4. Ondorioak

Euskal Autonomia Erkidegoa bosgarren tokian dago ekonomiaren eta gizartearen digitalizazioari begiratuta, bereziki emaitzek hobera egin dutelako enpresetan teknologia integratzerakoan, giza kapitalean eta konektagarritasunean. Danimarka, Finlandia, Herbehereak eta Suedia (2017an) eta Danimarka, Suedia, Finlandia eta Herbehereak (2018an) dira herrialde liderrak. Dimentsio guztietan egin da aurrera, intentsitatea aldatzen bada ere. Horrek aukera eman du 2017ko datuekin alderatuta, toki bat igotzeko. Adierazle jakin batzuen hazkunde partzialek ez dute ziurtatzen Euskal Autonomia Erkidegoaren kokapen erlatiboa hobetzea EB-28ko herrialdeen multzoarekiko. Horixe gertatzen da, esate baterako, Interneteko zerbitzu digitalen erabileran edo zerbitzu publiko digitaletan.

Esan daiteke Euskal Autonomia Erkidegoak aukera onak dituela konektagarritasunean, bai banda zabal finko eta mugikorrean, eta bai banda zabal azkar eta ultra azkarrean. Konektagarritasunaren merkatuaren egiturak sarbidearen prezioak murriztea ahalbidetu du, baina, hala ere, oraindik asko dago hobetzeko. Kontuan hartu behar da, nolanahi ere, konektagarritasunaren adierazleetan mailak oso altuak direla eta, horregatik, goiko maila horietan hobekuntzak lortzea gero eta konplexuagoa eta zailagoa da.

Giza kapitaleko emaitzak hobetu badira ere, ez da lortu EB-28ko gainerako herrialdeekin kokapen erlatiboa hobetzea. Atzera egin da herritarren oinarrizko trebetasunetan eta aurrera, berriz, gaitasun aurreratuetan. Lan merkatuan IKTetako espezialistak ugaritu egin badira ere, adierazle horretan emaitzak oraindik eskasak dira. Ekonomia osoaren digitalizazioa lortzeko, ordea, STEM arloetako gradudunen oinarri on bat du herrialdeak.

Interneteko zerbitzuen erabilerak kokapen eskasa zuen 2017an eta aurtengo bilakaera ere negatiboa izan da. Musika, bideoak eta jokoak online jaisteak atzera egin du eta, hala, onlineko edukietan emaitzak kaskarragoak dira. Hala ere, eskaripeko onlineko bideoan hazkundea ikusten da. Komunikazio alderdietan emaitzak ez dira onak euskal herritarrentzat: hazkundeak ez du kokapena hobetzea ekarri. Antzekoa gertatzen da onlineko bankarekin eta Internet bidezko erosketekin ere: hobekuntzak izan dira, baina beste herrialde batzuetako erritmo berean, beraz, ez da EB-28arekiko kokapena hobetu. Egia izanik ere adierazleren bat ez dela oso esanguratsua euskal gizartearen portaera digitala aztertzeko, zerbitzu digitalen erabilera oraindik ere eragozpen bat da euskal gizartearen digitalizaziorako.

Enpresen digitalizazioak portaera duala erakusten du, teknologia txertatzeari eta teknologia horiek onlineko salmentei egiten dieten ekarpenari begiratuta. Integrazio teknologikoaren adierazle ia guztiek hazkunde garbi nabarmenak izan dituzte. Baina merkataritza elektronikoaren hazkundeak apalagoak izan dira. Kokapen erlatiboetan aurrera ez egiteaz gainera, Europako gainerako herrialdeekin aldea handitu egin da. Bigarren atal horretan ikusten dira eragozpenik handienak, bai kanal digital berrien bidezko merkataritza mailan eta bai kanal horiek fakturazioan eta Europako barne merkatuko gainerako herrialdeekiko merkataritza irekitzean duten eraginean.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoak osasun zerbitzu digitaletan maila nahiko ona du. Gobernu elektronikoan hazkundea handia izan da eta horrek ahalbidetu du zerbitzu publikoen digitalizazioan pausoz pauso aurrera egitea. Hala eta guztiz ere, onlineko zerbitzu publikoen erabilera txikiagoa izan denez, atzera egin da dimentsio honetan, nahiz eta, 2017an bezala, oraindik Europako batezbestekoaren gainetik egon.

Azken batean, 2017an identifikatu genituen hobetzeko arloek oraindik ere arreta berezia behar dute, horien artean, IKTetako espezializazio mailak, eragiketetarako zerbitzu digitalak erabiltzeak, enpresa salmentak onlineko kanalen bidez egiteko aukera gauzatzeak, edo herritarrek zerbitzu publiko digitalak erabiltzeak.

Jakinik neurrien eraginak ez direla berehalakoak eta DESI adierazleetako emaitzetara itzultzeko denbora beharko dela, alderdi jakin batzuetan lan egiten jarraitzea komeni da, esate baterako, eraikitzen ari den kultura digital honetako portaera jakin batzuetan sakontzea, horien artean, Internet bidezko salmenta edo zerbitzu digital batzuen kontsumoa, olineko kanal berrien bidez dagoeneko esku-eskura ditugunak. Azpimarratzekoak dira konektagarritasunean lortu diren emaitza onak eta IKTetako espezialisten kuotan ikusitako aurrerapausoak.

  1. Ikus “Ekonomia eta gizarte digitalak Euskal Autonomia Erkidegoan 2017“