- Autobusa! Korri, korri, ama!
Aireak eta euri freskoaren hezetasunak aurpegian ematen didate, kolorea itzultzen ari zait. Iritsiko gara. Bai. Ditxosozko kamiseta berdea. Atzo armairuan begiratu genuen eta dena kontrolpean zegoela uste genuen. Pixka bat gehiago, eta autobusak ihes egingo digu. Hementxe da. Makurtu egiten naiz: besarkada bat eta musu bat.
-T’estimo. Egun ona pasa ikastolan!
Pausoa bizkortzen dut. Berandu noa, berandu iritsiko naiz lanera. Gelditu eta gasolina hartu beharko nuke. Ups, ez dut garbigailua jarri. Gauean jarriko dut. Korri. Claudia Goldinek dio genero desberdintasuna etxean hasten dela...
55 ediziotan, 93 lagunek jaso dute Ekonomiako Nobel saria. Claudia Goldin sari hori lortzen duen hirugarren emakumea da, eta bakarka egiten lehena, “emakumeek lan merkatuan lortzen dituzten emaitzen inguruko gure ezagutzan aurrera egiten laguntzeagatik”. Bere lana positibista den arren (ez ditu politiken diseinuarekin lotutako arazo normatiboak jorratzen), ikuspegi historikoa eta ekonomikoa uztartzean, ideia baliotsu asko eskaintzen dizkigu genero arrakala murriztea helburu duten politika publiko eraginkorrak diseinatzeko. Azpimarratzen duen ideia garrantzitsuetako bat da politika eraginkorrak garatzeko arazoaren jatorria ulertu behar dugula.
Goldinen kurba
Goldinen ikerketak erakutsi zuen emakumeak AEBeko biztanleria aktiboan duen parte hartzea U formako kurba baten bidez irudika dezakegula (1. irudia). XVII. mendearen amaieratik hona bildutako datuen analisiaren bidez, Goldinek erakutsi du nekazaritzari lotutako ekonomian emakumeek lan merkatuan parte hartze handiagoa zutela (nekazaritzan, abeltzaintzan, esnekien fabrikazioan...), erraza baitzen lan mota hori familia zaintzearekin uztartzea, industria garaiko lanekin alderatuta. Hain zuzen ere, industrializazioaren gorakadak zaildu zuen lana eta etxea zaintzea uztartzea. Egoera horrek eragin handia izan zuen emakume ezkonduengan, “industria lanak” estigma negatibo samarra zuelako (marriage bars). Horren ondorioz, industria garaian, murriztu egin zen emakumeak lan merkatuan zuen parte hartzea.
Hala ere, XX. mendearen hasieran, zerbitzuetako, administrazioko eta kudeaketako lanak sortzen hasi ziren (white-collar work), eta, poliki-poliki, "iraultza isila" (The quiet revolution) izenez ezagutzen dena gertatu zen. Hala, lan merkatuan, generoen parte hartzeak elkarrengana hurbildu ziren eta ikasketetan ere, emakumeen eta gizonen mailak hurbildu egin ziren, are gehiago, emakumeak gainetik geratu izan dira zenbaitetan.
1970eko hamarkadatik aurrera, emakumeen igurikimenak eta aukerak lan bat nahi izatetik karrera profesional bat izatera igaro ziren, eta belaunaldi horretako emakume askok prestakuntzan inbertitzea erabaki zuten.
"Iraultza isil" horren funtsezko beste faktore bat antisorgailuak erabiltzen hastea eta hedatzea izan zen. Familia bizitza planifikatzeko ahalmenak ezkontzeko adina eta emakumeek lehen haurra izateko adina atzeratu zituen. Urte horiek hezkuntzan eta karrera profesionala planifikatzen inbertitu zituzten emakumeek.
1 irudia: The U-Shaped curve
Iturria: https://www.nobelprize.org/uploads/2023/10/popular-economicsciencesprize2023.pdf
Azken batean, Goldinek erakutsi zuen hazkunde ekonomikoa ez dela beti lotu behar emakumeak lan merkatuan duen parte hartzearekin. Hortik dator, hain zuzen ere, grafikoko kurbaren U itxura (1. irudia). Beste faktore batzuek ere eragina dute emakumeak lan munduan duen parte hartzean, bai eskaintzarekin ikuspegitik eta bai eskariaren ikuspegitik: gizarte arauak, igurikimenak eta lan merkatuko aukerak, etxea eta familia zaintzearekin bateratu ahal izatea...
Aurreragoko beste azterketa batzuek ere, esate baterako, 1890-2005 urteen arteko 14 herrialde industrializatuetako datuak erabiltzen dituen honek, portaera hori bera berretsi dute eta erakutsi dute emakumeak lan merkatuan duen parte hartzearen kurbak U itxura duela.
Emakumeen laneratzea eta soldata arrakala
Herrialde garatuetako emakumeen hezkuntzak gizonen antzeko ratioak lortu ditu, baita handiagoak ere zenbait lanbidetan, eta, gainera, lan merkatuko parte hartzearen arrakala nabarmen hobetu da. Hala ere, datuek adierazten digute soldatak ez direla elkarrengana nahi beste hurbildu eta azken urteetan, hurbiltze horretan ez dela aurrerapausorik eman (ELGE-Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea, 2023).
