Ikerketa erakunde askok helburu bera dute: gizarte eragina izatea. Baina beti ez da erraza izaten gizarte eragina zer den, ikerketa prozesuan nola integratzen den eta nola ebalua daitekeen ulertzen lagunduko duten definizioak eta esparruak aurkitzea. Post honetan, Orkestran egin dugun hausnarketa prozesu baten ikaskuntzak azaldu nahi ditugu, antzeko erronkei aurre egiten ari diren beste pertsona eta erakunde batzuentzat lagungarri izan daitezkeelakoan. Helburu horri hobeto erantzun ahal izateko, post honetan gizarte eraginaz hitz egingo dugu. Hain zuzen ere, kontzeptu horrek ahalbidetzen digu ongien gure hausnarketak beste ikerketa institutu eta unibertsitate batzuek egindakoekin lotzea. Hala ere, garrantzitsua iruditzen zaigu aipatzea, Orkestrari dagokionez, beste kontzeptu batek, lurralde eraginak, hobeto jasotzen duela gure lana, ekonomia, gizarte, politika eta ingurumen arloko eraginak biltzen baititu.

Zer da gizarte eragina?

Mundu akademikoan asko hitz egiten da eragin edo inpaktu akademikoaz, alegia, eragin handiko aldizkarietan jakintza berriak argitaratzeaz, bide horretatik eta epe luzera, gizartea alda dadin. Adierazle oso argiak ditugu aldizkari horietan zenbat argitaratzen dugun neurtzeko, baina ia ezinezkoa da aldizkari horiek gizartean eragiten duten aldaketa neurtzea. Eragina ulertzeko modu bat da hori: ikertzaileek, lehenengo, jakintza sortzen dute eta produktu bihurtzen dute (txosten, aurkezpen, artikulu...), eta, ondoren, ikertzaileek gizartearekin elkarreraginean jarduten dute, gizarte eragina izateko. 

Beste ikerketa prozesu batzuek, ordea, ez dute eragin akademikoa gizarte eragina lortzeko lehentasunezko bidetzat hartzen; aitzitik, gizarte eragina sortu nahi dute, jakintza sortzeko prozesuan bertan. Gizarte eragina sortzeko bigarren bide horretan, eragina sortzeko eredu klasikoan ez bezala, gizarte eragina ez da lortzen sortutako jakintza berria jasotzen duten argitalpenen bidez, baizik eta argitalpen horiek egin aurretik sortzen da, lurraldeko eragileekin elkarlanean jakintza sortzeko prozesuan, beren politiken esparruan. Gizarte eragin hori kuantitatiboki neurtzea ere zaila da, baina aldizkariek sortzen duten eragina deskribatzea baino askoz ere errazagoa da; izan ere, ikertzaileek zuzenean parte hartzen dugu eraginean eta, horrenbestez, gure ahotsek, eta gurekin batera aritzen diren eragileenek, eraginaren kontakizuna egin dezakete. Ildo horretatik, metodologia, narratiba, ebaluazio parte hartzaile eta beste ikuspegi kualitatibo batzuk aztertzen ari gara, ikerketa prozesuan lurralde eragileentzat sortu dugun balioa modu sistematikoagoan neurtzeko. 

Teorian, eragin akademikoa eta gizarte eragina bateragarriak ez ezik, elkarren mendekoak ere badira, eta komeni da biak modu eraikitzailean uztartzea. Praktikan, ordea, erlazio hori konplexua da eta ez da erraza eraikitzailea izatea. Orkestran bi ikuspegi horiek elkar aberastea lortu nahi dugu. Post honetan, bide horretan atera ditugun gogoeta eta ikaskuntza batzuk partekatu nahi ditugu.

