Mundu akademikoan genero arrakalaren presentzia COVID-19aren aurretiko gauza da. Estatu mailako adierazleek argi erakusten dute ‘kristalezko sabaiak’ ere baduela zer esana zientzia eta ikerketaren esparruan. 2018an unibertsitate-katedren %22 betetzen zuten emakumeek nahiz eta irakasle eta ikertzaileen %45 izan (Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioa, 2019). Egoera berdina da ikerketa proiektuen ebaluaziorako batzordeetan, non, nahiz eta emakumeen presentzia parekidea izan kide kopuruan, lehendakaritza postuak gizonenak diren normalean. Edota indexaturiko artikuluen autoretzak aztertzen ditugunean. Horretan ere genero arrakala agerian geratzen da (Zientzia eta Unibertsitate Ministerioa, 2020). Criado-Pérezek (2019) azaltzen duen eran, kontua ez da emakumeen autoretzak gutxiago direla bakarrik, baizik eta gizonezkoek emakumeen artikuluak aipatzea ez dela ohikoa eta ondorioz, argitalpen eza aipamen ezan bilakatzen da, emakumezko ikertzaileen ibilbide profesionala eragozten duen sorgin-gurpila eraginez. Honen guztiaren atzean joera maskulinoa duten irizpide eta nolakotasunak saritzen dituen eta unibertsitate eta ikerketa sistema oinarritzen den ‘meritokrazia faltsua’ dago. Criado-Pérezek (2019) emakume akademikoen lana gutxiesteko praktikei egiten die erreferentzia: autoretza partekatu duten argitalpenetan lidergoa hartu edota emakumeen lanari sinesgarritasun gutxiago ematea kasu, are gehiago ekonomiari loturiko disziplinan.

Adierazle horiek emakume garen eta mundu akademikoan jarduten dugunon bizipenen isla dira. Sentitu izan dugu ‘itzalean’ egotearen sentsazioa edota politikoki zuzena izateagatik gonbidatu gaituzten tokietan egon ahal izatea. Adibidez, zenbat dira konferentzia akademikoetan, hizlari-talde parekidea osatzeagatik izan beharrean, beraien lanagatik lehen aukera moduan gonbidatzen diren emakumeak?

Pandemiak, ordea, arrakala hau handitzea ekarri du. Hainbat argitalpenek erakutsi dute 2020an emakumezkoek sinaturiko argitalpenak behera egin zutela konfinamendu garaian eta aldiz, gizonezkoenak, gehiago direla aurreko urteko zenbatekoekin alderatuta. Hori, gure lankide den Mercedes Oleagak bere postean aztergai duen eran, emakumeok gure ingurukoen zaintzan dugun ardura handiagoa dela eta eman liteke. Beraz pandemiaren eragin hori, mundu akademikoan ez ezik, jarduera sektore guztietara zabaldu dela agerikoa da. Aldiz, argitalpen akademikoetan gertatu den arrakalak, epe luzean, akademian jarduten garen emakumeon ibilbide profesionalean eragina izan dezake. Izan ere, unibertsitatearen meritokrazioa sistema argitalpenetan oinarrituriko ekoizpen akademikoan oinarritzen da eta ez unibertsitate sistema ahalbidetzen duten beste jardueretan. Gainera, inposatu den sisteman ez ‘ekoizteagatik’, konfinatuta gauden denbora tarte horretan ezer egin ez dugunaren irudia zabalduko den beldur gara. Eta honek, aipaturiko sorgin-gurpila elikatu eta genero arrakala handitzea besterik ez dakar.

Bereziki aipagarriak dira unibertsitate eta komunitate akademikoan, batez ere, emakumezkoak jarduten diren eta ikusezin egiten diren arloak. Unibertsitateko ‘etxekolanei’ buruz ari gara: tutoretza orduetan ikasleen laguntza emozionala eskaintzetik unibertsitate-komunitatea garatzeko jardunetara. Etxekolan hauei eskainitako denbora handitu egin da kononabirus garaian eta etxekoen zaintza lanei batuta, publikazio akademikoetarako denbora gutxitu.

Unibertsitate sisteman akreditazio eta garapen profesionaleko prozesuek ekoizpen akademikoa eta irakaskuntza orduak saritzen badituzte batez ere, harremantzeari dagozkion jardunak ez ikusteko aukerak handitu egiten dira (Fletcher, 1990). Ikerketa proiektuetan jarduten diren komunitate edo eragile taldearen erantzukizuna nork bere hartzeaz, gatazkak kudeatu edota aurre hartzeaz edota banakako ibilbidea lehenetsi ordez proiektuaren beharrak edota botere-hartze partekatua gailentzeaz ari gara. Gure lankide den Miren Larreak, bere ibilbidean oinarrituta, ideia hau garatu du bere postean.

Genero berdintasunak koronabirus garaian eta komunitate akademikoan politikoki zuzena izatearen muga gainditzen duen erakunde-laguntza eskatzen du. Gerturapen femeninoa komunitate zientifikoaren funtsean txertatzeaz ari gara. Alde batetik, Acostak (2017) azpimarratzen duen eran, bada garaia berdintasun planak ‘emakumezkoen’ gaiak bezala ez direla ikusteko. Plan hauek komunitate osoaren inplikazioan, gardentasunean (ibilbide profesionaletan aurrera egiteko mugei buruz esaterako) eta emakumeek ezagutza eraldatzeko gaitasuna izateko ezagutzaren balioa definitzen den tokietan ondo posizionatuta behar dutela egon onartuta garatu beharko lirateke (Acosta, 2017: 179). Bestetik, harremantzeari loturiko jardunak ezin ikusi egitea baztertu beharko da. Komunitate izaera garatu, bisio partekatua eraiki, gatazkak kudeatu eta elkar-zaintzarik gabe, errealitatea eraldatu eta akademiak gure gizartearen erronkei aurre egiteko duen balioa ikustaraztea zaila izango da. Eta azkenik gertuen dugun beste gai bat: gure ikerketan genero ikuspegia txertatzea. Ikerketaren hasieratik eta parekidetasun eta parte hartzean oinarrituta. Hasi gara pauso txikiak ematen baina askoz ere gehiago egin genezake. Gure barrenetik, emakume edo gizon izan. Eta guztion artean.


miren estensoro

Miren Estensoro

Miren Estensoro Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea da eta Deusto Business Schooleko irakaslea. Ekonomian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere aztergai nagusiak tokiko garapen ekonomikoa, lurraldeko gobernantza eta lehiakortasunerako politiken maila askotako artikulazioa dira. 

Perfil osoa ikusi


edurne magro

Edurne Magro

Edurne Magro Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea senior da. Enpresen Lehiakortasunean eta Garapen Ekonomikoan doktorea da, Deustuko Unibertsitatean, europar aipamenarekin. Horretarako, egonaldia egin zuen Manchesterreko Unibertsitateko Manchester Institute of Innovation Research institutuan, Erresuma Batuan. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da eta Berrikuntzaren eta Teknologiaren Kudeaketako Masterra egin du, Deustuko Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi