen portaerari lotutako adierazleen laburpena

Enpresen portaerari lotutako adierazleen azterketatik ondoriozta dezakegu EAEko enpresen egoera ona dela, produktibitateari eta lan kostuei dagokienez. Nahiz eta azken urtean moteldu, produktibitatea nabarmen ari da hobetzen, bereziki manufakturako industrian. Alokairudun bakoitzeko lan kostuei (ALK) begiratuta, EAEko balioak Alemaniakoak baino txikiagoak dira, baina Espainiako eta EB-28ko batezbestekoak baino handiagoak. Bi adierazle horiek konbinatuta, ikusten da EAEko lehiakortasunak hobera egin duela, unitateko lan kostu nominalei erreparatuta (ULKN) eta, bereziki, unitateko lan kostu errealei erreparatuta (ULKR). Horrek, azken batean, enpresen marjinak hobetzen laguntzen du.

Enpresek, oro har, arriskurik ez hartzeko finantza estrategiak izan dituzte. Zorpetzea gutxitzen eta funts propioak sendotzen jarraitu dute. Horrela, beren finantza egoera sendoagoa da orain. Euskal enpresen aktiboaren gaineko errentagarritasuna zorpetzearen kostua baino handiagoa zen 2017an, beraz, finantza balankatze positiboa zuten. Euskal enpresen aktiboaren gaineko errentagarritasunak hobera egin badu ere, beste lurralde batzuetako enpresek baino gaitasun txikiagoa dute beren jarduerari errentagarritasuna ateratzeko, bereziki finantza aktiboei dagokienez (finantza aktiboen gaineko errentagarritasuna). Euskal enpresen eragiketako aktiboen errentagarritasuna (eragiketen errentagarritasuna) Europako erreferentziazko herrialdeetakoaren antzekoa da. Azken adierazle horrek hobeto islatuko luke lurraldean garatutako ekoizpen jardueraren lehiakortasuna.

Berrikuntzari lotutako alderdietan, enpresen portaerak ez du aldaketa handirik, krisi ondorengo azken urteekin alderatuta. Berrikuntza motaren bat egiten duten 10 langile edo gehiagoko establezimenduen ehunekoa alderatzeko hartu ditugun beste herrialdeetakoa baino txikiagoa da, bai industrian eta bai zerbitzuetan. Nolanahi ere, aldea, nagusiki, tamaina txikiagoko enpresetan nabaritzen da. Desberdintasun handiak daude enpresek berrikuntza teknologikoan eta ez teknologikoan lortzen dituzten emaitzetan. EAEk kokapen hobea du berrikuntza teknologikoan. Tamaina handiko enpresetan, berrikuntza teknologikoaren ratioak handiak dira. Gainera, lankidetza kultura sendoa dugu gurean. EAEk berrikuntza teknologikoan duen sendotasun erlatibo hori nagusiki prozesuari lotutako berrikuntzan oinarritzen da, enpresa handi zein txikietan. Emaitzak ez dira hain onak teknologikoa ez den berrikuntzan, ez antolaketakoan eta ez marketinekoan, bereziki enpresa ertainetan eta, batez ere, txikietan. Azkenik, berrikuntza teknologikoak eta ez teknologikoak konbinatzeko gaitasuna lehiatzeko abantailaren iturri garrantzitsua denez, EAEko enpresetan hobetzeko aukerak ikusten dira esparru horretan, EBren eta Alemaniaren atzetik baitaude.

Hori guztia ikusirik, badirudi euskal enpresek beren emaitzak berreskuratzeko bidean jarraitzen dutela eta profil kontserbadorea dutela berrikuntza motan eta ahaleginean eta finantza estrategian. Hori horrela izanik, edo horri esker, lehiatzeko ahalmenari eusten diote, produktibitateari eta kostuei dagokienez.