Lan modalitate malguak gero eta gehiago hedatzeak, laneko ordutegiak eta zamak egokituta, iradoki diezaguke “langile idealaren” eredua, tradizioz lanaldi luzeekin eta etengabeko prestasunarekin lotutakoa, aldatzen ari dela. Hala ere, praktikan, oraindik ere erakunde askok etengabeko prestasunaren eta lan ibilbide linealen inguruan antolatzen dute haien jarduna, nahiz eta eredu hori ez datorren bat lantaldearen zati handi baten –batez ere, emakumeen– errealitateekin.
Unibertsitate eremuan, amatasunak, zaintzaren ardurek edo hilekoaren zikloari eta ugalketa osasunari lotutako prozesuek lan erritmo eta produktibitate ez-linealak dakartzate. Hala eta guztiz ere, ebaluazio akademikoko sistemek gorputz neutro, egonkor eta beti prest dagoenaren ideian oinarritzen jarraitzen dute. Merezimendua, nagusiki, adierazle kuantitatiboen, argitalpenen, aipuen edo proiektuak eskuratzearen arabera neurtzen da, eta horiek baldintzatzen dituzte etorkizuneko aukerak, ikusgarritasuna eta lanbidean aurrera egitea.
Ebidentziak erakusten du metrika horiek ez direla neutralak. Gure ingurunerik hurbilenean, Orkestraren Berdintasun Planak Orkestraren Berdintasun Planak emakumeek ibilbide akademikorako funtsezkoak diren jardueretan, esate baterako, argitalpenetan eta hitzaldietan, ikusgarritasun eta parte hartze txikiagoa dutela identifikatu du. Eredu hori bera ikus daiteke beste testuinguru batzuetan ere.
Desberdintasun hori eragiten duen mekanismoetako bat produktibitate goiztiarrari eta jarraituari ematen zaion pisua da, horrek amatasunarekin eta zaintzarekin lotutako etenak zigortzen baititu. Ikertzaile emakume askoren ekoizpen zientifikoak behera egiten du, aldi baterako, seme-alabak jaiotzen direnean. Aurrerago, ekoizpenak berriro egiten du gora, baina hasierako lorpenei ematen zaien lehentasunak mailaz igotzeko eta lanpostuan egonkortzeko aukerak murrizten ditu (Kim & Moeser, 2025).
Eredu hori, amatasun efektua izenaz ezaguna eta lan merkatuan zabal dokumentatu dena, ekonomiaren esparruan ere ikusten da. EHUko Alaitz Ayarzak eta Nagore Iriberrik ekonomiaren arloan eragin handiko 36 aldizkaritan argitaratu duten pertsonen ibilbideak aztertu dituzte, eta azken kohorteetan emakumeen presentziak gora egin badu ere, lan ibilbide osoan zeharreko ekoizpenean genero arrakalak daudela ondorioztatu dute, neurri batean, emakumeen ibilbideak laburragoak direlako eta maila jakin batean irauteko zailtasun handiagoak dituztelako.
Emaitza horiek amatasunaz haragoko arazo zabalagoa erakusten digute. Zaintzaren erantzukizunak, seme-alaben hazkuntza ez ezik, adinekoen edo mendeko pertsonen arreta eta etxeko lanaren kudeaketa ere barne hartzen dituztenak, desberdintasunaren egiturazko faktoreak dira emakumeen ibilbide akademikoetan. “Bigarren txanda” horrek ikerketa jarduera lehiakorrari eusteko behar den denbora eta energia mentala murrizten ditu, eta, ondorioz, ibilbide akademikoen jarraitutasunari eragiten dio.
Zama horri unibertsitateko lanaren antolaketa bera gehitu behar zaio. Ebaluazio sistemek ikerketako ekoizpen kuantifikagarria lehenesten dute, erakundearen funtzionamendurako funtsezkoak diren beste zeregin batzuen aldean. Maiztasun handiagoz, akademiko emakumeek “unibertsitateko etxeko lana” deitutakoa egiten dute, tartean, eskola ugari ematea, administrazioko lanak, tutoretzak, ikasleen bidelagun izatea edo komunitatea eraikitzea. Zeregin horiek guztiak ezinbestekoak dira, baina oso aitorpen txikia dute akreditazio eta sustapen prozesuetan. Gure lankide Miren Estensorok eta Edurne Magrok adierazten duten bezala, “meritokrazia faltsua” mantentzen laguntzen du horrek. Era berean, gure unibertsitateko beste ikertzaile batek, Lorea Romero Gutiérrezek, lan horiek egiteak akademiako emakumeen gorputzetan, ongizatean eta lan ibilbideetan duen eragina azpimarratzen du, denboran eta energian intentsiboak badira ere, ez baitira kontuan hartzen adierazleetan.
