2025ko ekainaren 13a
Eskualdeko lehiakortasun-politiketan aditua da, eta ibilbide sendoa du bai nazioartean eta bai Euskal Autonomia Erkidegoan.
2018tik Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikerketa-zuzendaria izan da.
Mari Jose Aranguren ordezkatuko du karguan. Arangurenek Deustuko Unibertsitatean jarraituko du, Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreordea izango baita
Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko (Deustu Fundazioa) Administrazio Kontseiluak James Wilson izendatu du zuzendari nagusi. Izendapenarekin batera, Orkestrak 2025-2028 Plan Estrategikoa abiaraziko du: etapa berri bati emango zaio hasiera, Institutuaren nazioarteko proiekzioa eta lurraldean duen eragina indartzea helburu.
Wilsonek Mari Jose Aranguren ordezkatuko du karguan. 12 urtez zuzendari nagusi izanik, Arangurenek Orkestra Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasunerako funtsezko erakunde eta ikerketa eraldatzailean nazioarteko erreferente gisa kokatu du. Bere gidaritzapean, Institutuak 40 pertsonako taldea sendotu du, eta urtean 45 ikerketa-proiektu inguru bultzatzen ditu 50 erakunde publiko eta pribatu baino gehiagorekin lankidetzan. Ikerketa-jarduera hori, gainera, 11 doktoretza-tesiren oinarrian dago, eta, horrela, Orkestrak ikerketa-profil berriak prestatzeko duen konpromisoa indartzen du.
Euskal testuingurua sakon ezagutzen duen nazioarteko profila
James Wilson 2007an hasi zen Orkestran lanean, eta 2018az geroztik ikerketa-zuzendaria izan da. 20 urtetik gorako esperientzia du lehiakortasunaren eta lurralde-garapenaren arloko ikerketan. Karrera akademikoa Erresuma Batuan hasi zuen, bertan eskuratu zuen Ekonomiako gradua, Warwickeko Unibertsitatean. Ekonomia masterra du Lurmutur Hiriko Unibertsitatean, eta Birminghameko Unibertsitateko doktorea da.
Bere ikerketa politika publikoen eta lurralde-estrategien, gobernantzaren eta klusterren azterketan oinarritzen da, eta gai horiei buruz luze eta zabal argitaratu du eragin handiko aldizkari akademikoetan. Europako hainbat proiektutan parte hartu du. Gainera, ikertzaile eta aholkulari gisa parte hartu ohi du Europako Batzordearen edo ELGAren lanetan.
Wilsonek euskal testuingurua ondo ezagutzen du, hainbat proiektu zuzendu baititu lurraldeko erakundeentzat. Ildo horretatik, urtero koordinatzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko Txostena.
Orkestrako zuzendari nagusi berriak ilusioz hartu du ardura hori: "Niretzat ohore bat da Orkestra gidatzeko aukera izatea, eta zorioneko sentitzen naiz bide hau hain talde anitz, trebatu eta konprometituarekin hasteagatik. Etapa berri bati ekin diogu, baina gure misioak argia izaten jarraitzen du: jakintza zorrotza eta ekintzara bideratua sortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunean eta ongizatean eragin positiboa duena, eta, aldi berean, nazioartean aitorpena eta eragina duena".
Egungo zuzendaritza-taldea indartzea
Horrez gain, Orkestrako zuzendaritza indartu egingo da, Institutua sakon ezagutzen duten zenbait profil senior gehituz:
- Ibon Gil de San Vicentek lurraldean eragina sortzera bideratutako ikerketa-proiektuen estrategia koordinatzeko ardura izango du.
- Susana Franco Ikerketa Zuzendaritzaz arduratuko da, eta Institutuaren jakintza-lerroen bilakaera eta ikerketa-metodologia eraldatzaileen sendotzea koordinatuko ditu.
- Mercedes Oleagak Antolakuntzako Zuzendaritzako ardura hartuko du, eta antolaketa-eredu arina eta lankidetzan eta pertsonengan oinarritutakoa bultzatzea izango du erronka.
Rolak berrantolatuta, Institutuaren estrategiari jarraipena eman eta hura indartu nahi da, testuinguru globalaren erronkekin bat datozen ikerketa-ildo berrietarantz aurrera egiten jarraitzeko.
Administrazio Kontseiluak eskerrak eman dizkio Mari Jose Arangureni Orkestraren zuzendaritzan egindako lan bikainagatik, eta onena opa dio Deustuko Unibertsitateko ardura berrian, unibertsitateko Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreorde kargua hartuko baitu datorren uztailaren 8an.