3.1. Enplegua eta langabezia

EAEko guztizko enplegu tasak eta emakumeen enplegu tasak bilakaera positiboa izan dute azken urteetan, baina oraindik hobetzeko tartea badago

Enpleguari lotutako adierazleen bilakaera ona izan da azken urteetan: urtez urte, gora egin du guztizko enplegu tasak eta emakumeen enplegu tasak (ikus 2. grafikoa). Azken hori, hain zuzen ere, guztizko enplegu tasaren azpitik dago, baina Europako batezbestekora hurbiltzen da. Nolanahi ere, bi tasa horietan hobetzeko aukera badago oraindik ere, EAEko balioak, nahiz eta Espainiakoak baino hobeak izan, Alemaniakoen eta erregio alderagarrien azpitik daudelako eta, guztizko enplegu tasaren kasuan, baita Europako batezbestekoaren azpitik ere.

4. taulan ikus daiteke EAE sailkapenaren erdialdean kokatuta dagoela, Europako erregioekin alderatuta; sailkapenaren beheko aldean dago, erregio alderagarriekin alderatuta; eta sailkapenaren goiko erdialdean, berriz, Espainiako autonomia erkidegoekin alderatuta.

4. Taula EAEren egoera enpleguari eta langabeziari lotutako adierazleetan
4. Taula EAEren egoera enpleguari eta langabeziari lotutako adierazleetan. Enplegu tasa
4. Taula EAEren egoera enpleguari eta langabeziari lotutako adierazleetan. Emakumeen enplegu tasa
4. Taula EAEren egoera enpleguari eta langabeziari lotutako adierazleetan. Langabezia tasa
4. Taula EAEren egoera enpleguari eta langabeziari lotutako adierazleetan.
Iturria:  Eustat eta Eurostat. Geuk egina
Nota:  Datuak eskuragarri ez zeuden kasuetan izan ezik, rankingak egiteko Europako 218 erregio hartu ditugu kontuan (urdinez), EAE eta 30 erregio alderagarrien multzoa (berdez), eta 19 autonomia erkidego eta hiriak (gorriz).
2. Grafikoa Enpleguaren eta langabeziaren adierazleen bilakaera
2. Grafikoa Enpleguaren eta langabeziaren adierazleen bilakaera. Enplegu tasa
2. Grafikoa Enpleguaren eta langabeziaren adierazleen bilakaera. Emakumeen enplegu tasa
2. Grafikoa Enpleguaren eta langabeziaren adierazleen bilakaera. Langabezia tasa
2. Grafikoa Enpleguaren eta langabeziaren adierazleen bilakaera. Gazteen langabezia tasa
2. Grafikoa Enpleguaren eta langabeziaren adierazleen bilakaera. Legenda
Iturria: Eustat eta Eurostat. Geuk egina

Enplegua handituko da jarduera tasa handitzen bada eta lanean ari den biztanleria aktiboaren ehunekoa handitzen bada. Horregatik, interesgarria da langabezia tasetan zer gertatzen den ere aztertzea. Guztizko langabezia tasa eta gazteen langabezia tasa azalduko ditugu. Azken horrek 15 eta 24 urte arteko gazteen langabezia neurtzen du, eta biztanleria osoaren langabezia tasaren bikoitza baino handiagoa da. Bi kasuetan, EAE Europako erregioen sailkapenean beheko aldean edo erdialde-beheko aldean dago; erregio alderagarrien sailkapenean, beheko aldean; eta Espainiarekiko alderatuta, kokapen onean. Hala ere, kontuan hartu behar da langabezia tasek behera egin dutela azken urteetan, nahiz eta aurrekoetan baino jaitsiera txikiagoak izan.

Nahiz eta langabezia tasak azken urteetan behera egin, EAEren kokapena kaskarra da, Europako alderapenean

Biztanleriaren beste sektore bat ere aztertuko dugu, askotan arreta gutxi egiten badiogu ere: 55 urtetik gorako pertsonak. Nahiz eta presio demografikoarengatik, gero eta beharrezkoagoa den lanean jarraitzea, zailtasunak izan ditzakete lanpostu bat aurkitzeko, aurrekoa galtzen badute. Biztanleriaren sektore horren egoera alderatzeko, 3. grafikoan jarduera eta langabezia tasak erakutsi ditugu. Grafiko horretan, lerro urdinek EB-28ko batezbestekoa irudikatzen dute. Argi ikusten da, hortaz, EAEn langabezia tasa EB-28ko batezbestekoa baino handiagoa dela eta jarduera tasa, ordea, txikiagoa. Ondorioz, talde honi ere arreta berezia jarri behar diogu pertsona horiek lan merkatua utz ez dezaten eta beren gaitasunekin bat datozen lanpostuetan lan egiten jarrai dezaten.

