2. Azken emaitzak

EAE oso egoera onean dago biztanleko BPGri eta etxeetako errenta erabilgarriari begiratuta

3. taulak EAEk azken emaitzen adierazleetan, alegia, gizartearen ongizateari lotutako helburuak neurtzen dituzten haietan, hartzen duen tokia erakusten digu. Hortaz, taula horretan azalduko dira bai emaitza ekonomikoak eta bai gizarte izaerakoak ere. EAE oso egoera onean dago biztanleko BPGri begiratuta. Gainera, aurreko urteko kokapena hobetzen du. Aldi berean, oso egoera ona du etxeetako errenta erabilgarriaren adierazlean. Bai ELGEk eta bai Eurostatek uste dute adierazle hori biztanleko BPG baino egokiagoa dela biztanleriaren ongizate mailaren bilakaera neurtzeko, BPGren hazkundeak, hau da, lurralde batean sortutako produktua neurtzen duen adierazlearen hazkundeak, ez duelako beti ongizatea handitzea ekartzen, hainbat arrazoirengatik: barne produktu gordina sortzen bertakoak ez diren ekoizpen faktoreek har dezakete parte (langileak zein kapitala) eta ekoizpenean sortutako errentaren zati bat bereganatzen dute ondoren; elkartasun arrazoiak edo bestelako arrazoiak direla medio, errenten transferentzia prozesuak bideratu daitezke beste lurralde batzuetara (beste autonomia erkidego batzuetara edo garatzeko bidean dauden herrialdeetara); edo Administrazioa eta enpresak errentaren zati batekin gera daitezke, zorpetzea gutxitzeko.

3. Taula EAEren egoera azken emaitzetako adierazleetan
3. Taula EAEren egoera azken emaitzetako adierazleetan. Biztanleko BPG
3. Taula EAEren egoera azken emaitzetako adierazleetan. Etxeetako biztanleko errenta erabilgarria
3. Taula EAEren egoera azken emaitzetako adierazleetan. Iraupen luzeko langabezia.
3. Taula EAEren egoera azken emaitzetako adierazleetan. Ikasten eta lanik egiten ez dutenen tasa
3. Taula EAEren egoera azken emaitzetako adierazleetan. Pobrezia arriskuaren tasa
Iturria: Eurostat eta Eustat. Geuk egina
Oharra:  Datuak eskuragarri ez zeuden kasuetan izan ezik, rankingak egiteko Europako 218 erregio hartu ditugu kontuan (urdinez), EAE eta 30 erregio alderagarrien multzoa (berdez), eta 19 autonomia erkidego eta hiriak (gorriz).
1. Grafikoa Azken emaitzen adierazleen bilakaera
1. Grafikoa Azken emaitzen adierazleen bilakaera. Biztanleko BPG
1. Grafikoa Azken emaitzen adierazleen bilakaera. Etxeetako biztanleko errenta erabilgarria
1. Grafikoa Azken emaitzen adierazleen bilakaera. Iraupen luzeko langabezia
1. Grafikoa Azken emaitzen adierazleen bilakaera. Ikasten eta lanik egiten ez dutenen tasa
1. Grafikoa Azken emaitzen adierazleen bilakaera. Pobrezia arriskuaren tasa
1. Grafikoa Azken emaitzen adierazleen bilakaera. Errenta mediana baliokidea
1. Grafikoa Azken emaitzen adierazleen bilakaera. Ezusteko gastuei aurre egiteko ezintasuna
1. Grafikoa Azken emaitzen adierazleen bilakaera. Desberdintasuna
1. Grafikoa Azken emaitzen adierazleen bilakaera. legenda
Iturria: Eurostat, Eustat, INE-Espainiako Estatistika Institutua eta Ameco. Geuk egina

1. grafikoak adierazle horien balioaren bilakaera zein izan den ikusteko aukera ematen digu. EAEn eta Espainian krisian gertatu zen geraldiaren ostean, bi lurraldetan biztanleko BPG berriro hazten hasi zen 2014. urtean. Beste lurralde batzuetan, ordea, hazkunde hori lehenengo gertatu zen. Azken urteetako emaitza onek ekarri dute EAEko biztanleko BPGk (EAPean) Alemaniako batez besteko maila gainditzea. Horrela zen krisiaren aurretik ere, baina krisian atzera egin zen, Alemaniak bilakaera hobea izan baitzuen. Etxeetako biztanleko errenta erabilgarriari buruzko datuak (EAPetan), tamalez, zaharragoak dira (2016koak dira azkenak) eta erakusten dute urte horretan ia ez zela hazkunderik izan inolako lurraldeetan. EAE alderatzen ari garen erregioekiko, EB-28ko batezbestekoarekiko eta Espainiako batezbestekoarekiko hobeto kokatua badago ere, Alemaniarekiko distantzia biztanleko BPGn ikusten zena baino handiagoa da. Nabarmentzekoa da, halaber, erregio alderagarriek emaitza hobeak dituztela adierazle honetan Europako batezbestekoak baino (ez da hori gertatzen biztanleko BPGarekin). Beharrezkoa izango da, beraz, etorkizunean adierazle horren bilakaerari arretaz jarraitzea. Azterketa hau osatzeko, sekzio honetan bertan, baina aurrerago, etxeetako errenta medianaren bilakaerari erreparatuko diogu.