Eraginaren linealtasunari buruzko hausnarketa kritikoa

Gizarte eragina sortzeko balio katearen linealtasunaz hitz egiten dugunean, esan nahi dugu akademiak jakintza sortu eta argitaratu egiten duela eta, argitaratu ondoren, lurraldeko beste eragile batzuengana irits daitekeela, haiek aplika edo ezar dezaten. Eragileek jakintza aplikatu eta errealitatea eraldatzen dutenean, ikerketak gizarte eragina duela esaten dugu.

Ikerketaren linealtasun hori zalantzan jarri dute Institutuan ikertu ditugun hainbat kontzeptuk, tartean, zientzia herritarrak, ikerketa-ekintzak, elkarlaneko gobernantza modu batzuek eta ikerketa eta berrikuntza arduratsuak (ingelesez, Responsible Research and Innovation, RRI). Kontzeptu hori batez ere Europan sustatu da, bereziki Horizon 2020 programaren barruan.

Hurbilketa horiek guztiek ideia nagusi berbera dute oinarri: ikerketa, berrikuntza eta erabakiak hartzeko prozesuak gizartearen parte hartze aktibo eta nahitakora zabaltzea, emaitza akademikoak gizartearen balio, behar eta igurikimenekin lerrokatzeko. Gure ikerketa prozesu gehienak politiken arduradunekin batera egiten ditugu, Eusko Jaurlaritzakoekin, foru aldundietakoekin, udaletakoekin eta haien agentzietakoekin edo enpresen lehiakortasunarekin lotutako erakundeetako ordezkariekin. Maiztasun txikiagoarekin bada ere, beste kolektibo batzuei ere ireki dizkiegu ikerketa prozesuak, esate baterako, gazteei edo bazterketa arriskuan dauden pertsonei. Eragile horiek jakintza sortzeko prozesuetan parte hartu dute, eta, modu naturalean, jakintza elkarlanean sortzen zuten bitartean, beren jardunean integratzen joan dira, adibidez, gobernantza ereduak eraldatuz edo politika berriak definituz. Hau da, eragina bi noranzkokoa da (ikerketak eragileen jardunbideetan eragina du eta, aldi berean, eragileen jardunbideek ikerketan eragiten dute). Kasu horretan, gizarte eragina ikertzaileen eta lurraldeko eragileen arteko elkarrizketan eta elkarreraginean sortu da, eta ez prozesua amaitu ondoren egiten diren argitalpenen bidez. Aurrerago, sortutako ikaskuntza argitaratzen bada, beste prozesu bat irekiko da eta prozesu horrek eragina izan dezake beste pertsona eta komunitate batzuetan.

Horren guztiaren ondorioz, ikerketa ulertzeko modu berri horien inguruan zabaldu den eztabaidetako bat gizarte eraginarena da. Nolako eragina izan behar du ikerketak gizartean? Nolako eragina du gaur egun? Nola sortzen da eragin hori? Nola neurtu edo komunikatu dezakegu?

Galdera horien erantzun batzuk, beste erakunde batzuen esperientziatik hartuak

Aurreko galderen erantzunetako batzuk jasotzen dira literaturan. Erakunde batzuk ere saiatu dira erantzunak ematen. Lehen-lehenik, dagoeneko egiten ari denetik ikasten ahalegindu gara. Bide hori Orkestrako komunikazio taldeak egin du, ikerketan diharduten beste erakunde batzuek gaia(1) nola lantzen ari diren bilatuz. Bilaketa horren ikaskuntzetako batek zerikusia du sarreran aipatu ditugun bi eragin motak kontzeptualizatzeko moduarekin:

  1. Eragin akademikoa edo zientifikoa, beste ikertzaileen pentsamenduan eragiten duena, argitalpenen, sareen, hitzaldien eta abarren bidez.
  2. Gizarte eragina, hurbilketa horien arabera, eragin zientifikoa komunitate zientifikoa baino harago doanean eta gizartean aldaketak eragiten dituenean gertatzen dena.

Garrantzitsua da adieraztea iturri horiek planteatzen dutela eragin akademikoa eta gizarte eragina elkarri lotuta daudela eta ez dutela elkar baztertzen, kontrakoa baizik.

