1. Aurkezpena

Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko DESI txostena joan den urtean hasitako lanaren jarraipena da, iaz aurkeztu baikenuen lehenengo aldiz Europako adierazle hori EAEko errealitatera egokituta. Aurten, azterketa txosten laburrago batean aurkezten dugu, emaitzak modu sintetikoagoan erakusten ahalegindu baikara. Gainera, iaz ez bezala, aurten aurreko urteko datu alderagarriak baditugu eta, horrenbestez, interesgarria da bi urte hauetan gertatu den bilakaera aztertzea.

DESI edo Ekonomia eta Gizarte Digitalen Indizeak (Digital Economy and Society Index) lurralde baten digitalizazio maila neurtzeko aukera ematen du eta denboran izan duen bilakaeraren jarraipena egin daiteke horrela. 34 adierazlek osatzen dute, 5 dimentsiotan multzokatuta: konektagarritasuna, giza kapitala, interneteko zerbitzuen erabilera, teknologiaren integrazioa, eta zerbitzu publiko digitalak. Dimentsioen eta adierazleen artean, tarteko beste maila bat dago, azpidimentsioen maila. Adierazlearen balio absolutua abiapuntu hartuta, normalizazio eta haztapen prozesu batzuk egiten dira, DESIren azken adierazlea lortzeko.

DESI Europar Batasuneko estatu kideen digitalizazioa neurtzeko sortu da; beraz, estatu mailako datuak erabiltzen ditu. Horrek hainbat mugapen jartzen ditu eskualdeetara egokitzeko orduan, bai estatistikako iturriei dagokienez eta bai adierazle zehatzak lortzeari dagokionez, horien artean, Administrazioaren zerbitzuekin lotutakoak.

Beste zailtasun batek metodologia aldaketekin du zerikusia (DESI 2018. Digital Economy Society Index. Methodological note, May 2018), aurreko urteetako DESIetan doikuntzak egitea eskatzen baitu (2017ko DESIan, Euskal Autonomia Erkidegorako). Izan ere, urte batetik bestera adierazle berriak sartzen badira edo adierazleetako batzuk kentzen badira, aurreko urteetako DESIak eguneratu egin behar dira, alderapenak baliozkoak izan daitezen. Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2017ko DESIa eguneratzeko orduan, adierazle berriak lortu behar izan ditugu (2018ko DESIan daudenak), hasierako kalkuluetan sartu ez zirenak. Horrek arazoak sortzen ditu kasu jakin batzuetarako, esate baterako lehen mailako informazio iturrietatik lortzen diren datuetarako (eta horixe da zerbitzu publiko digitalei lotutako adierazle gehienen kasua), beraz, zenbatetsi egin behar izan ditugu.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko DESIaren analisia bi ataletan banatu dugu. Lehenengoan, aurtengo emaitzak aurkeztuko ditugu, mailaz maila. Alegia, lehenengo DESIaren balio orokorrak azalduko ditugu, ondoren dimentsioak deskribatuko ditugu, azpidimentsioak eta, azkenik, adierazleak. Grafikoek Euskal Autonomia Erkidegoa EB-28ko herrialdeekin alderatzea ahalbidetzen digute. Azpidimentsioetan eta adierazleetan, emaitzak taula moduan aurkeztu ditugu, informazioa laburbiltzeko helburuarekin. Hiru balio hartzen dira erreferentziatzat: Espainiakoa, herrialde liderrarena eta EB-28ko batezbestekoa.

Bigarren atalean, laburpen taula bat erantsi dugu, 2018. urteko emaitzak eta 2017.ekoak alderatzeko, adierazleetan, azpidimentsioetan eta dimentsioetan. Emaitzak balio absolutuetan ematen dira (eta haztatuta, azpidimentsioetan eta dimentsioetan). Aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoak EB-28ko herrialdeen multzoarekin alderatuta duen kokapen erlatiboa ere erakusten da. Ehuneko aldakuntzak ere kalkulatzen dira.