2.4. Emaitzen analisia

Konektagarritasunari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoa laugarren tokian dago, kokapena ona da eta 4 puntuko aldea besterik ez du best-performerarekiko. Dimentsio horretan, emaitza positiboak lortzen ditu azpidimentsio eta adierazle guztietan, konektagarritasuneko zerbitzuen prezioan izan ezik. Emaitza on horien barne daude, halaber, banda zabal ultra azkarreko sareei lotutakoak.

Giza kapitalari begiratuta, Euskal Autonomia Erkidegoa zazpigarren tokian dago. Horrek esan nahi du oinarrizko trebetasunetan egoera hobetu daitekeela; trebetasun aurreratuetan, berriz, bigarren tokian dago. Baina bigarren toki horren atzean kontraste handia dago: zientzia eta teknologiako esparruko (STEM) gradudunen ehunekoa handia da, baina lan merkatuan IKTetako espezialisten ehunekoa, berriz, txikia. Horregatik, 12 puntuko aldea dugu giza kapitalean emaitzarik onenak dituen herrialdearekin.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoak emaitza oso kaskarrak lortzen ditu etxean Interneteko zerbitzuen erabileran, Europako batezbestekoaren azpitik gelditzen baita, nabarmen. Izan ere, komunikazio zerbitzuen eta edukien erabilera eskasa da; egoera hobea da Internet bidezko salerosketetan.

Euskal enpresetan, teknologia digitala ongi integratuta dago, nahiz eta 10 puntuko aldea izan herrialde liderrekin. Kokapen nahiko positibo horren atzean, ordea, askotariko portaerak daude. Alde batetik, euskal enpresak liderrak dira enpresen digitalizazioan, hau da, teknologia negozioan txertatzerakoan. Baina enpresa txiki eta ertainetan teknologia merkataritza elektronikoan erabiltzerakoan, apala da erabilera hori hainbat merkatutan, baita guztizko fakturazioari egiten dion ekarpenean ere.

Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzu publikoen digitalizazioari begiratuta, EAEko administrazio publikoak hamaikagarren tokian daude, Europako batezbestekoaren gainetik, baina herrialde digitalizatuenetik 18 puntura. Hala, gobernu elektronikoaren garapenean erdi mailako kokapen erlatiboa du (maila ertaina du ia adierazle guztietan, nahiz eta enpresentzako zerbitzu publikoen eskaintza oso mugatua den) eta osasun elektronikoan, ordea, kokapena ona da, seigarren tokian baitago.