Normalean ezkutuan geratzen den beste eremu bat hilekoaren zikloari lotutako sintomen eta nahasmenduen eragina da. Hain profesionalak ez izateko beldurrak eta estigmak eta oinazea edo gorabehera funtzionalak kudeatzeko behar diren azpiegitura eta erakunde politika nahikoak ez edukitzeak errealitate hori aitortzea zailtzen dute. Hilekoaren ondorioz baja hartzeko aukera ematen duten lege esparruak daudenean ere, aukera horren erabilera oso txikia da (Espainian, adibidez, sistema oso gutxik erabiltzen dute, hartaz baliatu daitezkeen % 5ek besterik ez). Baina hilekoaren aurreko nahasmenduek, dismenorreak eta hileko fluxu ugariak kontzentrazioa eta efizientzia gutxitzen dute eta, gainera, presentismo dinamikak sortzen dituzte, emakumeak beren lanpostuetan jarraitzen baitute, nahiz eta beren gaitasunen azpitik aritu, eta horrek produktibitatearen galera ikusezina eta metagarria sortzen du (Schoep et al., 2019).
Faktore horiek ibilbide jarraituen eta etenik gabeen gainean eraiki den sistema batean azaltzen direnean, etenaldiak edo gorabeherak norbanakoaren konpromiso falta gisa interpretatzen dira, eta ez gizartean sortutako baldintzen ondorio gisa. Desoreka horrek leaky pipeline akademiko ezaguna sortzen laguntzen du, alegia, emakumeen garrantziak behera egiten du, poliki-poliki, ibilbide akademikoan zehar.
Lerro hauen bidez, ebaluazio zientifikoko sistemen itxurazko neutraltasuna zalantzan jartzen lagundu nahi dugu, baita sistema horiek sustatzen duten karrera akademikoko ereduari buruzko hausnarketa zabaltzen ere. Hala:
- Akademian aritzearen inguruko beste modu bateko diskurtsoak eraikitzen lagundu nahi dugu, gure emozioak, gure nahiak eta gure gorputzak aitortu ditzaten.
- Gorputz neutro, egonkor eta beti prest dagoena eskatzen duen erakunde eredu batek emakumeen errealitatearekin talka egiten duela aldarrikatu nahi dugu, emakumeak eramaten baititu eskakizun horiek konpentsatzera, gehiegizko ahaleginaz baliatuz.
- Jarduera akademikoaren izaeratik hurbilago dauden sistemetara aurrera egin nahi dugu, jarduera akademikoa, gure iritziz, sortzailea, erlazionala eta bizitzaren erritmoekiko mendekoa baita.

Ibone Eguia
Ibone, ekonomian graduduna da Euskal Herriko Unibertsitateagatik. Doktoratu aurreko ikertzaile gisa lan egiten du Orkestran, Euskal kultura-sektorearen lehiakortasunaren analisiarekin lotutako proiektuetan.

Claudia Icaran
Claudia doktoretza aurreko ikertzailea da Orkestran. Nazioarteko Harremanetako Gradua ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta Gobernantza, Garapena eta Politika Publikoetako Masterra egin zuen Sussex-ko Unibertsitatean.

Stephanía Mosquera López
Stephania Orkestrako Energia eta Ingurumeneko Laborategiko ikertzailea da, 2022ko azaroaz geroztik. Ekonomian lizentziaduna da, Ekonomia Aplikatuko masterra du eta Ingeniaritzan doktorea da (Industria Ingeniaritzako aipamena), Kolonbiako Universidad del Valle erakundean.
Energia merkatuak ditu aztergai nagusi, bereziki elektrizitatearen eta gas naturalaren prezioen egitura, merkatuetako arriskuen neurketa eta kudeaketa eta klima aldagaien eragina.