Oraindik ere ikusten da krisiak Espainiako eta EAEko iraupen luzeko langabezian eragin handiagoa izan zuela

Gizarte izaerako adierazleei dagokienez, iraupen luzeko langabezian EAEren emaitza Espainiarena baino askoz ere hobea da eta bilakaera positiboa izan du, termino absolutuetan, azken urteetan. Baina, hala eta guztiz ere, oraindik egoera txarra da, Europarekin alderatuta. 1. grafikoan ikus daitekeen bezala, krisiaren hasieran egoera asko okertu zen, eta horren ondorio da gaur egungo aldea. Termino absolutuetan 2015az geroztik egoerak hobera egin badu ere, oraindik ere tasa hori EB-28ko batezbestekoaren, erreferentziazko erregioetako batezbestekoaren eta, batez ere, Alemaniako tasaren gainetik dago, nabarmen.

Bestalde, ikasten eta lanik egiten ez dutenen tasa (ikasten eta lanik egiten ez duten 15 eta 24 urte arteko gazteen ehunekoa, azken emaitzen adierazletzat hartzen dena, gazteek, ziur aski, egoera horretan egon nahi izango ez luketelako), balio absolutuetan, Europako, Espainiako eta erregio alderagarrietako batezbestekoaren azpitik dago. Emaitza hori positiboa da, adierazten duelako gazteek ikasten jarraitzen dutela, lan egin nahi ez dutenean edo lanik aurkitzen ez dutenean. Hala ere, azpimarratzekoa da EAEk, aurreko urtearekiko, atzera egin duela sailkapenean, besteak beste, nahiz eta adierazlearen balioak jaisten jarraitu, Europako beste erregio batzuetan baino gutxiago jaitsi zelako.

Azkenik, Europan erregioetarako eskuragarri dauden adierazleei dagokienez, pobrezia tasa aztertuko dugu. Nabarmentzekoa da azken urtean termino absolutuetan hazi egin bada ere, eta rankingetan behera egin badu ere, oraindik EAE Europako erregioen buruan dagoela, pobrezia tasa txikiari esker.

EAEn, Espainian ez bezala, desberdintasun maila txikiak berreskuratzea lortu da, Europako ingurunearekin alderatzeko modukoak

Analisi horren osagarri, Europako erregio guztietarako eskuragarri ez dauden arren, EAErako eta Europako herrialdeetarako eskura ditugun adierazle batzuen bilakaera aztertu dugu, biztanleriaren egoera ekonomikoari lotutako hainbat alderditan sakontzeko aukera ematen dutelako. Aldagai horietan lehenengoa, lehenago ere aipatu duguna, errenta mediana erabilgarri baliokidea da (EAP), Bizi Baldintzen inguruko Inkesta oinarri hartuta kalkulatzen dena. Adierazle honek etxeak estandarizatzen ditu kontsumo unitate baliokideen unitate kopuruaren arabera, eta etxeko kideek diru sarrerak partekatzen dituztenean sortzen diren eskala ekonomiak ere kontuan hartzen ditu. Errenta medianak hobeto islatzen du bizi maila batez besteko errentak baino. Izan ere, errentaren banaketan errenta handiko taldeek pisu handia hartzen badute, batez besteko balioa medianari dagokiona baino dezente handiagoa izan daiteke. 1. grafikoan ikusten da, etxeetako biztanleko errenta erabilgarriarekin gertatzen zenaren kontra, errenta mediana baliokidea handitu egin zela 2016an EAEn eta, hurrengo urtean, ordea, pixka bat jaitsi zen. Hala ere, balio horiek EB-28koen eta Espainiakoen oso gainetik daude, eta Alemaniakoetatik oso hurbil.

Biztanleriaren ongizatea eta zaurgarritasuna balioesteko aukera ematen digun beste adierazle bat ezusteko gastuei aurre egiteko ezintasuna da. Hori ere Bizi Baldintzen Inkestako datuak oinarri hartuta kalkulatzen da eta ikusten da EAEren egoera oso ona dela. Ehunekoa beste lurralde batzuetakoen azpitik dago, baita krisi garaian ere, eta etengabe joan da jaisten 2014az geroztik.

Azkenik, diru sarreren banaketari dagokionez, S80/S20 indizeak (errentaren banaketan biztanleko errenta baliokiderik handiena duten pertsonen % 20aren eta errentarik txikiena duen pertsonen % 20aren arteko erlazioa neurtzen duenak) adierazten digu desberdintasuna krisi garaian handitu egin bazen ere, 2013az geroztik berriro behera egin duela eta EB-28 eta Alemaniako balioetara hurbiltzen ari dela.

Hortaz, ondorioztatu dezakegu, ekonomia ingurunea aldekoa izanik, EAEko azken emaitzen adierazle gehienek hobera egin dutela eta lurraldeak, oro har, kokapen ona duela beste lurralde esparru batzuekin alderatuta. EAEn, Espainian ez bezala, desberdintasun maila txikiak berreskuratzea lortu da, Europako ingurunearekin alderatzeko modukoak. Hala ere, zenbait adierazletan, horien artean, iraupen luzeko langabezian, oraindik ere ikusten da krisiak Espainian eta EAEn eragin handiagoa izan zuela. Krisiaren eraginez, pertsona multzo bat berriro laneratzeko zailtasunekin gelditu zen eta, multzo horrek behera egin badu ere, oraindik kopuruak garrantzitsua izaten jarraitzen du.

  1. Ikus ELGEre How’s life? 2017: Measuring Well-being argitalpena edo Eurostateko estatistika eranskina, SDG 10 – Reduced inequalities (statistical annex)

  2. Adierazle hau kalkulatzeko moduari buruzko xehetasunetarako, ikus batez besteko errentaren eta errenta medianaren inguruko atala, INE-Espainiako Estatistika Institutuaren “Indicadores de Calidad de Vida” onlineko argitalpenean.