Oro har, onartuta dago bi eragin motak elkarri eragiten diotela dioen ideia hori. Hala ere, elkarreragin hori ulertzeko hainbat modu daude. Adibidez, 1. irudian adierazten da gizarte eragina gertatzen dela eragin zientifikoa mundu akademikotik gizartera igarotzen denean bakarrik. Horrek ikuspegi lineala adierazten du: lehenengo, eragin akademikoa sortzen da eta, ondoren, zabaltzen denean, gizarte eragina. Lehenengo eragin akademikoa eta gero gizarte eragina gertatzen direla proposatzen duten esparru horiek oso zabalduta daude, eta, gure ustez, gogoetarako tresna baliagarria izan daitezke. 

1. irudia. Eraginaren aurkezpen linealaren adibide bat

inpakto

Iturria: Geuk egina.

Abiapuntu horrek, eragina sortzeko eredu linealetan oinarritzen denak, lehiakortasunari eta ongizateari buruzko ikerketen hurbilketa esanguratsuak har ditzake barne. Adibidez, ikerketa talde batek, datuen analisiaren bidez, jakintza berria sortu, argitaratu eta lurraldeko eragileen eskura jartzen duenean. Dokumentu horiek irakurrita edo hitzaldi, mintegi eta abarren gidez, eragile horiek egoera bat hobeto ulertzera irits daitezke, edo aurrez aurre dituzten arazoen konponbideak bilatzeko inspirazioa aurki dezakete. Eragile horien analisi, hausnarketa eta erabakiak hartzeko prozesuak hobetzea, ondoren ekintzara iristeko, gizartean eragina izatea da. 

Hala ere, gure iritziz, esparru horiek hausnarketarako abiapuntu egokia badira ere, baina ez dituzte Institutuaren ikertzeko modu guztiak barne hartzen. Horregatik, outputen interpretazio zabalagoa egiten dugu, eta prozesuak ere hartzen ditugu barne. Bestela esanda, esperimentatu ditugun ikerketa prozesu askotan, gizarte eragina ez da modu linealean sortu, arestian deskribatu ditugun kontzeptuak jakintza bilduko duen outputa lortu baino askoz ere lehenago azal daitezkeelako –eta azaltzen direlako–. Hurrengo lerroetan deskribatuko ditugun kontzeptuek, ordea, gizarte eragina sortzeko ereduen inguruan hausnarketa egiten laguntzen digute Institutuan:

Ikerketa institutuek ere erantzun propioak eraikitzeko beharra

Gure ustez, arestian aipatu ditugun galderen erantzunetako batzuk, neurri batean, testuinguruari lotuta daude. Horregatik, gizartean eragina izan nahi duten gainerako ikerketa institutuek bezala, Orkestrak ere erantzun horiek eraiki beharko ditu, bere misioarekin eta Institutuan ikerketari buruz ditugun askotariko hurbilketekin bat etor daitezen. Atal honetan dimentsio horietako bati helduko diogu.

Dagoeneko adierazi dugu 1. irudian jasotako eskema ez datorrela bat gure Institutuaren ikertzeko moduekin, orain arte eragina sortzeko aurkitu ditugun esparruak ikerketaren ikuspegi klasikoetan oinarritzen baitira. Gure ikerketa prozesuetako askotan, ordea, lurraldeko eragileak (policy-makerrak) ez dira jakintzaren hartzaile hutsak, jakintza sortzen parte hartzen dute. 

Ikuspegi pluralista batek, askotariko metodologiak kontuan hartzen dituenak, eraginarekiko hurbilketa irekia eskatzen du. Post honetan planteatzen dugun bezala, lehen urratsa izango da gizarte eraginera iristeko prozesuan aurreko irudiko lau elementuak kontuan hartzea, nolako harremana edo elkarreragina duten aurretik zehaztu gabe. Hala, proiektu bakoitzean aukera emango da harreman horren inguruan pentsatzeko eta bertan parte hartzen duten ikertzaileek eta lurraldeko eragileek nola ulertzen duten azaltzeko. 