Bilakaera horren zergatia jakiteko, Goldinek arrakala non zegoen aztertu zuen: lanbideen artean (hobeto ordaindutako lanbideetan gizonen proportzioa handiagoa izateagatik) edo lanbide beraren barruan (soldatetan aldeak, lanbide beraren barruan ere). Goldinek ikusi zuen soldata arrakalaren heren bat bakarrik azal zezakeela lanbideen arteko aldeak, eta beste bi herenak, berriz, lanbide beraren barruan gertatzen zirela. Gainera, ordainsari handienak dituzten lanbideetan, esate baterako, negozioak edo osasuna, soldaten arteko aldea askoz ere handiagoa zen (Goldin, 2014).
Marianne Bertrand eta Lawrence Katzekin lankidetzan, Goldinek beste zerbait ere egiaztatu ahal izan zuen: errenta handiko herrialdeetan, lan ibilbidearen hasieran, lanbide beraren barruan txikia zela generoen arteko soldata aldea. Baina hori aldatu egiten da lehen seme-alaba iristen denean (amatasun eragina - The parenthood effect): emakumeen diru-sarrerek nabarmen egiten dute behera, nahiz eta gizonen hezkuntza eta lanbide bera izan. Gainera, arrakala hori ez da itxiko aurretik gelditzen den laneko bizitza guztian. Amatasunaren eragina (2. irudia) azaltzeko, egileek aipatzen dute sektore askotan, batez ere ordainsari handienak dituztenetan, enpresek espero dutela pertsonak uneoro lanerako prest egotea eta ordutegiekin malgutasunez jokatzea (greedy Jobs). Baina, normalean, emakumeen hartzen dute zama handiagoa familiaren zaintzan, eta horrek zaildu egiten du lanbidean aurrera egitea eta, ondorioz, behera egiten dute ordainsari handiagoa lortzeko aukerek.
2. irudia: The parenthood effect
Iturria: https://www.nobelprize.org/uploads/2023/10/popular-economicsciencesprize2023.pdf
Genero arrakala Euskadin
Eta, zer gertatzen da Euskadin? Iseak ikerketa eta transferentzia zentroak egindako txosten baten arabera, nahiz eta Euskadin gizonen eta emakumeen laneratzea handia izan den azken hamarkadan, oraindik ere arrakala ikusten da laneratzean: 2020an, emakumeen okupazio tasa % 67 zen eta gizonena, % 74. Soldaten arteko aldeak ere nabarmena dira eta bilakaera ikusirik, ez dirudi joera aldatuko denik: "Hileko soldatan ikusitako arrakala % 14koa da. Arrakala horren % 73, gutxi gorabehera, gizonek eta emakumeek lanean ematen dituzten orduetan dagoen aldeak azaltzen du; gainerakoa, berriz, orduko soldatan dauden aldeek.” (3. irudia)
3. irudia: Generoak eragindako soldata arrakalak Euskadin: hileko soldata garbia, lan egindako orduak eta orduko soldatak. 2020ko datuak.
Iturria: ISEAK
Ikerketa horrek agerian uzten du, halaber, lan merkatuko genero arrakalak familia ardurei lotuta daudela, ardura horiek, nagusiki, emakumeek hartzen baitituzte: "Euskadin, amatasunak, batez beste, lan egiteko probabilitatea ehuneko 11 puntu murrizten du, eta lan merkatuaren barruan egonik, lanaldi partzialen pisua handitzen du. Gizonentzat, aitatasunak ez du inolako eraginik enplegua lortzeko orduan. Bikotearekin bizi diren eta 5 urtetik beherako seme-alabak dituzten emakumeen herenak bakarrik egiten du lan lanaldi osoan (astean 34 ordu baino gehiago). Gizonetan, ordea, ehuneko hori % 67 da”.
Horrelako arazoei aurre egitea funtsezkoa da oparotasunerako. Orkestraren Lurralde Lehiakortasunaren esparruan, inklusibotasuna zeharkako dimentsiotzat hartzen da eta egiturazko testuingurua, ekonomia eta enpresa emaitzak eta palanka dinamikoak ukitzen ditu. Emakumeak lan merkatuan gizonak bezala tratatzea ekitate kontua ez ezik, efizientzia ekonomikoko kontua ere bada. Izan ere, genero arrakala murrizteak eta emakumeen talentua lan merkatuan hobeto txertatzeak, ziur aski, ongizatea eta lehiakortasuna hobetzen lagunduko liguke.
Tira, azkenean, pufff, lanera garaiz iritsi naizela dirudi. Ez da bilera hasi, primeran! Ea denbora ematen didan sartu aurretik komunetik pasatzeko... beno, zuzenean joango naiz, behar izanez gero, bileratik aterako naiz, baina uste dut eutsiko diodala. Ez da luzea izango...
Carme Vallverdú
CCarme Vallverdú Ekonomian lizentziaduna da Pompeu Fabra Unibertsitatean eta Metodo Kuantitatiboetan espezializatua. Ikuskaritza eta Finantzen munduan lan egin du. EADAko Kudeaketa Kontroleko Zuzendaritzako masterra egina du eta Analisi Ekonomikoko unibertsitate master bat UOCen (Universitat Oberta de Catalunya).