3. Grafikoa Jarduera eta langabezia tasak (55-64 urte) (%, 2018)
3. Grafikoa Jarduera eta langabezia tasak (55-64 urte) (%, 2018)
Fuente: Eurostat

Eta enplegua sortzea garrantzitsua izanik ere, behar-beharrezkoa da haren kalitatea aztertzea. 4. grafikoak enpleguaren kalitatea neurtzen duten hiru adierazleren bilakaera erakusten du EAEn, beti ere EB-28ko batezbestekoarekin, Espainiarekin eta Alemaniarekin alderatuta. Lehenengo adierazleak autonomoek (soldatapekorik ez duten enpresaburuek edo langile independenteek) eta familiako negozioetan edo enpresetan laguntzen duten pertsonek biztanleria landunaren barruan hartzen duten ehunekoa neurtzen du. Langile horien lan baldintzak ez dira soldatapeko langileen berdinak izaten. Adibidez, García Perea eta Románek (2019) diote nahiz eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ekarpenak ordaintzeko “autonomoentzako tarifa laua” deitutakoa sartu, langile autonomoen gizarte babesaren maila, oro har, soldatapekoena baino txikiagoa dela. García Perea eta Románek, halaber, aipatzen dute beste alternatibarik ez dutelako, beren kontura lan egitea erabakitzen duten soldatapeko ez diren enplegatuen ehunekoa Espainian % 26 dela. Europar Batasunean, hiru herrialdetan da datu hori Espainian baino handiagoa.

EAEko enpleguaren kalitateak ez du hobera egin krisiaren ondorengo susperraldi garaian

4. grafikoan ikusten da krisiaren hasieran autonomoen ehunekoak behera egin zuela, ziur aski enpresek ahaleginak egin zituztelako barneko langileei eusteko eta, hortaz, doikuntzak autonomoen azpikontratazioetatik egiten hasi ziren. 2012 eta 2013 urteetan, ordea, adierazle horrek hazkunde nabarmena izan zuen bai Espainian eta bai EAEn. Hain zuzen ere, enpresa handiek soldatapeko enpleguan doikuntzak egin behar dituztenean, autonomoetara jo ohi dute eta, hortaz, soldatapekoen enpleguak pisua galtzen du guztizko enpleguan. Jarduera eta enplegua berreskuratzen hasten direnean, berriro ere handitu egiten da soldatapeko enplegua (horixe dute nahiago langileek) eta hazteari uzten dio autonomoen enpleguak. Ondorioz, ehunekoek behera egiten jarraitu dute, 2010. urteko mailara itzultzeko. EAEko datu horiek Espainiako eta Europako batezbestekoaren azpitik daude, baina Alemaniaren gainetik, lurralde hartan handiagoa baita soldatapeko langileen proportzioa. Europako beste herrialde batzuetan gertatzen denari xehetasun handiagoz begiratuz, ikusiko dugu soldatapekoa ez den enpleguaren tasarik handiena Greziak eta Italiak dutela; tasarik txikienak, berriz, Alemania, Austria eta Frantzian aurkituko ditugu. García Perea eta Románek adierazten duten bezala (2019), badirudi harremana dagoela garapen mailaren eta soldatapeko biztanleriaren ehunekoaren artean, nahiz eta ikusten den soldatapeko enpleguaren tasa behera egiten ari dela herrialde gehienetan.

4. Grafikoa Enpleguaren kalitatea
4. Grafikoa Enpleguaren kalitatea. Autonomoak eta familiako enpresan laguntzen ari direnak
4. Grafikoa Enpleguaren kalitatea. Aldi bateko kontratua duten soldatapekoak
4. Grafikoa Enpleguaren kalitatea. Nahi gabeko enplegu partziala
4. Grafikoa Enpleguaren kalitatea. Legenda
Iturria: Alemaniako eta EB-28ko autonomoen datuetan kooperatibetako kideak ere sartzen dira, datu horiek, Europari dagokionez, ez baitira desagregatuta eskaintzen.
  1. García Perea, P., eta Román, C. (2019). "Caracterización del empleo no asalariado en España desde una perspectiva europea." Boletín Económico (ekaina).