Beraz, ikuspegi klasiko eta lineala duen proiektu batean, hauxe izango litzateke hurbilketa:

2. irudia. Eragina sortzea, ikuspegi klasiko eta lineal batetik

 

Generacióndecontenido

Iturria: Geuk egina.

Era berean, ikerketa-ekintza eta antzeko beste hurbilketa batzuk dituzten proiektuek beren printzipio metodologikoekin bat datozen erlazioak planteatu ahal izango lituzkete, adibidean ikus daitekeen bezala:

3. irudia. Gizarte eraginarentzako esparrua jakintza elkarlanean sortzean oinarritzen diren prozesuetan

 

Marcoimpacto

Iturria: Geuk egina.

Aurreko gogoetek irekitzen duten bide horretan, gizarte eraginari emango diogun definizioak gure ikerketa eta, ikerketaren bidez, gizartearekin eraikitzen dugun erlazioa ulertzeko modu berritzaileak aztertzea ekar diezaguke. Horregatik, hori guztia epe luzera landu nahi dugu, erakundeko pertsona guztien eta entitate laguntzaileen parte hartzearekin.

 


miren larrea

Miren Larrea

Miren Larrea Orkestrako ikertzaile seniorra da. Ikerketako laguntzaile gisa hasi zen Deustuko Unibertsitatean. Bertan egin zuen doktorego tesia, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko ekoizpen sistemei buruz.

Perfil osoa ikusi


ainhoa arrona

Ainhoa Arrona

Ainhoa Arrona Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea da. Gizarte Zientzietan doktorea da, Deustuko Unibertsitatean, eta Giza Zientzietan eta Enpresan lizentziaduna, unibertsitate berean. Gainera, Iraunkortasun eta Gizarte Erantzukizun Korporatiboko Masterra du (UJI-UNED).

Perfil osoa ikusi


miren estensoro

Miren Estensoro

Miren Estensoro Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea seniorra da eta Deusto Business Schooleko irakaslea. Ekonomian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere aztergai nagusiak tokiko garapen ekonomikoa, lurraldeko gobernantza eta lehiakortasunerako politiken maila askotako artikulazioa dira. Ikerketarako bere gerturapen nagusia ikerketa ekintza da.

Perfil osoa ikusi


ainhoa arrona

Megan Briggs

Meganek Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuan egiten du lan, Zuzendaritzako idazkari gisa. Idazkaritza orokorreko eta administrazioko lanak egiteaz gain, bere eginkizunak dira ikerketari laguntzea, ingelesezko itzulpenak egitea, Institutuaren emaitza zientifikoen adierazleak biltzea, eta txostenak egitea, hala nola proiektuak justifikatzea eta urteko memoriak prestatzea. Turismoko diplomaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta, gaur egun, Jasangarritasunari eta Gizarte Erantzukizunaren Kudeaketari buruzko masterra egiten ari da Universitat Oberta de Catalunya-n

Perfil osoa ikusi


ainhoa arrona

Nagore Valle

Orkestrako Komunikazio arloan lan egiten du eta Institutuaren komunikazio ekintzak koordinatzeaz arduratzen da. Nagorek Kazetaritzako lizentziatura ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Marketin Digitaleko, Komunikazioko eta Gizarte Sareetako Masterra egin zuen Madrilgo Camilo José Cela Unibertsitatean eta Zientziaren Komunikazioari buruzko Unibertsitate Aditu titulua eskuratu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Perfil osoa ikusi


ainhoa arrona

Elsa Patús

Elsa Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, kontabilitatean eta finantzetan espezializatua. Orkestraren proiektuen komunikazio-arduraduna da, eta, bere komunikazio-kidearekin koordinatuta, webgunearen online edukiaz, ekitaldien antolaketaz eta Institutuaren komunikazioaren koordinazioaz arduratzen da.

Perfil osoa ikusi