2025ko ekainaren 18a
Deusto Research Social Impact zigiluak unibertsitatean garatutako hainbat proiektu aitortzen ditu urtero, beren ekintza eraldatzaileagatik eta pertsonentzat, erakundeentzat, ingurunearentzat edo
Entre las iniciativas reconocidas este año se encuentra un proyecto liderado por la investigadora de Orkestra Macarena Larrea sobre materias primas críticas para la transición energéticas y la digitalización
Deustuko Unibertsitateak 2025ean Deusto Research Social Impact zigilua jaso duten proiektuak hautatu ditu. Proiektu horien eragin positiboa eta gizarte eraldaketarako gaitasuna aitortu nahi izan dira horrela. Hautatutakoen artean “Lehengai kritikoak energia trantsiziorako eta digitalizaziorako” lana dago, Orkestrako Energia eta Ingurumeneko Labak bideratua.
Macarena Larrea ikertzaileak gidatutako proiektu honen helburua da lehengai kritikoek ekonomia deskarbonizatzeko duten garrantziari buruzko jakintza sortzea eta hornidura fidagarria bermatzeko estrategiak edo tresnak garatzen laguntzea.
Bai Euskal Autonomia Erkidegoak, bai Espainiak eta bai Europar Batasunak kanpoarekiko mendekotasun handia dute ekonomia deskarbonizatu baterako funtsezkoak diren lehengai horien horniduran. Gaur egun, lehengai horietako asko erakunde egonkortasun txikiko eta ingurumen eta lan arloko kontrol urriko herrialdeetatik datoz. Ikerketa ildo horren helburua da jakintza sortzea, eragile publikoek eta pribatuek lehengai kritikoen horniduraren erronkei aurrea hartzeko aukera izan dezaten. Horretarako, gomendioak ematen ditu horniduran hausturak saihesten lagunduko duten politikak eta estrategiak diseinatzeko, horrela trantsizio berdean aurrera egiten jarraitu ahal izateko, jakinik Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, kasu askotan funtsezkoak direla industriaren funtzionamendurako. Hori guztia, testuinguru geopolitiko konplexuan, non lehengai horiek esportatzeko oztopoak presio tresna gisa erabil daitezkeen eta erabiltzen ari diren.
Proiektuaren emaitza nagusien artean, ekosistemako funtsezko eragileekin lankidetzan egindako bi argitalpen nabarmentzen dira:
- Las materias primas minerales en la transición energética y en la digitalización. El papel de la minería y la metalurgia liburua, Ingeniaritzako Errege Akademiak eta CODEIMEk argitaratua eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Atlantic Copper Enpresa Katedrak saritua, meatzaritzaren eta metalurgiaren esparruan egiten duen ekarpena kontuan hartuta.
- Euskal industriarako lehengai kritikoak eta funtsezko metalak txostena, Ihoberekin lankidetzan egina, Lehengai Kritikoen eta Funtsezko Metalen Euskal Plan bat egiteko zirriborro gisa. Argitalpen horrek hainbat tresna edo ekintza eraldatzaile aurkezten ditu, enpresek, erakunde zientifiko-teknologikoek eta Administrazio Publikoak batera hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiarentzat funtsezkoak diren lehengai kritikoen eta funtsezko metalen hornidurarik ezaren arriskuari lotutako arazoei irtenbideak emateko.
Ikerrildo honen emaitzak zenbait artikulu zientifikotan zabaldu dira eta sektoreko ekitaldietan ere aurkeztu dira. Esate baterako, Eusko Jaurlaritzaren Basque Open Industry topaketan edo Espainiako Ingeniaritza Institutuak antolatutako “Meatzaritzaren eta metalurgiaren zeregina autonomia energetikoan” jardunaldian.
Gainera, Energia eta Ingurumen Labeko lantaldeak ikerketa horien ondorio eta ikaskuntza batzuk argitaratu ditu Orkestraren Beyond Competitiveness blogean:
- La paradoja de la transición energética hacia la descarbonización
- Los minerales críticos y el reducido consumo energético de los relojes automáticos o de cuerda
- Aplicando el método Montessori para el abastecimiento de las materias primas minerales
- Kobaltoaren emakumeak
Gizarte eragina, Orkestraren Plan Estrategiko berriaren ardatz nagusietako bat
Deusto Research Social Impact zigilua martxan jarri zenetik, Orkestraren hainbat proiektuk jaso dute aitorpen hori, bere gizarte eraginagatik. Horien artean nabarmentzekoak dira Bizkaia Orekan Sakonduz, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako proiektua, lurralde garapenerako elkarlaneko gobernantza eredu bat nola eraiki aztertzen duena, eta Energia eta Ingurumen Labeko zenbait proiektu, portuek energia trantsizioan duten zereginari edo energiaren prezioei eta industriaren lehiakortasunari buruzkoak.
Aitortza hori oso lerrokatuta dago Orkestraren 2025-2028 Plan Estrategiko berriarekin. Planak etapa berri bati emango dio hasiera, Institutuaren nazioarteko proiektua eta lurraldean duen eragina indartzea helburu.
Planaren erronka handienetako bat izango da Institutuaren gizarte eragina definitzea eta eragin hori neurtzeko, haren jarraipena egiteko eta ondoren erakunde publikoei, pribatuei eta gizarteari jakinarazteko mekanismoak zehaztea. Epe luzeko prozesu bat da, Orkestraren lantaldearen eta erakunde laguntzaileen parte hartzearekin egingo dena. Dagoeneko egin dira lehen urratsak.