5. Metodologia oharra
DESI 2018an egin diren metodologia aldaketek bi dimentsiori eragiten diete: konektagarritasunari eta zerbitzu publiko digitalei.
Konektagarritasunaren dimentsioan, hainbat aldaketa egin dira. Lehenengo, banda zabal azkarraren barneratzeari dagokionez (1.c.2 adierazlea), lehen harpidetza guztien ehunekoa erabiltzen zen neurketa egiteko eta orain, berriz, neurketa etxe guztien gainean egiten da. Bigarren, prezioaren indizearen adierazlean (1.e.1), metodologia berri bat erabiltzen da, sendoagoa. Hirugarren aldaketak azpidimentsio berri bat sartzea ekarri du (1.d), banda zabal ultra azkarra neurtzeko. Banda zabaleko gainerako azpidimentsioetan bezala, bi adierazle ditu: banda zabal ultra azkarraren estaldura (1.d.1), banda zabal ultra azkarraren (alegia, 100 Mbps baino handiagoa) estaldura duten etxeen proportzioa neurtzen duena, eta banda zabal ultra azkarraren barneratzea (1.d.2), etxe guztien artean, banda zabal ultra azkarreko harpidetzen proportzioa neurtzen duena. Azpidimentsio horrek % 20ko pisu erlatiboa du dimentsio horretan (1.c-k bezala). Azkenik, DESI 2017an espektroa neurtzeko erabiltzen zen adierazlea kendu egin da.
Zerbitzu publiko digitalen dimentsioari dagokionez, 5.a.1 adierazlea kalkulatzeko modua aldatu da, aurreko urtearekin alderatuta: azken 12 hilabeteetan administrazioari aldez aurretik betetako formularioak bidali behar izan dizkioten pertsonen kopuru osoarekiko neurtzen da, azken 12 hilabeteetako Interneteko erabiltzaile guztiekiko neurtu beharrean. Bestalde, beste adierazle bat erantsi da: enpresentzako zerbitzu publiko digitalak (5.a.4), negozio bat abian jartzeko edo negozio baten ohiko eragiketak aurrera eramateko behar diren zerbitzu publikoetatik, online zenbat dauden eskuragarri neurtzen du, herrialdeko erabiltzaileentzat zein atzerritarrentzat. Azpidimentsio berri bat ere erantsi da: osasun elektronikoa (5.b), adierazle bakarrarekin (5.b.1): ospitalera edo kontsultara joan gabe, online eskaintzen diren osasun zerbitzuak erabili dituzten pertsonen ehunekoa neurtzen du. Azpidimentsio horrek % 20ko pisu erlatiboa du; gobernu elektronikoaren azpidimentsioak, ordea, % 80koa. Azkenik, datu irekien adierazlea (5.a.5) kalkulatzeko erabili den galdesorta iazkoaz bestelakoa da eta EDP Landscaping Insight Report 2017 txostenean dago jasota.
Aldez aurretik betetako formularioen adierazleak (5.a.2), onlineko zerbitzuak osatzearenak (5.a.3) eta enpresentzako zerbitzu publiko digitalenak (5.a.4) Euskal Autonomia Erkidegorako kalkulatzeko jarraitu dugun metodologiari dagokionez, Life Events deitutakoak erabili ditugu. Life Event eguneroko bizitzako ekitaldi jakin bat da, herritarrari administrazio publikoarekin harremanetan jartzeko eta/edo haren zerbitzuak erabiltzeko eskatzen diona. Life Event bakoitzak hainbat urrats ditu, Administrazioaren zerbitzu bat edo izapide bat zehazteko.
Life Events horiek bi urtean behin neurtzen dira. Bi urtean behin kalkulatzeak esan nahi du urte jakin bateko adierazlea kalkulatzeko, urte horretan aztertu diren Life Eventsak eta aurreko urtekoak erabiltzen direla.
