2025ko ekainaren 30a
Elkarlaneko gobernantzako gune berri hau Bilbao Ekintzak bultzatu du, Orkestraren laguntzarekin
Zerbitzu aurreratuen lehiakortasuna indartzea du helburu, Bilboko ekonomiarentzat esparru estrategikoa baita.
Bilboko Udalak "Bilbao Zerbitzu Aurreratuak" foroa aurkeztu zuen joan den ostiralean, Orkestrarekin batera sustatutako elkarlaneko gobernantzako gune berria, hiriko apustu estrategikoetako bati aurre egiteko: zerbitzu aurreratuak.
Foroaren aurkezpen ekitaldian, Juan Mari Aburto alkatea buru zela, azken hilabeteetan zerbitzu aurreratuen lehiakortasuna indartzeko funtsezko lau gunetan lan egin duten 50 eragile publiko eta pribaturen ordezkariak bildu ziren:
- Industriaren eta zerbitzu aurreratuen arteko lotura: gune honen helburua Bilboko zerbitzu aurreratuen eta Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren arteko lotura sustatzea da.
- Bilbo Hiri Laborategia: hiriko ingurune kontrolatu eta seguruetan zerbitzu aurreratuen arloko enpresen eta ekosistemako eragileen proiektuak probatzeko aukera emango du, merkaturatu nahi den horrek benetan funtzionatzen duen baliozkotzeko eta ezagutzeko horrela lehiakortasuna eta berrikuntza hobetzen lagunduz.
- Enplegua eta zerbitzu aurreratuak: espazio honek zerbitzu aurreratuen eremuan 2025-2027 aldirako enplegu estrategia bat elkarrekin definitzea bilatzen du, enplegagarritasuna handitzeko eta zerbitzu aurreratuetan enpresa berriak eta autoenplegua sortzeko.
- Zorrotzaurreko Berrikuntzako Hiri Barrutia: helburua da ekosistema bat sortzea Zorrotzaurren kokatutako eragile ekonomikoekin eta jakintzako eragileekin, uhartea zerbitzu aurreratuen eremuan kokatzea ahalbidetuko duten lankidetza proiektuak garatzeko, eragileen arteko harremanak eta interkonexioak erraztuz.
Lau lan eremuek helburu komun bat partekatzen dute: Bilboko ekonomiarentzat estrategikoa den esparru baten lehiakortasuna indartzea, espezializazio handikoa eta enplegu kualifikatua eskatzen duena. Eustaten azken datuen arabera, 2024an Bilbok Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzu aurreratuetako enplegu guztiaren % 28 biltzen zuen, 10.100 enplegu baino gehiago zerbitzu aurreratu profesionaletan (adibidez, aholkularitza, kontabilitatea, enpresa zuzendaritza, etab.) eta 11.200 enplegu zerbitzu aurreratu teknologikoetan (informatika, ingeniaritza edo I+G, esaterako). Kopuru horiek azpimarratzen dute eremu horrek garrantzi handia duela hazkunde ekonomikoaren motor eta hiriarentzako eraldaketa palanka gisa.
Elkarlaneko gobernantza, lehiakortasunerako hiri politikaren ardatz egituratzailea
Foroa Bilbao Next Lab hiri lehiakortasuneko politiken laborategiaren azken mugarria da. Proiektua 2013an hasi zuten Udalak eta Orkestrak, eta hamarkada honetan zehar, Bilbao Next Labek hirian lehiakortasun politikak diseinatzeko eta ezartzeko modua eraldatzen lagundu du, ikerketa-ekintzaren bidez, erabaki publikoak eztabaidatuz, eragile anitzekin eta adostasunean oinarrituta hartzea ahalbidetzen duten espazioak eta prozesuak eraikiz.
Hiriek trantsizio handietatik (energia- eta ingurumen-trantsizioa, trantsizio demografiko-soziala eta digital-teknologikoa) eratorritako erronkei aurre egin behar diete, eta gobernantza eredu berriak behar dituzte, hiriko eta lurraldeko eragileekin elkarrizketa prozesuak sustatuko dituztenak eta erronka konplexuen konponbideak elkarrekin eraikitzea bultzatuko dutenak.
2023az geroztik, Orkestrak lankidetzan dihardu Bilbao Ekintzarekin, zerbitzu aurreratuetan elkarlaneko gobernantza eredua diseinatzen. Ikerketa-ekintzaren bidez, dinamika kolektiboak errazten dira, jakintza eragingarria sortzeko, Udaleko teknikarien eta politikarien gaitasunak indartzeko. Ikuspegi horrek hainbat gairi aurre egiteko aukera ematen du, hala nola talentua erakartzea eta garatzea, lankidetza sareak artikulatzea edo industria-sarearekin konektatzea, eta, aldi berean, Bilbo nazioarteko erreferente gisa kokatzen du lankidetzan eta jakintza partekatuan oinarritutako hiri lehiakortasuneko politiketan.
"Bilbao Zerbitzu Aurreratuak" foroaren aurkezpenarekin, sendotu egin da 2013an hasitako ibilbidearen hirugarren etapa. Hala, elkarlaneko gobernantza Bilboko hiri lehiakortasunaren politikaren ardatz bihurtu da, Miren Estensorok eta Claudia Icaranek bideo honetan azaldu digutenez.