3. Euskal Autonomia Erkidegoko DESIren bilakaera 2017-2018
2017 eta 2018 urteen arteko bilakaera alderatua aurkeztu aurretik, adierazi behar dugu DESI adierazlea kalkulatzeko modua aldatu egin dela 2018. urte honetarako eta, datuak alderagarriak izan daitezen, aurreko urteko adierazlea eguneratu egin behar izan dugula. DESI 2018ko adierazle berriak sartuz, ordezkatuz eta eguneratuz, DESI 2017ko dimentsioak, azpidimentsioak eta adierazle sintetikoa berriro kalkulatu behar izan dira.
Jarraian, 2017ko eta 2018ko DESIaren emaitzak alderatzeko taula aurkezten dugu, balioak eta kokapena zehaztuz.
2017-2018 aldian, Euskal Autonomia Erkidegoko DESI adierazlea ia 5 puntu hobetu da 2017ko datuekin alderatuta. Zehazki, % 60,09tik % 62,99ra igaro da eta, horrela, seigarren tokitik bosgarrenera igo da. Era berean, sailkapeneko lehenengo tokietan dauden herrialdeekiko aldea aztertuz, lau herrialde liderren talderantz hurbiltzen ari garela ikusten da, haiekiko aldea 2,26 puntu gutxitu baita (2017an 14,24koa zen eta 2018an, berriz, 11,98koa).
Dimentsio guztietan, emaitzak aurreko urtekoak baino hobeak dira. Enpresetan teknologia digitalaren integrazioa neurtzen duen aldagaian ikusi da bilakaerarik onena, % 13,1eko hazkundea izan baitu. Horren atzetik datoz giza kapitala, konektagarritasuna eta zerbitzu digitalen erabilera, % 4,5, % 4,3 eta % 2,5eko hazkundea izan baitute, hurrenez hurren. Zerbitzu publiko digitalen erabileraren hazkundea % 0,5etik gorakoa izan da.
Baina hobekuntza horiek ez dute ia aukerarik eman gainerako herrialdeekiko kokapena hobetzeko. Konektagarritasunean eta giza kapitalean izandako hobekuntza erlatiboei esker, lehenengo tokiari eutsi ahal izan zaio. Aitzitik, zerbitzuen erabileran hobekuntza izan arren, 3 postu egiten da atzera, eta gauza bera gertatzen da zerbitzu publikoen digitalizazioan ere. Azkenik, teknologiaren integrazioan hobekuntza % 13,1ekoa izan da eta Europako herrialdeen multzoan toki bat aurrera egitea ekarri du horrek.
Datuek erakusten dute herrialde guztiak oso dinamikoak ari direla izaten ekonomiaren eta gizartearen digitalizazioan, eta, gainera, prozesu hori aldakorra eta arina dela, eta bilakaera beste herrialdeekin alderatuta balioetsi nahi izateak dagoeneko garrantzitsuak diren ahaleginei eustea eskatzen duela.
IKTetako espezialistetan, lan merkatuan hobekuntza nabaritzen da eta, horrela, hazkunde erlatiboa ikusten da, Europako gainerako herrialdeekin alderatuta. Herritarren oinarrizko gaitasun digitaletan, ordea, atzera egin da.
Interneten oinarritutako zerbitzuen erabileran, emaitzek bilakaera negatiboa erakusten dute, ia adierazle guztietan egin baita atzera, eskaripeko bideoen kontsumoan izan ezik. Kontuan hartu behar da hiru azpidimentsio horiek 2017an ere ez zituztela emaitza onak eman, eta ia ez da ezer hobetu horietakoren batean.
Enpresetan, eraldaketa digitala, teknologia barneratzeari dagokionez, erritmo onean ari da aurrera, eta hobekuntzak ikusi dira ia adierazle guztietan. Horrek kokapenean aurrera egitea ahalbidetzen du, nahiz eta iazko tokiak ere onak izan. Aitzitik, merkataritza elektronikoak enpresen eguneroko eragiketetan ezartzeko eta eraginak edukitzeko mugak ditu oraindik ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetan, mailaz mailako hobekuntzak edo hobekuntza txikiak egin dira zerbitzu eskaintzan, bereziki enpresei bideratutakoetan. Hala ere, herritarren zerbitzu digital publikoen erabileran atzera egin da.
Azpidimentsioei begiratuta, komunikazioan ikusten da hazkunderik handiena (% 42,7), batez ere bideo deien erabilera handitu delako (% 23). Emaitza onak izan dituzte, baita ere, enpresen digitalizazioak, trebetasun aurreratuek eta banda zabal azkarrak, % 15, % 14 eta % 12 hazi baitira, hurrenez hurren.
Enpresen digitalizazioaren hobekuntza adierazle guztietan ikusitako hobekuntzaren ondorio da eta, bereziki, irrati maiztasunaren ondorio, % 50 hazten baita. Bestalde, trebetasun aurreratuen azpidimentsioaren emaitza onaren ondoan, giza kapitalari dagokion beste azpidimentsio baten bilakaera kaskarragoa aipatu behar dugu: oinarrizko trebetasunetan % 3 egin da atzera.