Espainiako adierazleen azken datua 2017ko adierazleena da (2018an kalkulatutakoa). Adierazle horiek 2016ko eta 2017ko Life Eventsak abiapuntu hartuta lortu dira. Euskal Autonomia Erkidegoaren emaitzak Espainia osokoekin alderatu ahal izateko, metodologia berbera erabili dugu. Beraz, 2016ko eta 2017ko Life Eventsak aztertu ditugu, hauek zehazki:
| 2017 |
|
|---|---|
| 2016 |
|
Aldez aurretik betetako formularioen adierazlea (5.a.2) eGovernment benchmark laneko “Key Enablers“ (KE) adierazleetako batetik abiatuta lortzen da. Zehazki, aldez aurretik beteta datozen datu pertsonalen maila neurtzeko, Authentic Sources Key Enabler adierazlea erabiltzen da. Hori kalkulatzeko, Mystery Shopping edo Bezero Misteriotsuaren metodoa erabiltzen da. Alegia, pertsona batek zerbitzua egingo duen bezero arruntaren moduan jokatzen du eta harekin lotutako galderak erantzuten ditu. Metodo hori erabiltzerik izan ez dugunean, hirugarrenek emandako informazioa erabili dugu. Adierazlearen puntuazioa Life Eventsen batezbestekoa kalkulatuz lortzen da.
Foru aldundiek eskainitako zerbitzuak aztertzerakoan, hiru Foru Aldundiak hartu ditugu kontuan. Udalek eskainitako zerbitzuak aztertzerakoan, berriz, biztanleriari begiratuta, hiru lurraldeetako esanguratsuenetako batzuk aukeratu ditugu, zehazki, Bilbo, Gasteiz, Donostia, Getxo, Barakaldo, Eibar eta Laudio.
Onlineko zerbitzuak osatzeari buruzko adierazlea (5.a.3) eGovernment Benchmarkeko Online Availability azpiadierazlea abiapuntu hartuta kalkulatzen da. Adierazle horrek beste bi azpiadierazle ditu: oinarrizko zerbitzuetarako bata eta zerbitzu zabalduetarako bestea. Lehenengoak % 80ko pisua du adierazlean; bigarrenak, berriz, % 20koa. Bakoitza bere aldetik kalkulatzen da eta, ondoren, adierazle sintetikoa lortzen da, bien batez besteko haztatua eginez. Informazioa eskuratzeko erabiltzen den metodoa, berriro ere, Mystery Shopping edo Bezero Misteriotsuarena da. Adierazlearen puntuazioa Life Eventsen batezbestekoa kalkulatuz lortzen da.
Enpresentzako zerbitzu publiko digitalen adierazlea (5.a.4) lehenengo aldiz kalkulatu da aurten. eGovernment Benchmark laneko Online Availability azpiadierazletik abiatuta kalkulatzen da hori ere. Bi Top-Level Benchmark erabiliz kalkulatu behar da: User Centricity eta Cross Border Mobility, lehenengoak herrialdeko pertsonen zerbitzuak hartzen ditu kontuan eta bigarrenak, atzerritarrenak. Era berean, adierazle horrek beste bi azpiadierazle ditu: oinarrizko zerbitzuetarako bata eta zerbitzu zabalduetarako bestea. Lehenengoak % 80ko pisua du adierazlean; bigarrenak, berriz, % 20koa. Bakoitza bere aldetik kalkulatzen da eta, ondoren, adierazle sintetikoa lortzen da, bien batez besteko haztatua eginez.
Azkenik, osasun elektronikoaren adierazlea (5.b.1) ere berria da eta 460 Eurobarometrotik abiatuta kalkulatzen da (Attitudes towards the impact of digitisation and automation on daily life). Eurobarometroa Europako Batzordeak argitaratzen du, estatu kide guztientzat. Euskal Autonomia Erkidegoko datua Espainiako datuetatik abiatuta zenbatetsi dugu.