14 azpidimentsioetatik, Euskal Autonomia Erkidegoak 11 dimentsiotan lortu du hobetzea, baina horrek kokapena 4 azpidimentsiotan hobetzea ekarri du. Alderantziz, kokapenean atzera egin du 6 azpidimentsiotan, nahiz eta emaitza absolutuak bitan bakarrik okertu. Argi dago, azpidimentsioez ari garela, kokapen erlatiboak hobetu nahi badira, hazkundeak handia izan behar duela.
Azpidimentsioetarako azaldu den bezala, adierazleen emaitzak ezin ditugu berdin irakurri balio absolutuak aztertzen baditugu edo kokapen erlatiboak aztertzen baditugu: 34 adierazletatik 27tan emaitzak 2017an baino hobeak dira eta 6tan, berriz, okerragoak. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoak hartzen duen tokiaren ikuspegitik, 10 azpidimentsiotan kokapena hobetu da, 12 azpidimentsiotan ez da aldatu eta beste 12tan atzera egin da.
Adierazleei dagokienez, 9. grafikoan ikus daitekeen bezala, hazkunderik handienak eskaripeko bideoan izan dira (% 51,80), RFID teknologien erabileran (% 50,17) eta faktura elektronikoan (% 32,36), enpresei dagokienez; banda zabal azkarraren ezarpenean (% 31,32), bideo deien erabileran (% 22,89) eta gizarte sareetan (% 16,34) etxeetan; eta, gainera, IKTetako espezialistak hazi egin dira merkatuan (% 15,09), baita STEM gradudunak ere (% 13,40). Bestalde, atzerakadarik handienak herritarrek gutxienez oinarrizko bi trebetasun digital edukitzean (-% 6,03), enpresetan informazioaren truke elektronikoan (-% 6,06), gobernu elektronikoko zerbitzu digitalen erabiltzaileen proportzioan (-% 13,98), eta musika, bideoak eta jokoak jaistean (-% 17,65) ikusi dira.
Jarraian, 10. grafikoan, azpidimentsio bakoitzak 2018an duen kokapenaren analisi alderatua erakutsi dugu eta 2017az geroztik izan duen bilakaera. Portaeraren arabera, hiru azpidimentsio multzo bereizi ditugu. Lehenengoan, kokapen ona izanik, kokapen horretan aurrera egin duten azpidimentsioak sartu ditugu. Multzo horretan daude enpresen digitalizazioa, banda zabal azkarra, trebetasun aurreratuak eta garapena, banda zabal finkoa, eta osasun elektronikoa.
Bigarren multzoan egongo lirateke banda zabal ultra azkarra, banda zabal mugikorra, oinarrizko trebetasunak eta erabilera, eduki digitalen erabilera, eta gobernu elektronikoa. Azpidimentsio horietan, atzera egin da kokapenean, baina, hala ere, 2018an oraindik ere goiko herenean kokatzen da Euskal Autonomia Erkidegoa, EB-28ko gainerako herrialdeekin alderatuta.
Hirugarren multzoan beste azpidimentsio batzuk daude: Europako alderapenean atzeko tokietan egonik, bilakaera ona izan ez duten azpidimentsioak. Horietako batzuetan atzera egin da (e-commerce) eta beste batzuetan ez da kokapena aldatu (transakzio ekonomikoen erabilera, banda zabalaren prezioa edo zerbitzu digitalen erabilera komunikaziorako).
Adierazleen kokapenaren bilakaera aztertuz gero, lau multzo baliokide bereizten dira: lehenengoan, kokapen ona duten eta 2017arekiko kokapen hori mantentzen edo hobetzen duten adierazleak jarri ditugu. Bigarren multzoan, goiko bigarren koadroan dauden adierazleak daude, kokapen horretan gelditu direnak edo pixka bat atzera egin dutenak. Horietatik hurbil, hirugarren multzo bat dago, erditik beherako balioa dutenak edo nabarmen atzera egin dutenak. Adierazleen laugarren multzoak balio txikiak ditu 2018an. Multzo horretan, kokapenean atzera egin duten adierazleak daude (musika, bideoak eta jokoak), baita kokapenari eutsi edo kokapena hobetu dutenak ere (IKTetako espezialistak).
-
2017an existitzen ez diren adierazleen artean, bi kasutan ezin izan dira lortu urte horretako datuak: 5.a.4 adierazlea Espainiako 2017ko datua abiapuntu hartuta zenbatetsi da. 5.b.1 adierazlea berdin utzi dugu, informazio gehiago ez genuelako.
Argibide gehiagorako, ikus 5. Metodologia oharra eta 6. Eranskina – Adierazleak eta definizioak
-
Taulari lotutako oharra: 5.b.1 adierazlea ez zen DESI 2o17an sartzen eta ezin izan dugu zenbatetsi urte horretarako. Horregatik, 2018ko balio berbera eman zaio.
5.a.4 adierazlea ere ez zegoen DESI 2017an, baina Espainiako datua abiapuntu hartuta zenbatetsi dugu, gainerako herrialdeekin alderatu ahal izateko.
Gauza bera gertatu da 1.d.2 adierazlearekin ere.2. 1.d.1 adierazlea Ekonomia eta Enpresa Ministeriotik eskuratu dugu, zuzenean, estaldurari lotutako gainerako adierazleak bezala.